Eibarko Udala

Eibarren 675. urteurrenaren logotipoa diseinatzeko lehiaketa

Eibarko Udalak, Ego Ibarra Batzordearen bidez, Alfontso XI.ak 1346ko otsailaren 5ean emandako hiri-kartaren 675. urteurrena gogora ekartzeko logotipoa diseinatzeko lehiaketa deitu du.

Lehiaketaren xedea: lehiaketa honek hiriaren historian interesa duten pertsonen sormena sustatu nahi du, baita diseinu grafikoarekin eta komunikazioarekin zerikusia duen jende ororena ere. Logotipo hori izango da Eibarko fundazioaren 675. urteurrenaren esparruan egiten diren ekintza guztietan gehien ikusiko den elementua.

Parte-hartzaileak: lehiaketa honetan Eibarren bizi den edo eibartarra edo bertan jaioa izan eta beste bizileku bat duen adin nagusiko edonork parte hartu ahal izango du. Parte hartzaileek gehienez 2 lan original aurkeztu ahal izango dituzte.

Gaia: Urteurrenaren logotipoak Eibar eta bere historia izango ditu jomuga eta xede, herriaren 675. urteurrena delako.

Logotipoaren baldintza teknikoak eta edukia: lehiaketan parte hartzeko, logotipoaz gain, beste dokumentu batzuk ere aurkeztu beharko dira, hala nola logotipoari buruzko memoria, irudi korporatiboaren oinarrizko eskuliburua eta logotipoa papertegietan, prentsa idatzian, argitalpenetan eta abarretan aplikatzeko adibideak. Hauexek dira logotipoaren baldintza teknikoak eta gainerako edukiak:

  • Logotipoak, nahitaez, honako legenda hau jaso behar du: Eibar 1346-2021. Logotipoaren bertsio ezberdinak (logotipoa koloretan, grisen eskalan, edo zuri-beltzean) eta haren aldaerak bektore-formatuan nahiz bits-mapa formatuan aurkeztuko dira, kode irekiko diseinu-programekin manipulatu ahal izateko; hori dela eta, ahal dela formatu estandarrak erabiliko dira (JPEG, SVG, etab.).
  • Logotipoaren memoria: obraren sorrera eta esanahia azaltzen edo ulertzen laguntzen duten elementu guztiak jasoko ditu: proposatutako logotipoaren izaera bisualeko oinarrizko elementuak, hau da, neurrien arteko erlazioa eta elementuen arteko egoera, koloreak eta grisen eskalako edo zuri-beltzeko bertsioa.
  • Irudi korporatiboaren oinarrizko eskuliburua: tipografia, koloreak ohiko  nomenklaturaren arabera, neurrien arteko erlazioa eta elementuen arteko egoera hartuko ditu bere baitan.
  • Proposamena paperean aplikatzeko adibideak: (gutunak, dokumentuak, gutunazalak, bisita-txartelak…), idatzizko prentsan, esku-orrietan eta argitalpenetan, merchandising-ean eta oinarrizko kanpo- eta barne- seinalizazioan, eta abarretan (adibide batzuekin nahikoa izango da).

 

Lehiaketan izena emateko epea: 2020ko abenduaren 18tik 2021eko urtarrilaren 15era (egun biak barne).

Lehiaketan izena emateko eta lanak aurkezteko bidea:

  • Elektronikoa: eskaera elektronikoki egiteko, derrigorrez, ziurtagiri digital bat edo B@K-Q eduki behar dituzu (tramiteak online egiteko informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu tramiteak elektronikoki egiteko laguntza atala). Eskaera elektronikoki egiteko, beheko loturan sakatu behar duzu, eskaera elektronikoki bete eta dagokion dokumentazioa erantsi. Tramiteari sarean edo online ekin aurretik, tramitea egiteko beharrezko dokumentazioa formatu digitalean prest duzula konprobatu, eta ondoren, tramiteari ekin.

 

Aurkeztu beharreko dokumentazioa: parte hartu nahi duten pertsonek elektronikoki bete beharko dute izena emateko inprimakia eta ondoko agiriak erantsi, adierazitako baldintza teknikoak betez.

  • Logotipoa.
  • Logotipoaren memoria.
  • Irudi korporatiboaren oinarrizko eskuliburua.
  • Proposamena paperean aplikatzeko adibideak, idatzizko prentsan, esku-orrietan eta argitalpenetan, merchandising-ean eta oinarrizko kanpo- eta barne- seinalizazioan.

