Eibarko Udala

2018-2022rako Elkarbizitza eta Aniztasunaren III. Plana.

2018-2022rako Elkarbizitza eta Aniztasunaren III. Planak jarraipena eman nahi dio Eibarko Udalak udalerriko kulturen arteko berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta bizikidetzaren alde egindako lanari. Atzerritarrak gure herrira etortzea eta bertan finkatzea ez da berriki gertatutako zerbait, aspalditik datorren gertakari bat baizik.  Gaur egungo migrazioaren errealitateak, beraz, ez dio bakarrik harrerarekin lotutako alderdiei erantzun behar, baizik eta bizikidetza eta gizarte-kohesioarekin lotutakoei ere aurre egin behar die.  

Eibarren 2000. urtean atzerrian jaiotako 319 pertsona izatetik 2.868 izatera igaro da hamazazpi urte geroago. Pertsona horien etorrerak konpentsatu egin du, neurri batean, espainiar nazionalitatea duten biztanleen pixkanakako jaitsiera. Datuek erakusten digute, halaber, Eibar ez dela EAEko beste udalerri batzuen oso desberdina joan den mendearen amaieratik izan diren migrazio-prozesuei dagokienez. 

2009. urtera arte atzerritar jatorriko biztanleen kopuruak gora egin bazuen ere, 2010. urtetik 2014. urtera arte egiaztatu da krisi ekonomikoak iritsitakoen bolumenari ez ezik kolektiboaren osaerari ere eragin ziola. Beheraldi ekonomiko hori igaro ondoren, biztanleriaren etorrerak pixka bat gora egin duela ikusi da, eta, aldi berean, etorkinen kolektiboaren enplegagarritasuna berriz ere suspertzen ari dela, modu apalean bada ere.

Hortaz, migrazio-fenomenoan izandako aldaketa horien ondorioz, atzerritarrentzako arretan ere aldaketak gertatu dira; une jakin batean, lehentasuna atzerritar jatorriko pertsonak hartzea izan bada ere, une honetan, ardatza da pertsona horien insertzio soziolaborala lortzea, batetik, eta, aniztasuna kudeatzea, bestetik. Aniztasuna, izan ere, Eibarko gizartea gaur egun are eta anitzagoa delako, 2000. urtean zena baino: orain gure herrian atzerritar nazionalitateko pertsona atzerritarrekin bizi gara; espainiar nazionalitateko atzerritar jatorriko pertsonak daude; espainiar jatorriko eta espainiar nazionalitateko edo atzerritar nazionalitatekoak; atzerritar jatorriko pertsonak, EAEko edo Espainiako lurraldeetan jaioak;  atzerritar jatorriko pertsonak EAEn edo Espainian jaioak, eta atzerritar nazionalitatea dutenak, eta abar.  Horrek dakar askotarikoak eta diferenteak izatea jende horren guztiaren kultura, hizkuntza, ohitura, erlijio, balio, sinesmen eta mundu-ikuskerak. Dibertsitate hori geratzeko etorri da: gure komunitatearen fisionomia eta osaera aldatu egin da, eta kontziente izan behar dugu, etorkizunean aniztasun hori gutxitu beharrean gero eta handiagoa izango dela.

Eta testuinguru horretan garrantzi berezia hartzen du tratu-berdintasunaren aldeko lanak eta arrazagatik edo jatorriagatik pertsonak ez diskriminatzeko borrokak, bizikidetza hobetzeko ardatz eta gida gisa. Aurrerantzean gizarte bidezkoago, kohesionatuago eta berdinzaleago baten alde egin nahi badugu, hori ere gure erronka da.

Planean sartutako ekintzak

2018-2022rako Elkarbizitza eta Aniztasun Planak 25 ekintza-proposamen jasotzen ditu, hiru atal handitan taldekatuta.

1. Dimentsio instituzionala: Tratu instituzionalaren berdintasunerako ekintzak: ekintza-multzo honen helburua da Eibarko Udalak, bere araudi, erregelamendu eta barneko edo kanpoko zirkular guztietan, udalerrian bizi diren pertsona guztien tratu-berdintasuna gidatzea eta sustatzea.

1.1.  Komunikazio-politika koherente bat sustatzea, immigrazioaren, elkarbizitzaren eta aniztasunaren arloan.

1.2.  Eibarko Udaleko pertsonal teknikoari eta udalbatzari edo talde politikoei beren eginkizunetan aritzeko formazioa ematea aniztasunean, tratu-berdintasunean eta estereotipo eta aurreiritzien kontrako borrokan.

