Eibarko Udala

Eibarko udalerriaren Soinu-Ingurunea Hobetzeko Ekintza-Plana (SIHEP)(2026-2031)

Udalak egindako eta 2022an onartutako Zarataren Mapa Estrategikoaren emaitzetan oinarrituta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako jarraibideak kontuan hartuta, Eibarko Udala Soinu-Ingurunea Hobetzeko Ekintza Plana (SIHEP) egiten ari da 2026-2031 urteetarako.

213/2012 dekretuaren arabera Ekintza Plan bat administrazio batek bere eskumenen esparruan hots-kutsadura orokorki kudeatzeko hartzen duen estrategia eta ekintza zuzentzaile, aurre-hartzaile eta zaintzaileen multzoa da.

Ekintza-planak egiteko prozesuan, herritarrek parte-hartzeko prozedura bermatu beharko da, informazioa eskuratzeko, jendearen partaidetzarako eta justizia eskuratzeko eskubideak erregulatzen dituen ingurumen arloko araudiaren arabera. Prozedura horren bidez, oharrak egin eta gaiari buruzko beren iritzia emateko aukera izango dute.

2024an, Udalak inkesta bat egin zuen online, Eibarko soinu-kalitateari buruz herritarrek duten iritzia jakiteko. Galdetegi hari esker, zarataren inguruan dauden kezka nagusienak zein ziren identifikatu ahal izan zen. Kontsulta hartan lortutako emaitzak aintzat hartuta, eta azterketa teknikoaren fase bat igaro ondoren, Ingurumen Arloak hasierako dokumentu bat du, lehentasunezko jarduketak eta neurriak jasotzen dituena. Orain helburua da plana herritarren ikuspegiarekin partekatzea eta aberastea, hura onartu aurretik.

·         On-line inkestaren emaitzak

·         Hasierako dokumentua


Aurrez aurre parte hartzeko saioa

Lan hori errazteko, parte-hartze saio bat antolatu da, herritar guztiei, elkarteei eta tokiko eragileei irekia. Topaketan, Planaren funtsezko puntuak aurkeztu eta bertaratutakoen ekarpenak jasoko dira.

  • Eguna: 2026ko otsailak 10
  • Ordua: 18:30etatik 20:00etara
  • Lekua: Portalea (Ikastaro gela – 3101)