Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Ondare Naturala

2017 eta 2018. urteetan zehar, Ingurumen Saila lanean aritu da udalerriko Ingurumen Naturalaren Inbentario baten sorreran. Ekimen hau Eskola Agenda 21eko proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleek proposatu zuten. Inbentarioak ahalbidetzen digu jakitea zer daukagun gure ingurune gertuan eta zeintzuk diren horren sendotasun eta ahultasun nagusienak, non eta nola jardun behar den jakin ahal izateko.

Eibarko Udalak jadanik bazeukan ingurumen inbentario bat, Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren barruan Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluaziorako egin zena. Inbentario hori 2003. urtekoa zenez, 2017 eta 2018 urteen bitartean udalerriaren ondare eta biodibertsitate naturalaren inbentario oso bat egin da, aurreko lanean jorratutako hainbat atalen zehaztasun-maila eguneratzen eta zabaltzen duena.

Horrela, lanaren garapena bi fasetan banatu da. I. fasean ezaugarri orokorrak landu ziren (klima, orografia, geologia eta geomorfologia, hidrologia, edafologia eta lurzoruaren ahalmen agrologikoa), eta landa lan esfortzu gehien eskatzen zuten elementuak aztertu ziren (landaredia zein flora, eta fauna). II. fasean modelizazio esfortzu handieneko elementuak jorratu ziren, eta emaitzen zein ondorioen analisi bat egin eta udalerri guztian aplikagarriak diren gomendio orokor batzuk jaso ziren.

 Aurkeztutako datuen artean, aipagarria da Eibarren identifikatutako 300dik gora landare-espezieen artean batzuk mehatxatuta daudela, Huperzia selago eta Lycopodium clavatum iratzeak kasu. Era berean, inbentarioak agerian jartzen du Eibarko lurretan animalia espezie asko bizi direla, horien artean, mehatxatutako zenbait espezie (Kaprikornio handia kakalardoa, arrabioa, schreiber muskerra, miru gorria, lepahoria, baratze-saguzarra, etab.)

Ikusi hemen Eibarko ondare naturalaren inbentario osoa eta dibulgaziorako laburpena.