Eibarko Udala

Informazio publikoa

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautzen du:

Informazio publikotzat ulertzen da administrazioaren esku dauden eduki eta dokumentuak, edozein direla ere haien euskarri edo formatua, eta administrazioaren funtzioen jardunean egin edo eskuratu direnak.

Hiritar orok, bai bere izenean bai legez eratutako elkarte baten ordezkari gisa, eskubidea du informazio publikoa eskuratzeko, aurrez eskaria eginda; muga bakarra Estatu mailako 19/2013ko legean aurreikusitakoa da.

Eskubide horretaz baliatzeko, ez da beharrezkoa izango eskaera arrazoitzea edo Estatuko Legea aipatzea.

Informazio publikoa eskatzeko elektronikoki, SAKATU HEMEN.

I. Zer da informazio publikoa?

Informazio publikoa da Eibarko Udalaren eta harekin lotura duten edo haren mendekoak diren erakunde publikoen esku dagoena.

Informazio publikotzat jotzen da edozein euskarri edo formatutan dagoen informazioa, Eibarko Udalak eta harekin lotura duten edo haren mendekoak diren erakunde publikoek landutakoa.

Halaber, informazio publikotzat jotzen da bestelako elkarte edo subjektuen esku dagoena, baldin eta zerbitzu publikoak ematen badituzte edo ahal administratibo edo funtzio publikoak betetzen badituzte, betiere informazioa haien jarduera publikoan edo aktibitate publiko baterako sortu edo eskuratu denean.

II. Zer informazio eska dezaket?

Informazioa eskuratzeko eskubideak hainbat muga ditu, haien xedea izanik beste ondasun juridiko batzuk babestea, zeinak babesik gabe gera daitezkeen informazio ematen bada. Hau da, muga horiek jartzen dira publiko egin behar ez den informazioa babesteko; izan ere, publikoa balitz, pertsona bati edo interes publikoari kalte egin liezaioke. Muga horiek Legean ezarrita daude eta honakoak dira:

  • Segurtasun nazionala
  • Defentsa
  • Kanpo harremanak
  • Segurtasun publikoa
  • Zigor, administrazio eta diziplina arloko lege-hausteen prebentzio, ikerketa eta zehapena.
  • Alderdien berdintasuna prozesu judizialetan eta tutoretza judizial eraginkorra
  • Zaintza, ikuskaritza eta kontrolaren funtzio administratiboak
  • Interes ekonomiko eta komertzialak
  • Politika ekonomiko eta monetarioa
  • Sekretu profesionala eta jabetza intelektual eta industriala
  • Konfidentzialtasun bermea edo sekretua, erabakiak hartzeko prozesuetan
  • Ingurumenaren babesa

Hiru informazio mota bereizten ditugu:

1.- Eibarko Udalaren zerbitzu edo izapideei buruzko informazio orokorra. Adibidez: jendeari arreta egiteko ordutegiak, deialdiak, dirulaguntzak, izen-emateko epeak, besteak beste. Halako informazioa jasotzeko PEGORAra (hiritarren zerbitzurako bulegoa) jo beharko da; bertan, aurrez aurre erantzungo dizute telefonoz 010 / 943708400ra deituta, edo bide elektronikoak erabiliz.

2.- Norbera parte interesatua edo ukitua den espediente edo prozedura baten izapide administratiboei buruzko informazioa. Adibidez: eskatutako dirulaguntza bat esleitua izan den edo ez, espediente baten tramitazioa e.a...; horretarako, izapidea edo espedientea kudeatzen ari den sailera jo beharko da.

3.- Informazio publikoa, jasoa dagoena abenduaren 9ko, Gardentasunari, Informazio Publikoa eskuratzeko bideari eta Gobernu Onari buruzko 19/2013 Legean. Kasu horretan, zure eskaera egiteko, Udaleko Gardentasunaren Atarian dagoen informazio publikoa eskatzeko idazkia bete beharko duzu, edo datu irekiak eskatzeko idazkia bete ahalko duzu.

III. Nola eskatu informazioa?

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak

Informazio-eskaerak PEGORAren (hiritarren zerbitzurako bulegoa) bidez egingo dira kanal desberdinak erabiliz, aurrez aurre edo elektronikoki. Arlo horrek bideratuko du eskatutako informazioa horren ardura duten sailetara.

