Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak bat egingo du beste behin Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin

2021/06/03

Aurten ere Ingurumen Jardunaldiak antolatu dira, eta Klima Aldaketaren eta Energiaren gaiak landuko dira. Ekaina bitartean, hainbat tailer egingo dira eta baita online elkarrizketak ere.

Eibarko Ingurumen Sailak, ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, Ingurumen Jardunaldien beste edizio bat egingo du.  Aurten, Klima-Aldaketa eta Energia izango dira landuko diren gaiak, Udala Klima-Aldaketarako eta Energiarako Ekintza Plan bat  (KEJEP) egiten ari dela aprobetxatuz.

Egun hori oroitzeko hainbat jarduera antolatu dira datozen egunotarako, haietako asko online.

Batetik, webguneko Ingurumen atalean eta Ingurumen saileko Youtube kanal ofizialean hiru elkarrizketa jarriko dira hainbat arlotako adituei eginak eta baita hiru bideo labur ere. Ikus-entzunezko material hori ekaineko lehen hiru ostiraletan argitaratuko da ( ekainak 4, 11 eta 18).

Lehenik, Elisa Sainz de Murieta BC3-Basque for Climate Change zentroko ikertzaileari egingo zaio elkarrizketa, eta klima-aldaketak Euskal Herrian dituen ondorioei buruz jardungo du.  Hurrengo bi elkarrizketetan energia berriztagarriek Eibarren duten etorkizunaz hitz egingo da (Aitor Urresti, Eibarko UPV-EHUko energia berriztagarrien ataleko irakaslea) eta mugikortasun jasangarriaz eta ibilgailu elektrikoaz (Mónica Díaz, Energiaren Euskal Erakundeko energia-efizientzia eta garraio sailaren teknikaria).

Bestetik, ekainaren 7an, 18:00etatik 19:30era, Ingurumen Planaren parte-hartze prozesuaren baitan, parte-hartze saio bat egingo da online (euskaraz), non egiten ari diren lanaz gain, eztabaida-gune bat irekiko den herriko klima-aldaketaren eta energiaren alorreko kontuei buruz. Parte hartzaileen muga 20koa da; hortaz, aldez aurretik izena eman beharko da email bat bidaliz ingurumena@eibar.eus helbidera. Saioaren aurretik, bilkurarako linka bidaliko zaie izena eman dutenei. Informazio gehiago nahi izanez gero, Eibarko Udaleko Ingurumen sailera deitu daiteke 943708408 telefonora.

Bestalde, ekainaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Departamenduak, Energia Argitu programaren barruan, eta Eibarko Udalarekin lankidetzan, bigaren online-tailerra antolatu du ekainaren 9rako, 18:00etan, Vehículos eléctricos y alternativa de movilidad sostenible izenarekin.

Tailer honen helburua da herritarrei mugikortasun jasangarriaren eredu berriei buruzko informazioa ematea, gizartean halakoak pixkanaka sendotzen ari baitira.

Zehatzago, egun merkatuan dauden ibilgailu elektrikoen ezaugarriak, kontsumoak, prezioak, kargatzeko baldintzak eta bestelako alderdiak emango dira ezagutzera, bai eta mugikortasun jasangarriaren beste eredu edota alternatiba batzuk ere (ibilgailu hibridoak, bizikletak eta patin elektrikoak, eta abar).  Era berean, gogoeta egingo da eguneroko mugikortasun-premiei buruz, motorrik gabeko mugikortasun-aukerei buruz eta ibilgailu elektrikoen eredu partekatuen esperientziei buruz.

Tailerrean parte hartu nahi duten pertsonek aurretik eman beharko dute izena. Horretarako, mezu elektroniko bat idatziko dute argitu@gipuzkoa.eus helbidera edo 943 16 41 72 edo 605 75 76 87 telefono-zenbakietara deitu.

Tailerra gaztelaniaz izango da. Galderak edo zalantzak txataren bidez egin ahal izango dira, eta, ahal dela, tailerrean bertan erantzungo dira, eta zuzenean ez bada posible, posta elektronikoz emango zaie erantzuna.

Elkarrizketa, bideo labur eta online-tailerrez gain, ekainaren 9, 10 eta 11n, 11:00etatik 19:00etara, informazio-gune bat jarriko da Urkizuko plazan, Untzaga plazan eta Berdintasunaren pasealekuan. Bertan, Eibarko Klima-Aldaketarako eta Energiarako Ekintza Planaren aurrerapenak emateaz gain —lantze-prozesuan dago—, herritarren ekarpenak jasoko dira Plana aberastearren. Bestetik, eibartarrek beren CO2 aztarna kalkulatzeko aukera izango dute, alegia, zenbat negutegi-efektuko gas igortzen duten, eta, hortaz, bakoitzak zer inpaktu duen kliman. Halaber, faktura elektrikoari buruzko zalantzak argituko dira; hortaz interesdunei gomendatzen zaie beren fakturetako bat eramatea.

Azkenik, ekainaren 5ean, berdez argiztatuko dira Eibarko Bizikleta Plaza eta Ibarkurutzeko iturria.

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna.

2021eko Ingurumen Jardunaldietako kartela.