Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Balkoiak eta leihoak edertzeko 4. lehiaketa

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, "Balkoiak eta leihoak edertzeko 4. lehiaketa" deitu du.

Lehiaketaren xedea: Herritarren parte hartzearen bidez, Eibarko ingurumen kalitatea eta irudia hobetzea. Landareek eta loreek hiriko ingurune atseginagoa eta ederragoa lortzen laguntzen dute. Ekimenarekin hiria apaintzeko ohitura on hori herritarren artean zabaldu nahi da.

Parte-hartzaileak: Lehiaketa honetan Eibarko hiriguneko etxebizitzetan bizi den edonork parte hartu ahal izango du. Beharrezkoa izango da lehiaketaren aurretik izena ematea.

Lehiaketan izena emateko epea: 2022ko maiatzaren 25etik ekainaren 8ra (biak barne).

Lehiaketan izena emateko bideak:

  • Maiatzaren 25ean, Untzaga plazan izango den “FurgoBaratzan” (10:00-13:00). Etxebizitza bakoitzeko lore bakarra banatuko da, hauek amaitu arte. Lorea jasotzen duenak bere NANa erakutsi beharko du.
  • Herritarren Zerbitzurako Bulegora (PEGORA) joanda. Astelehenetik asteazkenera: 8:30etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Ostegun eta ostiraletan: 8:30etatik 14:30etara.
  • Eibarko Udalaren webgunean edo eskuorriaren QRan eskuragarri egongo den inprimaki elektronikoa betez. Sakatu esteka hau: 

   https://formularioak.eibar.eus/eu/balkoiak2022

Izen-ematea egitean, parte-hartzaile bakoitzari bereizgarri bat emango zaio. Bereizgarri hori kaletik ikusteko moduko leku batean erakutsi beharko da, eta epaimahaiak balkoia edo leiho parte-hartzailea identifikatzeko balioko du.
Elektronikoki izena eman duten parte-hartzaileen kasuan, PEGORAn jaso beharko dute bereizgarria ekainaren 17ra arte.

Sariak: Bi sari mota egongo dira.

  • Herrian: lehen saria 200 euroko bono bat izango da eta bigarrena 150 euroko bono bat, biak Eibarko Merkataritza Gune Irekiko kide diren saltokietan erabiltzeko.
  • Eskualdean: 250 euroko bonoa, irabazleak bere herriko saltokietan erabil dezan.

Eskualde mailako saria eta herri mailako saria bateraezinak dira.

Epaimahaia lorategigintzan edo hiri-edertze lanetan aditua den batek eta/edo udal ordezkari batek osatuko dute.

Epaimahaiak balkoi eta leihoen balorazioa ekainaren 18tik 23ra egingo du. 

Sari-banaketa ekainaren 30etik uztailaren 8ra bitartean egingo da. Parte-hartzaileei aurrez jakinaraziko zaie noiz eta non egingo den sari banaketa.

Sariak banatu gabe gera daitezke, epaimahaiak erabakitzen badu balkoi edo leiho parte-hartzaileek ez dutela gutxienezko kalitatezko maila betetzen.

Egutegia:

  • Izena emateko epea: 2022ko maiatzaren 25etik ekainaren 8ra (biak barne).
  • Bereizgarria: 2022ko ekainaren 18tik 23ra egon behar da ikusgai. Baldintza horiek bete ezean, balkoia edo leihoa ez da baloratuko, eta, beraz, deskalifikatu egingo da.
  • Epaimahaiak 2022ko ekainaren 18tik 23ra baloratuko du balkoia edo leihoa.
  • Sari-banaketa: ekainaren 30etik uztailaren 8ra bitartean egingo da.

Edozein argibide edo kontsulta nahi izanez gero, interesatuak Eibarko Udaleko Ingurumen Sailarekin harremanetan jarri ahal izango dira 943 70 84 08 telefonoan edo ingurumena@eibar.eus helbidean.

Oharrak:

  • Udaleko Ingurumen Saila telefonoz edota e-mail bitartez harremanetan jarriko da irabazleekin.
  • Parte-hartze hutsagatik, partaideak udalari bere identitatea (izena eta bi abizenak) eta saritutako balkoi edo leihoaren argazkia argitaratzeko baimena ematen dio udalari, lehiaketaren emaitzak publiko orokorrari jakinarazteko udal webgunearen (www.eibar.eus) eta prentsa ohar edo antzekoen bitartez.
  • Izena emateak berekin dakar lehiaketaren oinarriak eta epaimahaikideen erabakia onartzea. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.
Deskargatu dokumentuak
Lehiaketaren oinarriak  
Ikusi | Deskargatu ( PDF, 435 KB)