1.3. Eibarko Udalaren barruan sailen arteko lankidetza eta koordinazioa modulatzea.

1.4. Elkarbizitza Planaren sozializazio- eta ezagutza-prozesuak sustatzea, Eibarko Udala osatzen duten sailen artean.

1.5.  Oroitzapenezko deklarazio instituzionalak egitea eta zabaltzea, herritarrei haietara batzeko gonbita eginez.

2Dimentsio estrukturala: Tratu estrukturalaren berdintasunerako ekintzak: ekintza hauek ez dute diskriminazioaren borrokarekin lotutako helburu espezifikorik, baizik eta sozializazio-prozesu orokorretan txertatzen dira, eta udalerriaren eta euskal gizartearen egitura sozialean eragiten saiatzen dira, aukera- eta tratu-berdintasuna bilatuz Eibarko gizartea osatzen duten pertsona guztien artean.  

2.1.  Etorkinei euskarara hurbiltzeko ikastaroak eskaintzea, hala nola AISA programa.

2.2. Gaztelaniazko eta euskarazko hizkuntza-bikoteen boluntario linguistikoak sustatzea.

2.3. Hitzaldiak eta topaketak egitea, Eibarko eta euskal gizarteko usadio eta ohituretan oinarrituak (ohiturak, kultur ereduak, kodeak, konpromisoak…).

2.4. Enpleguaren eta formazioaren ardura duten entitateekin sarean lan egitea, migratzaileen insertzio soziolaboralerako prozesuak ezartzeko.

2.5. Herrian Immigrazio Mahai bat sortzea, arlo horretan esku hartzen duten eragile guztien parte hartzea eta koordinazioa bermatzeko.  

2.6. Immigrateentzako baliabideen gida eta informazio interesgarria aldian behin eguneratzea eta webgunean sartzea.

2.7. Herriko beste entitate batzuekin lankidetza-sarea indartzea (Lanbide, Osakidetza, elkarteen sarea, eta abar).

2.8. Immigrazio-arloko proiektuetan genero-ikuspegia sartzea, eta kultura-aniztasuna indartzea genero-ikuspegia sartuta daukaten proiektuetan.

2.9. Hezkuntza-komunitateari (irakasleak, administrariak, guraso elkarteak, ikasleak) sentsibilizazio-formazioa ematea kultura-aniztasunaren eta elkarbizitzaren alorrean.

2.10. Ikasle etorkinen euskararen ezagutza indartzea, eskolaz kanpoko ordutegian laguntza-saioak emanez.

2.11. Elkarbizitza eta Aniztasun Plana sozializatzeko prozesuak ezartzea herritarren eta entitate sozialen artean.

2.12. Atzerritar jatorriko emakumeek parte har dezaten espazio egokiak sortzea, bai eta kulturen arteko topaguneak eskaintzea ere, kultura edota hizkuntza berezitasunak kontuan hartuz.

2.13. Gaztelaniazko irakaskuntzako dispositiboak sortzea bultzatzea, etorkinen integraziorako hizkuntzaren premiaren inguruko eskariei erantzuteko.  

2.14. Migrazioen arloko eta laguntzako entitateei zuzendutako indartze- eta parte-hartze programak bultzatzea eta sendotzea.

2.15. Kulturarteko Mahaiko entitateen artean planaren ildoarekin bat datozen jarduerak egitea sustatzea; Udalak lagunduak edota diruz lagunduak.  

3. Pertsonen arteko dimentsioa: Pertsonen arteko tratu-berdintasunerako ekintzak: hemen jasotzen dira atzerritar jatorri edota etorkiko pertsonekiko aurreiritzi eta estereotipo negatibo eta faltsuei aurre egiteko Udalak bultzatu nahi dituen ekintzak. Ekintza hauek jarrera-aldaketaren alderdi kognitiboak, alderdi afektiboak eta portaera-alderdiak lantzera bideratuta daude.

3.1. Bizilagun programak herrian duen inpaktua antolatzea eta zabaltzea.

3.2. Beste sail/zerbitzu/entitate batzuekin batera herritarrei zuzendutako ekintzak antolatzea, atzerriko immigrazioaren aurrean dauden estereotipo negatibo eta faltsuen aurka egiteko.

3.3. Zurrumurruen aurkako estrategiarekin eta Elkarbizitzaren Planarekin bat datozen eta eibartarrentzat ezagunak diren pertsonen atxikipena lortzea (ahal dela herriarekin lotura duten pertsonak).

3.4. Herriko komunikabideetan herrian finkatuta dauden etorkinen bizi-ibilbideak ikusgai jartzea.

3.5.  Gaur egun herrian dauden kulturen arteko topaguneak sortzea aztertzea.

Elkarbizitza eta Aniztasunaren III. Planaren xehetasuna kontsultatu nahi badituzu, hona hemen dokumentu osoa: Elkarbizitza eta Aniztasun Plana.