Eibar TEK komunitateak, Udalarekin lankidetzan, azken 90 plazak ireki ditu 200 bazkidera iritsi ondoren; komunitatea sustatzeko, informazio-hitzaldien ziklo berri bat eta "Lagun Berria" kanpaina jarri ditu abian
Tokiko energia-komunitateak informazio-saioak antolatu ditu Coliseoan eta Errebalen, eta merkataritza-sektorerako online topaketa espezifiko bat. Gaur egungo bazkideek hiru hilabeteko kuota doan jaso ahal izango dute proiektura erakartzen duten kide berri bakoitzeko.
Eibarko Tokiko Energia Komunitateak (TEK Eibar), 2024. urtearen amaieran martxan jarri zenetik jasotako hasierako bultzadaren ondoren, sendotze- eta hedatze-fase bati ekingo dio. Komunitatea % 100 berriztagarria den eta 0 km-ko energia autokontsumo kolektiboa sustatzeko diseinatuta dagoen ekimen bat da, eta dagoeneko 200 familia eta hainbat komertzio ditu harpidedun. Une honetan, 90 plaza libre daude instalazioaren kupoa betetzeko.
Fase berri hau Eibarko Udalaren konpromisoaren jarraipena da. Izan ere, udala izan zen proiektuaren hasierako sustatzailea, udalerrian energia-eredu iraunkorrago baterako trantsizioa sustatzeko.
Udal-bultzada, hiri-berroneratzea eta tokiko jasangarritasuna
Eibar TEK komunitate energetikoaren funtsa da eraikin publikoetan panel fotovoltaikoak instalatzea. Neurri estrategiko horrek, hurbileko energia-autokontsumoa sustatzeaz gain, hiri-berroneratzean eta tokiko deskarbonizazio-prozesuan aurrera egiten laguntzen du.
“Udalaren eta bizilagunen arteko lankidetza publiko-pribatuaren eredu baten emaitza da proiektua. Eibarko Udalak proiektua martxan jartzen lagundu eta 1.093 m²-ko azalera erabilgarria utzi zuen hiru tokitan: Portalea Kultur Etxea, Arrateko Andra Mari Ikastetxea eta Amaña Eskola. Halaber, udalak TEK komunitatearen bazkide aktibo gisa duen inplikazio zuzenari eusten dio, komunitatearen hazkundean eta kudeaketan lagunduz”, azaldu du Eva Juez Garmendia Ingurumen zinegotziak.
Jon Iraola Eibarko alkateak herritarren parte-hartzea zabaltzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu du: “200 bazkide lortzeak erakusten du badagoela interesa eredu energetiko hurbilago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko. Gure helburua da gero eta familia eta saltoki gehiagok udalerrian bertan sortutako energia berriztagarriaren onurak jaso ahal izatea, eta, horrela, haien faktura elektrikoan ere eragin zuzena izatea”.
Tokiko trantsizio energetikorako balio duen proiektua
2024. urtearen amaieran aktibatu zenetik, Eibar TEK komunitateak obrarik eta instalaziorik gabeko azpiegitura fotovoltaiko bat jarri du herritarren eskura, karbono-aztarna murriztera eta kideen faktura elektrikoa merkatzera bideratua.
- Gaitasun teknikoa: 164 kW-eko potentzia.
- Azpiegitura: 364 eguzki-plaka fotovoltaiko Portalea Kultur Etxeko, Arrateko Andra Mari Ikastetxeko eta Amaña Ikastetxeko udal-estalkietan.
- Irismena eta estaldura: Udalerriko etxe eta saltokiei energia berriztagarria eta '0 km'-koa ematen die, eta faktura elektrikoa murriztea ahalbidetzen du, etxebizitzetan obrarik eta instalaziorik egin beharrik izan gabe.
- Egungo komunitatea: 200 bazkide aktibo eta 90 plaza erabilgarri, gehienezko sortze-ahalmena bete arte.
Informazio-hitzaldien eta arreta-puntuen egutegia
Zalantzak argitzeko, eredu energetikoaren funtzionamendua azaltzeko eta interesa duten pertsonei izena emateko prozesua gidatzeko, jendaurreko hitzaldi informatibo irekiak egingo dira eta tokiko sare komertzialerako berariazko saio bat:
- Azaroak 9, astelehena (13:30): Online-saioa saltokientzat: Negozio txikiei eta tokiko establezimenduei zuzendutako saio telematikoa (data eta saratzeko esteka eskuragarri daude TEKen kanal ofizialen bidez).
- Azaroak 10, asteartea (18:30): Aurrez aurreko hitzaldi informatiboa Coliseo antzokian.
- Azaroaren 12a, osteguna (12:00): Aurrez aurreko hitzaldi informatiboa Errebalen.
"Lagun Berria” kanpaina: konpromiso komunitarioari emandako saria
Komunitatearen inplikazioa saritzeko eta hutsik dauden plazak betetzea errazteko, TEK Eibarrek "Lagun Berria" promozioa jarri du abian. Ekimen honen bidez, proiektua hurbileko bati gomendatzen dion bazkide bakoitzak doan lortuko du 3 hilabeteko kuota, bazkide berri bakoitzeko (partizipazio baten baliokidea), eta gonbidatuak onura bera izango du. Kide bakoitzak gehienez ere 4 lagun gonbidatu ahal izango ditu kanpaina honen barruan.
Informazioa eta izen-ematea
Energia-komunitatearekin bat egin nahi duten pertsonek, saltoki txikiek edo ETEek informazioa jaso edo alta eman dezakete, kanal hauen bidez:
- Webgunea: www.tekeibar.eus
- Doako telefonoa: 900 859 695
- Helbide elektronikoa: info@tekeibar.eus
