Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Airearen kalitatea

Hainbat jarduerak, batez ere garraio motordunak eta, neurri txikiagoan, industriak, substantzia kutsakorrak isurtzen dituzte atmosferara. Lurralde bateko airearen kalitatea hainbat faktorek erabakitzen dute, hala nola emisio-iturrien banaketa geografikoak, isuritako gai kutsakorren kopuruak, atmosferan gertatzen diren prozesu fisiko-kimikoek, klimatologiak eta orografiak, guztiek ere nabarmenki baldintzatzen dituztelako aireko agenteen banaketa eta garraio-prozesuak.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Euskadiko kutsadura-mailak kontrolatu eta zaindu egiten ditu Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen bitartez, izan ere, autonomia-erkidegoek beren lurraldeko airearen kalitatea ebaluatzeko betebeharra dute.

Sareak airearen kalitateari buruzko araudiak ezartzen dituen kutsatzaileak aztertzeko eta neurtzeko sentsoreak ditu; batik bat, sufre dioxidoa (SO2), nitrogeno oxidoak (NO eta NO2), ozono troposferikoa, karbono monoxidoa (CO), bentzenoa eta partikula esekiak (PM10 eta PM2.5). Horretaz gain, hainbat parametro meteorologiko ere neurtzen ditu: haizearen abiadura eta norabidea, tenperatura, hezetasun erlatiboa, presioa, erradiazioa eta prezipitazioa.

Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea euskal lurralde osoan banatutako estazioek osatzen dute; gaur egun 53 daude, eta horietatik 14 jarduera industrialekin lotuta daude. Estazio horietan hondoko kutsadura aztertzen dute baldintza naturaletan, baita hiriguneetako eta industriaguneetako airearen kalitatea ere. Oro har, kokatuta dauden eremuaren arabera sailkatzen dira: landagunean, hirian edo hiri inguruan; baita jasotzen duten kutsaduraren jatorriaren arabera ere: zirkulazioa, industria edo hondokoa (hainbat iturriren nahasketa denean). Estazio finkoez gain, sareak ekipamendu mugikorrak ditu, lurraldeko hainbat puntutan kanpainak egin ahal izateko.

Udalerriak gaur egun ez dauka airearen kalitatea kontrolatzeko estaziorik, gertuena Durangokoa da. Alabaina, 2016 eta 2017an Eusko Jaurlaritzako estazio mugikor batek Untzaga plazan eta Urkizuko parkean egindako azterketen arabera, gailentzen den aire kalitatea ona da.

Aurretik ere garatu izan dira Eibarren antzeko ikerketak. 2010eko martxoa eta apirila bitartean airearen kalitatearen inguruko datuak jaso ziren Txaltxa Zelain kokatu zen unitate mugikor batean.  Orduan, ikerketaren emaitzak parametro onargarrien artean kokatu ziren ere.

Ikusi hemen Eusko Jaurlaritzak 2016an eta 2017an Eibarren egindako azterketak.

Gainera, hemen Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak ematen dituen datuak formatu berrerabilgarritan eta eguneratuta dauzkazu. Beste urteetako datuak ere eskuragarri dituzu datu-katalogoan.