Eibarko Udala

Euskal WikiEmakumeok tailerra (2025-01)

Intereseko gai baten informazio bila ari garenean, ohiko helmuga da Wikipedia. Askotariko pertsona, ibilbide, historia, proiektu eta talderen berri izateko leiho digital erraldoia da gaur egun. Baina bertan nori buruzko informazioa dagoen eta nor falta den erreparatzen hasiz gero, genero desoreka nabaria dela ohartuko gara. Eta hizkuntzari dagokionean ere, nabaria da aldea. Tailer honen helburua da Wikipedian Eibarko emakumeen presentzia handitzea eta, lan kolektiboaren bitartez, Eibarko emakumeei ikusgarritasuna ematea, euskarazko Wikipedia zabalduz.

Helburuak: Emakume erreferenteak bistaratzea, Eibar eta inguruetakoengatik hasita, baita euskara bultzatzea ere.

Edukiak: Wikipediaren jatorria eta martxan diren wikiproiektuei buruzko informazioa; biografiak edo bestelako artikuluak sortzeko, hornitzeko edo itzultzeko jarraibideak, eta beste hizkuntzetatik euskarara itzultzeko erabil daitezkeen baliabideen azalpena.

Tramitatzailea: Eibarko Udaleko Berdintasun Zerbitzua, Emakumearen Mahaiaren lankidetzaz.

Nork emango du: Marisa Barrena Larruzea

Hartzaileak: interesa duen 18 urtetik gorako emakume oro, informatikako oinarrizko ezagutzak dituena, eta euskaraz idazten dakitena.

Non eta noiz: Andretxea. 2025eko martxoak 6, 13, 20 eta 27.

Ordutegia: 18:00etatik 20:00etara

Ikastarora ekarri behar den materiala: Ez dute materialik ekarri behar.

Ikastaroaren prezioa: 

  • Eibarren erroldatutako emakumeentzat 8 €.
  • Eibarren erroldatuta ez dauden emakumeentzat 10 €.

Ikastaroaren ordainketa: matrikula ordainketa bakar batean kobratuko da, ordainagiria helbideratuta.

Ikasle kopurua: gutxienez 8, eta gehienez 10.

Ikastaroaren hizkuntza: euskara.

Aurrematrikula: ikastaroan izena emateko aurrematrikula egin beharko da 2025eko otsailaren 1etik 23ra (biak barne). Aurrematrikula egiteko formulario bat bete beharko da elektronikoki esteka honetan:

https://formularioak.eibar.eus/eu/euskalwikiemakumeok2025-01

Kudeaketa arauak:

Matrikularako izena eman duten pertsonen kopurua ez bada heltzen ikastaroa emateko ezarritako gutxienekora, ez da ikastarorik egingo. Abisua udalaren web orrian emango da (www.eibar.eus) otsailaren 25ean.

Matrikulatutako pertsonen kopuruak ezarritako gutxieneko kopurua gainditzen badu eta ezarritako gehieneko kopurutik gorakoa ez bada, matrikula guztiak onartuko dira. Onartutakoen zerrenda  PEGORAn eta udalaren webgunean (www.eibar.eus) egongo da otsailaren 25etik aurrera.

Matrikularako izena eman dutenen kopurua ezarritako gehieneko ikasle-kopurutik gorakoa bada, ikasleen aukeraketa zozketa bidez egingo da. Zozketa Gizartekintzan (Berdintasun Zerbitzua) egingo da, otsailaren 25ean, 09:00etan. Era honetan egingo da:

  • Zozketa egin aurretik ikastaroran izena eman duten pertsona guztien zerrenda bat egingo da alfabetoaren arabera ordenatuta; bakoitzari zenbaki bat emango zaio. 
  • Zaku baten sartuko dira zenbaki guztiak eta zenbaki bakar bat aterako da.
  • Aukeratutako pertsonak zenbaki horretatik aurrerako zenbakiak dituztenak izango dira, ikastaroa emateko dauden leku guztiak bete arte. 

Onartutakoen izenekin zerrenda bat egingo da, PEGORAn eta udalaren webgunean (www.eibar.eus) egongo dena otsailaren 25etik aurrera. 

Onartutakoen zerrenda argitara ematen den unean sortzen da matrikularen zenbatekoa ordaintzeko obligazioa. Ikastaroa utzi edo  baja ematen duen pertsonak ez du izango matrikularen zati proportzionala jasotzeko eskubiderik.

Oharrak: 

Aurreinskripzioen onarpenaren abisua jaso ondoren, behin betiko inskripzioa egin behar da, dokumentazio hau aurkeztuz ikastaroaren lehen egunean:

  • Euskal WikiEmakumeok tailerrean izena emateko inprimakia, behar bezala beteta, eta sinatuta.

Informazio gehiago: 688 85 34 40 telefonoan.