Eibarko Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza-Plana 2022-2030
Eibarko Udalak Eibarko Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana 2022-2030 (KEJEP) dokumentua onartu zuen 2023ko urtarrilaren 30eko osoko bilkuran. Plan horretan, hainbat neurri eta jarduera-ildo ezartzen dira berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta, hartara, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko.
Plan hau Eibarko Udalak, 2020ko martxoan, ‘Klima eta Energiarako Alkateen Itunari’ atxiki izanaren ondorioa da. Ituna Europako Batzordearen ekimena da, eta 57 herrialdetako 7.000 toki-erakunde baino gehiago biltzen ditu, Europar Batasunak klimaren eta energiaren arloan dituen helburuak borondatez ezartzeko konpromisoa hartzen dutenak.
Onartutako planak bere gain hartzen ditu udalerriko berotegi-efektuko gasen emisioen oinarrizko inbentarioa eta efektu horiek arintzeko diagnostikoa, arriskuen eta kalteberatasun klimatikoen ebaluazioa eta, 9 ildo estrategikotan banatuta, 111 arintze- eta egokitze-neurri dakartzan plana.
Hauek dira planaren ildo estrategikoak:
- Energia-aurrezkia eta energia-eraginkortasuna bultzea.
- Tokiko energiaren eta energia berriztagarriaren sorrera sustatzea.
- Garraio publikoaren eta motorrik gabeko baliabideen erabileran oinarritutako mugikortasun jasangarria bultzatzea.
- Hondakinen sorrera minimizatzea eta hondakinen berrerabilpena eta birziklapena areagotzea.
- Ingurune naturala babestea eta ekosistemen zerbitzuak sustatzea.
- Agertoki klimatikoetara egokitutako hiri-plangintza eta hiri-diseinua sustatzea
- Klima-aldaketak pertsonen osasunean duen eragina murriztea.
- Udalerriko sektore ekonomikoei laguntzea klima-aldaketara egokitzen
- Eibarko klima-erronkei erantzuna emango dien gobernantza-eredu bat antolatzea
Neurri horien bidez, Udalak, 2030erako, Alkateek Klimaren eta Energiaren alde sinatutako Itunari atxikitzeko hartutako konpromisoak bete nahi ditu: Eibarren berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak % 55 murriztea; lurraldeak klima-aldaketarekiko duen erresilientzia ziurtatzea; eta ikuspegi bateratu bat izatea klima-aldaketara egokitzeko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko behar den bultzada emateko.
Era berean, Plan honen bidez, Udalak aurrea hartu nahi dio EAEko Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko etorkizuneko Legearen espirituari, bai eta energia-kontsumoa % 35ean murriztu eta Udalak energia berriztagarrietan % 32 sortzeko duen ahalmena handitu ere, EAEko Energia Iraunkortasunari buruzko 4/2019 Legearen eskakizunak betez.
Plana “Euskadiko klimari eta energiari buruzko tokiko planak egiteko gida”-ren arabera egin da, IHOBEk eta EEEk batera sustatutako gida, eta bat dator guztiz 2030 Agendarekin, garapen iraunkorreko hainbat helburu lortzen lagunduz.
Bestalde, dokumentua egiteko, Eibarko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren dirulaguntza jaso du, Sail horrek garapen jasangarria sustatzeko ekintzak egiten dituzten toki-erakundeei laguntzak emateko duen lan ildoaren esparru barruan.
Dokumentuak:
Eibarko egoera klimatikoa ezagutzeko parte-hartze prozesua
2021. urtean hasi zen Plana egiteko prozesua. Horretarako, talde eragile bat sortu zen, Udaleko hainbat alorretako teknikariek eta udalez gaindiko beste erakunde batzuetako teknikariek (Debegesa, Debemen, Mankomunitatea) osatutakoa. Barne-koordinazioko saioak egin dira talde eragile horrekin, bai eta banakako saioak ere, asmo horretan inplikatuta dauden sailen ekarpenak biltzeko.
Aldi berean, herritarrek parte hartzeko prozesu bat egin da, eta prozesu horren emaitzak kontuan hartu dira Planeko neurrien proposamenak egitean eta lehentasunak ematean. Zehazki, 2021eko urtarrilean, 98 pertsonak hartu zuten parte inkesta batean; 2021eko ekainean, herritarrek parte hartzeko lehen jardunaldia egin zen modu telematikoan, eta 11 pertsonak hartu zuten parte; eta 2022ko irailean, bigarren saioa egin zen, formatu presentzialean, non 9 pertsonak hartu zuten parte.