Eibarko Udala
Agorra Fest

Agorra Fest jaialdiak kaleko musikaz beteko du Eibar ostiral honetatik (hilak 11), hamar talderekin

2026/09/10
Kartela.

Ustekabek bere 25. urteurrena dela-eta antolatutako jaialdia da, Eibarko Udalak finantzatu duena gehienbat. Hiru egunetan kontzertuak, kalejirak eta ikuskizunak egongo dira.

Bihar (irailak 11) emango dio hasiera Eibarrek Agorra Fest jaialdiaren lehen edizioari. Musika eta kale-animazioaren jaialdi berri honek herriko kaleak eta plazak beteko ditu asteburu osoan zehar. Ekimena Ustekabe txarangak antolatu du bere 25. urteurrena dela-eta, eta hamar talde eta musika-proposamen egongo dira, Eibarko Udalaren babes eta finantzazio handia izango dutenak.

Hiru egunez, irailaren 11tik (ostirala) 13ra (igandea), zuzeneko musika, kalejirak eta adin guztietako ikusleentzako ikuskizunak uztartzen dituen programazioaz gozatu ahal izango du publikoak. Kartelean askotariko proposamenak daude: Potatoren reggae, ska eta rocksteady-a, EH Sukarraren rocka, brass band-a, elektrotxaranga, musika latinoa, erromeria, dixie jazz-a, perkusioa eta kaleko ikuskizunak.

Eibarko alkate Jon Iraolak herriak kultur ekimen berriak jasotzen jarraitzea garrantzitsua dela azpimarratu du, eta Ustekabek lehenengo edizio hau egiteko egindako lana nabarmendu du: “Oso pozik gaude bihar Agorra Fest  jaialdia abiatuko delako Eibarren. Herria ulertzeko dugun moduarekin bat datorren proposamena da: kaleko giroa, kultura, musika eta, batez ere, jendea elkarrekin ondo pasatzea. Gainera, urte osoan zehar Eibarren dugun kultura-egutegi zabalarekin bat egiten du, gustu eta adin guztietarako pentsatutako jarduera eta proposamenekin. Nahi duguna da kalera ateratzeko, kulturaz gozatzeko eta beste pertsona batzuekin topo egiteko arrazoiak egotea beti, eta jaialdi hau horren adibide argia da.”

Udalak ekimenarekin duen konpromisoa ere azpimarratu du Iraolak: “Udalak proiektu hau babestu nahi izan du, uste dugulako merezi duela era honetako ekimenen alde egotea; izan ere, giroa sortzen dute, gure kaleak dinamizatzen dituzte eta herritarrek kulturaz gertutik gozatzeko aukera ematen dute. Espero dugu bai eibartarrak bai bisitan datozenak ere kalera atera eta asteburu honetan jai-giroan parte hartzera animatzea”.

Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak Ustekabe zoriondu du, azken hilabeteotan jaialdia martxan jartzeko egin duen lanagatik eta izan duen ekimenagatik. “Agorra Fest oso proposamen berezia da, musika, kalea eta parte-hartzea uztartzeaz gain, Eibarko izaeraren isla ere badelako. Gainera, gero eta zabalagoa eta anitzagoa den kultura-egutegian sartzen da, eta publiko desberdinentzako proposamenak eskaini nahi ditugu, hala txikientzat nola adinekoentzat. Kasu honetan, hiru egun ditugu, musika estilo oso desberdinekin eta kulturaz modu hurbilean eta kalean gozatzeko aukera emango duten jarduerekin”.

Zabalak adierazi duenez, festibala “Eibarren askotariko kultur ekimenak sortzeko eta hartzeko dugun gaitasunaren erakusgarria da”, eta bereziki nabarmendu du egitarauan jasotako proposamenaren aniztasuna, baita tokiko taldeen eta hainbat tokitako formazioen parte-hartzea ere.

Ostiralean, irailak 11, 18:30ean hasiko da jaialdia, Eibarko Bizikleta Plazatik abiatuko den Broken Brothers Brass Band taldearen emanaldiarekin.

20:30ean, perkusioa, piroteknia eta pailazoen antzerkia uztartzen dituen Psycho Clownen ikuskizunaren ibilbidea hasiko da Toribio Etxebarrian, eta Untzagan amaituko.

Gaueko kontzertuak Untzaga plazan izango dira. 22:00etan, Goxua N'Saltsak musika-programazioa irekiko du, euskarazko musika latinoaren proposamenarekin. Gauerdian Potatoren txanda iritsiko da: karteleko izen nabarmenetako bat eta reggae, ska, rocksteady eta dub eszenako talde historikoa.

Larunbatean, hilaren 12an, izango dira ekitaldi gehienak. 10.30ean, Elgoibarko gaitero eta erraldoiek bereziki haurrei zuzendutako diana egingo dute, Errebaletik Untzagaraino eta handik Urkizuraino.

12:30ean, Ustekabek Urkizutik Untzagara arteko kalejira egingo du, 14:30ak arte.

Ospakizunarekin jarraitzeko, Ustekabek eta Urbat Waterpolo Klubak elkarrekin bazkalduko dute, kirol-taldeak ere aurten 25 urte beteko baititu. Asteburu osoan zehar, gainera, Urbatek txosna jarriko du Untzagan, eta bildutako diruaren zati bat Agorra Festen gastuak ordaintzeko erabiliko du.

Arratsaldean, 19:30ean, Burrunba Elektrotxarangak erdialdeko kaleak zeharkatuko ditu, Calbeton kaletik Untzagaraino. 22:00etan, EH Sukarra taldeak berriz ere joko du Eibarko publikoaren aurrean. Eguneko ospakizuna gauerdian amaituko da Laket taldearen erromeriarekin.

Irailaren 13an, igandean, 12:30etik aurrera, Euskorleans taldeak Eibarko erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu, musikaz eta animazioz beteriko hiru jardunaldiri amaiera emateko.

Lehen edizio honekin, Agorra Fest-ek Eibarko kultur egutegiaren barruko hitzordu bihurtu nahi du, eta herri osoarekin batera ospatu Ustekaberen 25 urteko ibilbidea. Jaialdiaren izenak berak, gainera, izaera lokal nabarmena du: “Agorra” edo “agorrilla” iraila izendatzeko Eibarko forma tradizionalak dira.

Programatutako jarduerak herriko kale eta plazetan egingo dira batez ere, eta eibartar eta kanpotik etorritako bisitariei gonbita egiten zaie musika protagonista izango den eta Eibarko kaleak eszenatoki bihurtuko diren asteburuaz disfrutatzera.