Eibarko Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana (KEJEP)

2020ko martxoan, Eibarko Udalak bat egin zuen "Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunarekin". Ekimen horrek 57 herrialdetako 7.000 toki-erakunde baino gehiago biltzen ditu, Europar Batasuneko klimaren eta energiaren arloko helburuak borondatez ezartzeko konpromisoa hartu dutenak.

Horrela, Udalak Europa mailako konpromiso hau hartu zuen: 2030 urterako berotegi-efektuko gasak %40 murriztea, klima-aldaketaren aurkako ekintzak sustatzea eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko neurriak garatzea.

Helburu horiek betetzeko, Udalak abian jarri du "2021-2030 aldirako Eibarko Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana"

Plana egiteko prozesua orain hasi eta uda amaierara arte luzatuko da eta energia-efizientziako neurriak jaso beharko ditu, energia aurrezteko, energia berriztagarriak sartzeko eta udalerriko erresilientzia eta klima-aldaketarako egokitzapena areagotzeko. Neurri horiek sektore guztiei zuzenduta egongo dira, Udaletik bertatik hasita.

Hala, plan horrek eduki hauek izango ditu:

  • Udalerriko berotegi-efektuko gasen isurketen oinarrizko inbentarioa.
  • Arrisku eta kalteberatasun klimatikoen ebaluazioa
  • Arintzeko eta egokitzeko neurrien plana

Neurri horien bidez, Udalak energia kontsumoa% 35 murriztu nahi du, eta energia berriztagarria sortzeko gaitasuna handitu, EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearen baldintzak betez.

Plana egiteko, Eibarko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren diru-laguntza izan du, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak egiten dituzten toki-erakundeei laguntzeko.

KEJEP egiteko parte-hartze prozesua

Plana egiteko, Ingurumeneko Aholku Batzordearen parte-hartzeaz gain, Udaleko hainbat arlotako teknikariek eta udalaz gaindiko beste erakunde batzuetako (Debegesa, Debemen eta Debabarrena Mankomunitatea) teknikariek osatutako talde eragile bat sortu da.

Gainera, Europako Itun Berdearen printzipioekin eta Agenda 2030en Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat etorriz, Udalak modu justu eta integratzailean ekin nahi dio klimaren eta trantsizio energetikoaren aldeko ekintzari, inor atzean utzi gabe. Horregatik, garrantzitsua da plana egiteko prozesuan herritarren, elkarteen eta udalerriko eragile sozial eta ekonomiko guztien inplikazioa izatea.

Horretarako, online inkesta honetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu, udalerriko herritar guztien pertzepzioa eta plana egitean kontuan hartu beharreko lehentasunezko gaiak ezagutzeko.

Herritarrei irekitako bi eztabaida-saio egitea ere aurreikusi da.

Parte hartu hemen:

  • Online inkesta (martxoaren 5etik apirilaren 11ra)
  • Eztabaida-saioak (laster)

Eibarko atari energetikoa

Udalaren energia-kontsumoari eta atmosferara igorritako CO2 kantitateari buruzko informazioa kontsultatu Eibarko atari energetikoan.