Eibarko Udalak Segurtasun eta Bizikidetzarako Plan Estrategikoa izango du
4 urteko planak balioko du segurtasunaren eta gizalegearen arloko udal-ekintza gidatuko duten neurri zehatzak ezartzeko. Lizitazioa hirian delinkuentzia-datuek behera egin duten unean dator; beherakada hori udalak segurtasunari ematen dion garrantziaren ondorioa da. Planak orain arte martxan jarritako ekintza zehatzak ebaluatu beharko ditu, auzozainaren figura, esaterako.
Eibarko Udalak laster ekingo dio hiriaren Segurtasun eta Bizikidetzarako Plan Estrategikoa lantzeko, idazteko eta haren jarraipena egiteko Laguntza Teknikoa kontratatzeko lizitazio publikoko prozesuari. Plan honen helburua da udalaren bide-orria osatuko duten neurri zehatzak ezartzea datozen urteetarako, udalerriko segurtasun eta bizikidetzaren arloan.
Dokumentua ez da zerotik abiatuko, eta balioko du, halaber, udalak modu aktiboan ezarri dituen eta eraginkortasuna erakusten ari diren prebentzio-tresnak eta tresna operatiboak sendotzeko, egituratzeko eta zabaltzeko. Gogoratu behar da aurten delituak nabarmen jaisten ari direla gure udalerrian.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, “jaitsiera honek Udaltzaingoaren eta Alkatetzaren aldetik udalerriko segurtasunari ematen ari zaion garrantziari eta egindako ahaleginari erantzuten dio. Badakit segurtasuna dela herritarren kezka nagusietako bat eta, horregatik Alkatetatzatik, zor zaion garrantzia ematen ari gara. Eta hor daude emaitzak”.
Udaltzaingoak sustatutako lizitazioak 72.600,00 euroko aurrekontua izango du (60.000,00 euro gehi % 21eko BEZa). Planaren helburu nagusia da Eibarko Udalak datozen urteetan segurtasunaren eta bizikidetzaren arloan jarraitu beharko duen ibilbide-orria ezartzea, hiri-ingurune segurua, kohesionatua eta baketsua bermatzeko. Planaren hasierako fasean diagnostiko parte-hartzaile bat egingo da (herritarrei inkesta elebiduna egingo zaie), bigarrenean estrategia landuko da, eta hirugarrenean ebaluazio jarraitua.
Baldintza-agirietan jasotzen da lanek genero-ikuspegia jaso behar dutela eta atxikitako langile guztiek euskarazko C1 maila izan behar dutela, komunikazioa bi hizkuntza ofizialetan bermatzeko.
Etorkizuneko udal-estrategiak hiru ardatz nagusi indartu beharko ditu lehentasunez, erabakigarriak izaten ari direnak 2026an udalerrian izandako delituen bilakaeran:
- Auzozainaren figura sendotzea: Figura hau joan den apirilean jarri zen martxan, eta oso emaitza onak ematen ari da; izan ere, gertuko eredu bat eskaintzen du, barruti bakoitzeko auzotarren eskaerei, kexei eta iradokizunei lehen eskutik erantzuten diena.
- Bideozaintzaren hedapen teknologikoa hiriko zenbait eremutan. Horri gehitu behar zaio udalerriko puntu estrategikoetan trafikoa kontrolatzeko kamerak ezartzea, prebentziorako eta poliziaren laguntzarako funtsezko tresna gisa.
- Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza, lana ahalik eta eraginkorrena izan dadin.
Ibilbide-orri honen definizioak bat egiten du Eibarko delinkuentziaren balantze positiboarekin. Ertzaintzak 2026ko urtarriletik abuztura bitartean emandako behin-behineko datuen arabera, poliziaren presioak eta prebentzioak inpaktu sozial handiko delitu-tipologien jaitsiera eragin dute, iazko datuekin alderatuta: etxeetan egindako lapurretak 33 kasutik 22ra jaitsi ziren; espazio itxietan egindako lapurretak 73tik 25era; eta sexu-askatasunaren aurkako delituak 10 kasutik 4ra jaitsi ziren, aurreko urtearekin alderatuta.
Jon Iraola Eibarko alkateak Segurtasun eta Bizikidetzarako Plan Estrategiko honen garrantzia testuinguruan jarri du.
“Badakigu segurtasuna dela eibartarren lehentasun handienetako bat. Aurtengo datuek erakusten dute norabide egokian goazela, baina segurtasunak etengabeko lana eta arreta eskatzen du, eta ezin diogu erne egoteari utzi. Lau urteko iraupena izango duen Plan Estrategiko hau funtsezkoa da, behin betiko ibilbide-orria ezarriko baitu, beheranzko joera hori finkatzeko beharrezkoak diren neurri zehatzekin".
"Eibar seguru bat nahi dugu, eguneroko bizitza lasaitasun osoz egin ahal izateko. Plan honen bidez, Ertzaintzarekiko lankidetza blindatu, prebentzioa bultzatu eta gure auzoetako errealitatera etengabe konektatuta egongo den Udaltzaingo hurbil baten aldeko apustu irmoa egin nahi dugu", adierazi du alkateak.