Eibarko Udala
gizartekintza

Migrazioaz, bizikidetzaz eta giza eskubideez hausnartzeko jarduera berriak antolatu ditu udalak

2026/10/26
Kartela.

Urritik abendura bitartean antolatutako egitarauaren barruan, hitzaldiak, literatur topaketak, informazio saioak eta kultur proposamenak izango dira Portalean eta Coliseo antzokian.

Eibarko Udalak jarduerez betetako programazio  bat prestatu du datozen hilabeteetarako, migrazioaren, giza eskubideen, bizikidetzaren eta kultura-aniztasunaren inguruko hausnarketa sustatzeko. Ekimenak hainbat proposamen bilduko ditu urria eta abendua bitartean, eta profesionalek, idazleek eta eragile sozialek hartuko dute parte.

Ekitaldi gehienak Portalean izango dira, baina Coliseoan ere izango da jarduerarik. Hitzaldien, topaketen eta ikus-entzunezko proiekzioen bidez, programazioak herritarrei hainbat errealitate hurbildu nahi dizkie, eta informatzeko, hitz egiteko eta parte hartzeko guneak eskaini.

Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu du oso garrantzitsua dela hiri irekia eta pertsonekiko konprometitua eraikitzen lagunduko duten ekimenak bultzatzea. «Eibar beti izan da jatorri ezberdinetako pertsonen ahaleginarekin eraikitako hiria. Aniztasun hori gure historiaren eta identitatearen parte da. Horregatik, topaguneak sustatzen jarraitu nahi dugu beste errealitate batzuk ezagutzeko, ahots ezberdinak entzuteko eta elkarbizitza indartzeko », adierazi du.

Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, berriz, sentsibilizazioa informazio praktikoarekin uztartzearen balioa azpimarratu du. «Nahi duguna da programazio honek balio izatea bai eragiten diguten gai sozialen inguruan hausnartzeko, bai premia dutenei tresna erabilgarriak eskaintzeko. Migrazioaz, eskubideez eta elkarbizitzaz hitz egitea aukera-berdintasunaz hitz egitea da  eta, baita gure hirian elkarrekin nola bizi nahi dugun pentsatzea ere», esan du.

Programak hausnarketa, literatura eta zinema uztartzen ditu. 

Programazioa urriaren 29an hasiko da 18:30ean, Portalean, Mujeres y represión universitaria en Colombia gaztelaniazko saioarekin, Kolonbiako unibertsitate esparruko emakumeen errealitatea eta errepresio-egoerak ardatz dituena.

Azaroaren 4an, 19:00etan, Amets Arzallus bertsolari eta idazlearekin solasaldi bat egingo da Portalean, Miñan liburua oinarri hartuta; liburuak aukera ematen du etorkizun hobe baten bila bidaiatzen dutenek aurre egin beharreko migrazio-esperientzietara eta zailtasunetara hurbiltzeko.

Hurrengo egunean, azaroaren 5ean, 19.00etan eta gazteleraz, SOS Arrazakeriako abokatu batek atzerritartasun-tramiteei buruzko informazio saioa emango du. Jarduerak informazioa eskainiko du atzerritartasun-prozedurekin lotutako gai administratiboen gainean.

Hausnarketak azaroaren 12an jarraituko du, arratsaldeko 19.00etan, Migración, islamofobia y convivencia:  Ceuta como parte de la reflexión hitzaldiarekin, zeinean migrazio-mugimenduen, aurreiritzien eta elkarbizitza sozialaren arteko harremana jorratuko den.

Familiei zuzendutako proposamenak ere izango dira. Azaroaren 28an, 12.00etan, euskarazko Zapatuko ipuinak saioa egingo da Portalean, Euskal Herria Sahara izenburupean; ipuinen bidez Euskal Herriko eta Saharako errealitateetara gerturatuko du publikoa.

Abenduan, hilaren 2an, 18:30ean, Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren emanaldia izango da Portalean, eta, ondoren, solasaldia egingo da euskaraz. Jarduerak Bidasoako mugari lotutako errealitateetan eta pertsona migratzaileen esperientzietan sakontzea ahalbidetuko du.

Programazioa abenduaren 18an amaituko da, 19:00etan, Coliseo antzokian, No hay negros en el Tibet Live Show gaztelaniazko ikuskizunarekin.

Ekimen honen bidez, Eibarko Udalak kultura, informazioa eta gizarte-sentsibilizazioa uztartzen dituen programazioaren aldeko apustua indartu nahi du, beste errealitate batzuk ezagutzeko eta errespetuan eta aniztasunaren onarpenean oinarritutako elkarbizitza sustatzeko aukerak sortuz.