Eibarko Udala

Eibarko Hiri-Mugikortasun Jasangarriaren Plan berria (HMJP)

Eibarko Udaleko Ingurumen Saila hasita dago Eibarko Hiri-Mugikortasun Jasangarriaren Plan berria idazten (HMJP)

Zer da Hiri-Mugikortasun Jasangarriaren Plana?

Tresna estrategiko bat da, etorkizuneko udalerriaren mugikortasun motak planifikatzeko. Horrez gain, baliagarria izango da gure hirian energiari, ingurumenari, ekonomiari, gizarteari eta irisgarritasunari lotutako alderdiak hobetzeko ere.

Eibarko herriaren bereizgarri den hiri-bilbe trinkoa dela-eta, ezinbestekoa da etorkizunerako eredu eraginkor eta jasangarri baten alde lan egitea, zeinak baliabideak optimizatuko dituen eta  udalerriaren bizigarritasuna erraztuko duen oinezkoentzat. Horrela,  emisio kutsatzaileak eta zaratak murriztuko dira hiri-ingurunean eta baita motorizatu gabeko bitartekoak eta garraio publikoaren erabilera indartu ere.

Planak udalerriaren errealitateari buruzko hainbat azterlan tekniko egitea hartzen du barne, helburua izanik, horien bidez, herriko arazo nagusiak antzeman, mugikortasunaren arloan bizi-kalitatea hobetzeko aldaketak ezartzeko irtenbideak planteatu, joerak aldatu eta herritarrak kontzientziatzea.

Azken finean, Hiri-Mugikortasun Jasangarriaren Plana  da datozen urteetarako Eibarko mugikortasun jasangarriko politikak gidatuko dituen iparrorratza, eta, horrela, hiri-eredu osasungarriagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa bultzatuko du, bizi-kalitatea hobetze aldera.

Lankidetzan eta partaidetzan oinarritutako tresna izango da plana, adostasun politiko, tekniko eta sozialetik abiatuko dena, eta, paradigma aldatuz, etorkizunean jasangarritasunari, lehiakortasunari eta berrikuntzari begira aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko duena.

Jatorria:

Klima-aldaketaren egokitzapenaren eta arintzearen ikuspuntutik, beharrezkoa da dagoen Mugikortasun Plana eguneratzea; izan ere, indarrean dagoen HMJPa 2015ean idatzi zen, eta ordutik hona aldatu egin dira bai udalerriaren mugikortasuna, bai aplikatu beharreko araudia. Horrek guztiak behartzen du planaren helburuak berriz ere definitu eta formulatzera, klima-neutraltasunerako estrategia berriekin lehenbailehen bateratzeko. Era berean, plan hau eguneratzeko neurria jasota dago 2023ko urtarrilaren 30ean Udalak onartutako Eibarko Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planean (2022-2030), zeinak ildo estrategikotzat jasotzen duen mugikortasun jasangarria bultzatzea, garraio publikoa eta motorrik gabeko mugikortasun-moduak erabiltzean oinarritutakoa.

Prozesuaren faseak

  1. FASEA: Datuak jasotzea eta egungo egoera aztertzea
  2. fasea: Diagnosia:
  3. fasea. Helburu zehatzak eta eszenatokiak definitzea
  4. fasea: Proposamenak eta ekintza-plana egitea
  5. fasea: Jarraipen-plana eta ebaluazioa

Parte-hartzaileak:

  • Maila politikoan: Udal-taldeak
  • (Maila teknikoan: Udal sailak (zuzendaritza-taldeak eta talde teknikoak)
  • Maila profesional-sektorialean: Eibarko sektore eta organismoetako ordezkariak edo kideak.
  • Mailan sozialean: Herritarrak eta interesa duten taldeak

Parte hartzeko moduak eta harremana

Ikuspegi teknikoaz gain, herritarren ideiak, kezkak eta ekarpenak gehitu nahi zaizkio planari, hainbat parte-hartze aukera edo kanal eskainiz.  

  • Formulario teknikoa, azaroan 2.000 etxetara bidali zena, herritarren ohituren berri izan ondoren, eibartarren mugikortasun-ohituren mapa bat sortzeko.   
  • Galdeketa digitala, LINK honetan eskuragarri dagoena. Paperezko euskarrian ere bidaliko da etxeetara. Galdeketa eraikin hauetan egongo diren kutxetan utzi ahal izango da, urtarrilaren 26ra arte.
    • PEGORA, Herritarren Zerbitzurako Bulegoa.
    • Portalea Kultur Etxea.
    • Juan San Martin Udal Liburutegia.
    • Ipurua, Unbe eta Orbea kiroldegiak.
    • Jubilatu-etxeetan.
    • Andretxea Eibar.
    • Indianokua gaztelekua.
  • Herritarren parte-hartze tailerrak
  1.  Diagnosi-tailerra

Aurrez aurreko saio irekia. Otsailaren 11n, 18:30ean, Errebal Plazan (A gelan)   egingo da. Tailer horretan, Eibarrek dituen mugikortasun-arazoak mahaigaineratu ahal izango dira. Umezaintza-zerbitzua egongo da (4-10 urte bitarteko umeak); aldez aurretik 688 73 61 36 telefono-zenbakira deitu behar da.

  • Sektore-bilerak, eragileekin.
  • Udalaren web-orria eta sare sozialak:

Finantziazioa:

Planaren lehen bi faseak egiteko (datuak hartu, egungo egoera aztertu eta diagnosia egin), Udalak dirulaguntzak jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailetik eta Energiaren Euskal Erakundetik.