Arrateko Aterpetxea
Azpiegitura soziokultural bat duzu, Arrate aldeko balio turistikoa nabarmentzeko prestatutakoa. Horretarako, batetik, taldeak hartzeko aterpetxe bat du (55 lagun sar daitezke) eta, bestetik, Gerra Zibileko Eibarko Fronteari buruzko Interpretazio Zentroa.
Azpiegitura hori 1910. urtean hasi zen lanean, Udalaren ekimenez. Gizarte arloan neurri erabat berritzailea eta aurrerakoia izan zen garai hartarako. Izan ere, baliabide ekonomiko gutxi zituzten Eibarko neska-mutilak udako hilabeteetan aisialdiaz gozatzeko tokietara eramatea zen kontua. Hala, umeak aisialdian itsasoan bainuak hartzera edo Arrate aldeko aire garbia arnastera eramaten zituzten.
90eko hamarraldian, berritu egin genuen eraikina, eta 1998an berriro zabaldu.
Eraikina berritzeko azken lanak egin ostean, aretoetako bat egokitu dugu Gerra Zibileko Frontearen Interpretazio Zentroa jartzeko eta inguruan erreferentzia berezi bat izateko. Izan ere, Arrate aldean egon zen gerrako frontea, eta, hori dela eta, gerrako hainbat aztarna daude inguruan, turismoa erakar dezaketenak. Hala, zentro horretan 1936ko urritik 1937ko apirilera arteko aldia azaltzen dugu.
Besteak beste, honako hauek daude ikusgai interpretazio-zentroan: gerra garaiko Eibarren eta inguruaren maketa moderno bat, gerrako alde bien uniformeekin jantzitako manikiak, borrokalekuetan erabilitako tresneria, Eibarren Gerra Zibilaren gordina ikusitako pertsonen testigantzak biltzen dituen ikus-entzunezko bat eta garai hartako propaganda kartelak.
Zentroa bisitatzeaz gainera, zita eska dezakezu gerra fronterik latzena izan omen zen horretan izandako gorabeheren berri bertatik bertara jakiteko. Izan ere, Arraten bi aldeak elkarrengandik oso gertu zeuden eta borrokek oso luze jo zuten.
ORDUTEGIA
Domeketan, 11:30etik 13:30era.
Informazioa eta erreserbak:
- www.ateri.net
- albergues@ateri.net
- Tel: 94 402 90 99