Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesua

Eibarko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesua abian jartzea erabaki zuen 2020an, eta, era berean, herritarrek parte hartzeko programa onartu zuen, proiektuari forma eraginkorra emateko.

Erabaki hori hartzeko arrazoi nagusiak honako hauek izan ziren:

  • Lehenik eta behin, indarraldiko legezko epea, bi laurtekotan zatitua, amaitu zen.
  • Bigarrenik, oraingo HAPOren dokumentua hedapen handiko garai batean idatzi zen, "adreiluaren burbuila" izenez ezagutu izan dena, eta ez da egokitzen 2008az geroztik izan diren aldaketa ekonomiko, sozial eta ingurumen arlokoetara.
  • Azkenik, Plan hori ez dago indarrean dagoen Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legera egokituta, eta, gainera, lege horren 1. xedapen iragankorrak ezartzen du plan orokor guztiak legera egokitu beharko direla 2021 honetako irailerako.

Ondorioz, eta HAPOren berrikuspena formulatzeko espedienteari ekiteko Gobernu Batzarraren 2020ko uztailaren 24ko erabakia hartu ondoren, eta herritarren parte hartze programa onartu eta gero, Eibarko Udalak TRION Planes y Servicios SLP enpresaren zerbitzuak kontratatu zituen, Planaren berrikuspen dokumentuaren aurrerapena idazteko.

HAPOren berrikuspen prozesuaren fase nagusiak

HAPOren berrikuspen prozesuak bost fase nagusi ditu: hirigintza informazioa eta diagnostikoa; irizpide eta helburu orokorren formulazioa; hasierako onarpena; behin-behineko onarpena; eta, azkenik, behin betiko onarpenaren fasea.

Gaur egun, informazioa batu eta diagnostikoa egiteko lehenengo fasea orain dela urte bete baino gehiago amaitu ostean, bigarren fasean gabiltza, non aurrerapen-dokumentu bat lantzen ari garen, diagnostikoan antzemandako premia eta arazoei erantzunak bilduko dituena, irizpide eta helburu orokorrak formulatuz eta irtenbide posibleak bilatuz.

Herritarren inkesta HAPOren Aurrerapen fasean parte-hartze publiko gisa

Plan Orokorraren Aurrerapen fasean, erredakzio-taldeak duela hilabete batzuk helarazi zizkion Udalari bere ustez dokumentuan jaso beharko liratekeen proposamenak, hiriaren egoera aztertu ondoren. Era berean, Udaleko alderdi politikoek euren ekarpenak egin dituzte dagoeneko.

Gainera, TRION enpresak bilera sektorialak egin ditu gizarte-eragileekin eta Eibarko herritarren ordezkariekin, hainbat alderdi aztertzeko, hala nola ingurumena, eraikinak eta auzoak birgaitzeko premiak, edo espazio libreak, besteak beste, HAPOren Aurrerapen fasea elikatuko duen informazioa bilduz.

Halaber, aurrerapen fasearen azken jarduera herritarrei inkesta bat egitea da; inkesta hori HAPO berrikusteko web-orri berri honetan bete ahalko da:  https://planorokorra-eibar.eus/eu/galdetegia 2021eko urriaren 3ra arte (igandea). Herritarren parte hartze programan aurreikusitako ekintza hau eibartar guztiei zuzenduta dago, eta helburua da haien iritzia ezagutzea Eibarko HAPOk arautzen dituen alderdiei dagokienez: lurraldearen babesa; espazio publikoa eta ekipamenduak; kultur ondarea; jasangarritasuna eta klima-aldaketa; jarduera ekonomikoa; populazioa eta etxebizitza.

Webgunera sartu ondoren, pertsona bakoitzak aukera izango du, haren interesen eta kezken arabera, proposatutako sei atalen artean zeini buruz eman nahi duen iritzia aukeratzeko; hautatu ahalko du bati, bat baino gehiagori edo atal guztiei erantzutea, betiere modu anonimoan.  Eta, interesdunak aukeratzen duenean bere ekarpenak egiteko atala edo atalak, lehenik, datuen babesari buruzko legezko baldintzak onartu beharko ditu, eta, azkenik, galderei erantzun.

Gutxi gorabehera atal bakoitzari erantzuteko denbora hiru minutukoa da, eta sistema bat jarri da herriko plano batean erantzunetako batzuk geokokatzeko.  Bildutako informazioa proiektuaren ekipo teknikoak kudeatuko du, eta haren emaitzak Aurrerapenaren dokumentuan sartuko dira.  

Aurreko guztiak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurrerapen fasearen behin betiko dokumentua osatuko du.

HAPO, hirigintza antolamenduaren tresna nagusia, 2006. urteaz geroztik

Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorra, HAPO izenez ezagutua, hirigintza antolatzeko herriak duen tresna nagusia da, eta lurzoruaren erabilerak eta herriko eraikinak arautzen ditu.  Arau juridiko gisa, eskubideak eta betebeharrak ezartzen ditu, eta subjektu publiko eta pribatu guztiak lotzen ditu.

Udala da sustatzailea eta udalerri guztia arautzen duen tresna juridiko hori onartzen duena.  Gainera, izaera estrukturala (global eta orokorra) duen dokumentu bat da, eta haren indarraldia 8 eta 12 urtekoa da.

Eibarko HAPO Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak onartu zuen behin betiko, 2006ko abenduaren 12an egindako bilkuran, eta testu bateratua 2007ko abenduaren 18ko Diputatuen Kontseiluak onartu zuen eta 2008ko urtarrilaren 22ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

15 urte igaro dira, beraz, behin betiko onarpena eman zitzaionetik; 13 indarraldian sartu zenetik, eta askoz ere gehiago idatzi zenez geroztik. Gainera, urteen joanarekin,  HAPOren 6 aldaketa ere onartu dira, sortzen joan diren premiei erantzuteko.

Azken eguneratze-data: 2023-01-30

Erlazionatutako edukiak:

Nabigazioa