Eskaera edozein kanalen bidez egin ahalko da, baita modu elektronikoan ere, betiere honakoak jasota geratu direla ahalbidetzen badu:

  • Eskatzailearen nortasuna.
  • Eskatutako informazio zehatza.
  • Hala bada kasua, eskatutako informazioa eskuratzeko modu edo formatu gogokoena.
  • Harremanetarako helbide bat, eskaerari erantzun ahal izateko.
  • Eskatzaileak azaldu ahalko du, hala nahi izanez gero, zergatik egiten duen eskaera. Hala ere, ezingo da motibazio hori exijitu inolaz ere.

Eskaera modu elektronikoan eginez gero, SAKATU HEMEN.
 
2. Zehaztu gabeko eskaerak

Informazio publikoaren eskaera zehaztu gabe balego, eskatzaileari zehazteko eskatuko zaio, 10 laneguneko epea emango zaiolarik ebazteko gehienezko epea etenda, eta, hala egiten ez bada, eskaera ez onartzeko aukera egongo da. Informazio-eskaera zehazteko laguntza emango zaio, ahalik eta azkarren.

Eskaera bertan behera utzi eta artxibatuz gero, ebazpen bidez egingo da eta eskatzaileari jakinaraziko zaio, aukera izan dezan eskaera berria egiteko, hala bada kasua, eskatutako informazioa zehaztuta.

3. Eskaerak ez onartzeko arrazoiak

Eskaerak ez dira onartuko halako kasuetan:

  • Eskuratzeko eskubidean aurreikusita ez dagoen informazioa bada.
  • Eskaera egiten zaion erakundearen esku ez dagoen informazioa bada. Eskaera informazioaren arduradunari helaraztea posible ez denean Tokiko edo Estatuko edo bestelako Administrazio batekoa delako, eskaera jaso duenak zuzenean azaldu beharko dio eskatzailearei zer adminstraziotara jo behar duen, adieraziz, halaber, zer helbidetara bidali behar duen eskaera.
  • Oraindik lantzen ari den informazioa bada, edo argitalpen orokorrekoa.
  • Izaera osagarria edo laguntzazkoa duten informazioak badira, hala nola ohar, zirriborro, iritzi, laburpen, komunikazio edo barne txostenetan jasotakoak, edo organo edo erakunde  adminstratiboen artekoa.
  • Informazioa hobeto lantzea eta garatzea beharrezkoa baldin bada, publiko aurrean jarri aurretik.
  • Eskaerak behin eta berriz egiten badira, edo Lege honek xede duen gardentasunarekin zerikusirik ez badute.

4. Eskaera ebazteko epeak eta isiltasunaren zentzua

Ebazteko eskumena duen organoak lehenbailehen edo, asko jota, epe hauetan eman edo ukatuko dio informazioa eskatzaileari, eta ukoaren arrazoiak azalduko dizkio:

  • Hilabeteko epean, ebazteko eskumena duen organoaren erregistroan jasotzen denetik, izaera orokorrarekin. Epe hori luzatu ahal izango da eskatutako informazioaren bolumenak edo konplexutasunak hala eskatzen badute, eta eskatzaileari jakinarazi egingo zaio. Ebazteko eta jakinarazteko epean ez bada ebazpena espreski jasotzen, eskaera bertan behera geratu dela ulertuko da.

5. Ebazpena

Ebazpena idatziz egingo da eta eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta, kasua bada, dagokion hirugarrenari.

Arrazoituak izango dira informazioa eskuratzea partzialki edo osorik ukatzen duten ebazpenak, ukitutako hirugarren batek aurka egin duenean emandakoak, eta eskatutakoa eskuratzeko beste modu edo formatua aurreikusten dutenak.

Ebazpenak, betiere, adierazi egingo du zein diren haren kontra jarri daitezkeen administrazio-auziak, eta, kasua bada, zein den dagokion administrazioarekiko auzia.

6. Informazioa emateko modua edo formatua

Informazioa bide elektronikoa erabiliz emango da nagusiki, non eta ez den posible edo eskatzaileak espreski beste bideren bat adierazten ez duen. Baldin eta ebazpenaren jakinarazpen-unean ezin bada informazioa eman, gehienez, hamar eguneko epean eman beharko da.

Informazioa argitaratuta badago, adierazi besterik ez zaio egingo eskatzaileari nola iritsi hartara.