 

Parte-hartzaile bakoitzak gehienez 2 lan original aurkeztu ahal izango ditu.

Obra bakoitzeko izen-emate edo inskripzio bat egin beharko da.

Proposamena bidali ondoren, ezin izango da erretiratu.

 

Saria: irabazleari 1346 euroko sari bakarra emango zaio (dagokion zerga-atxikipena izango du).

Epaimahaiaren osaera eta aldez aurreko hautaketa: hiru logotipo finalisten aukeraketa epaimahai batek egingo du eta epaimahai hori hauek osatuko dute: Eibarko Artxiboko arduradunak, Dibujo Eskolako irakasle titularrak, Arte Ederretako Eibarko unibertsitate-irakasle batek, udal arkitektoak, Alkateak, eta Ego Ibarra Batzordeko zinegotziek. Batzordeko idazkariak egindako hautaketaren akta jasoko du, hitzarekin baina botorik gabe.

Epaimahaiaren iritziz oroimen historikoa hobekien identifikatzen eta ordezkatzen duten 3 lanak  aukeratuko dira; lanak baloratuko dira, originaltasuna, argitasuna, sormena eta kalitate artistikoa kontuan hartuta, eta, halaber, zer espazio eta formatutan egokitu daitezkeen aztertuta.

Epaimahaiak baztertu egingo ditu konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak, homofoboak edo iraingarriak diren logotipoak.

 

Herri-galdeketa irekia eta azken hautaketa: Hiru logotipo finalistak Udalaren webgunean jarriko dira (www.eibar.eus), 2021eko urtarrilaren 17tik 31ra, herritarrek botoa eman dezaten.

Logotipo irabazlea aukeratzeko bozketan 14 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute, botoa ematen duten unean Eibarren erroldatuta daudenek.

Bozketa egiteko, 2021eko urtarrilaren 17tik 31ra jarriko den formularioa bete beharko da.

Izen-deiturak eta NAN, AIZ, pasaportea... besterik ez da adierazi behar, eta 3 logotipoetako bat aukeratu.

Udalak egiaztatuko du erroldatze- eta adin-baldintzak betetzen direla.

Pertsona bakoitzeko boto bakarra onartuko da. Boto bat baino gehiago eman bada, emandako lehen botoa baliozkotzat joko da.

Epaimahaia otsailaren 4an bilduko da, jasotako bozketen akta egingo du eta herri kontsultaren emaitzaren logotipo irabazlea jakinaraziko du.

 

Egutegia:

  • Izena emateko epea: 2021eko urtarrilaren 15ean amaituko da.
  • Epaimahaiak hiru logotipo finalistak aukeratuko dituen eguna: 2021eko urtarrilaren 18a.
  • Hiru logotipo finalisten erakusketa eta herri-galdeketa: 2021eko urtarrilaren 18tik 31ra, herritarrek botoa eman dezaten.
  • Herri-kontsultaren botoen kontaketa eta logotipo irabazlearen jakinarazpena: 2021eko otsailaren 4a.

 

Kudeaketa-erakundea: Interesdunek argibideren bat edo galderaren bat egin nahi izanez gero, Eibarko Udaleko Ego Ibarra Batzordearekin harremanetan jarri ahal izango dira, telefono honetara deituz: 943 70 84 21 / 943 70 84 23 edo posta elektronikoz: egoibarra@eibar.eus

ABISUA: 675. urteurrenaren logotipoak: atzeratu egin da hiru finalistak aukeratzeko eguna.

Epaimahaiak hala erabakita, 3 logotipo finalisten aukeraketa bi egunez atzeratu da lehiaketara aurkeztu eta onartu diren 11 proposamenen agiriak (memoria, eskuliburua, aplikazioak) aztertzeko denbora gehiago behar delako.

Beraz, kontrakorik adierazi ezean, hilaren 20an, aukeratuko lirateke hiru logotipo finalistak.

Urtarrilaren 21ean argitaratuko da 3 logotipo finalistak jendaurrean noiz jarriko diren, baita bozketa egiteko epea eta lotura berria ere.

 

Deskargatu dokumentuak
Oinarriak: Eibarren 675. urteurrenaren logotipoa diseinatzeko lehiaketa  
Ikusi | Jaitsi (391.6 KB)