Eibarko Udala
Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren IV. Azoka

Eibarko Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren IV. Azokak kontsumo jasangarrirako alternatibekin beteko du Errebal

2026/10/21
Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren IV. Azokaren aurkezpena.
Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren IV. Azokaren aurkezpena.

Azoka urriaren 24an, larunbatean, izango da, 10:30etik 14:30era, eta proposamen ugari eskainiko ditu: tokiko merkataritza, ekoizpen agroekologikoa, bidezko merkataritza, ekonomia sozial eta solidarioa, artisautza eta moda jasangarria, hainbat tailer eta jarduerarekin batera.

Urriaren 24an, larunbata, Errebal plazan Eibarko Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren IV. Azoka egingo da, zeina, urtez urte, elikadura ekologikoaren, kontsumo arduratsuaren eta ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasangarriagoen inguruko topagune bilakatu den.

Azokaren antolatzaileak hauek dira: Eibarko Udala, Biolur –Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Elkartea–, Debemen – Debabarreneko Landa Garapenerako Elkartea–, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK-Ekolurra), Egoaizia GKEa eta Aldatzen Elkartea.

10:30etik 14:30era bitartean, Errebaleko plaza estalian herritarrei hainbat alternatiba gerturatuko zaizkie, kontsumoa modu kontzienteago, jasangarriago eta hurbilagoan egiteko eta pertsonekin eta ingurunearekin konprometituago ereduetarantz aurrera egin ahal izateko.

Azokak ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko lotura ere indartu nahi du, eta herritarrei gerturatu tokian tokiko produktuak, sasoikoak eta printzipio agroekologikoei jarraituz ekoitziak, elikadura-sistema bidezkoago, osasuntsuago eta jasangarriago baterantz aurrera egiten laguntzea helburu.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du garrantzitsua dela horrelako alternatibak herritarrei erakustea eta ingurunearekin konpromiso handiagoa duen hiria eraikitzen lagunduko duten ekimenak bultzatzea. «Azoka honek aukera ematen digu erakusteko denon eskura dagoela modu arduratsuago batean kontsumitzea. Bertako produktuen alde egitea, modu jasangarrian ekoizten dutenei laguntzea eta kontsumitzeko beste modu batzuk ezagutzea keinu txikiak dira, baina denak  batuta, eragin positiboa dute gure ekonomian eta ingurumenean. Udalak jarraituko du Eibar gero eta hiri jasangarriagoa eta bere inguruneaz kontzienteagoa egiten duten ekimenak bultzatzen».

Bestalde, Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapeneko zinegotziak azpimarratu du azoka erakusleiho garrantzitsua dela gertuko merkataritzarako, eta ekonomia sozial eta solidarioarekin lotutako proiektuetarako. «Azoka aukera egokia da ikusgarritasuna emateko ekoizpen arduratsuaren eta ekonomia egiteko beste modu baten alde egiten dutenen lanari. Bertako produktuak eta hurbileko merkataritza babesteak jarduera ekonomikoa mantentzen, aukerak sortzen eta gure tokiko sarea indartzen laguntzea ere esan nahi du. Errebal ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko elkargunea izatea nahi dugu, eta herritarrek egunerokoan txertatu ditzakeen alternatibak deskubritzea».

Azokaren osagarri gisa, eta ENEEK-Ekolurraren laguntzari esker, urriaren 19tik 23ra bitartean azokan erabiltzeko 5 euroko bonuak banatuko dira Errebal plazan dagoen Basaguneren lokalean. Bonu bat emango da pertsonako, izakinak agortu arte, eta elikagai ekologikoetan gutxienez 15 euroko erosketa egiten bada erabili ahal izango dira. 

Azokaren egunean, aurreko urteetan bezala, Miriam Chefintegrativak EKOerrezetak jarduera eskainiko du: produktu ekologikoekin eta sasoiko produktuekin prestatutako errezetak egin eta dastatuko dira. 

Gainera, berrikuntza gisa, aurten Errebaleko LUSAI tabernak 50 EKOgosari eskainiko ditu. Tiketak azokaren egun berean banatuko dira –tiket bat pertsonako–, Errebalen egin ohi den azokako baserritarrei 15 eurotik gorako erosketa egiten dieten pertsonen artean. EKOgosaria zuzeneko musikaz lagunduta egingo da, Eibarko Sofia Machin artistaren eskutik.

Larunbat goizean, halaber, haurrentzako tailerrak, kontsumo arduratsuari buruzko sentsibilizazio-jarduerak, REAS Euskadiren erakusketaren bisita gidatua eta kontsumo arduratsurako alternatibekin lotutako proposamenak egingo dira. Debegesak etxebizitzen eraginkortasun energetikoa neurtzeko kit-aren berri emango du, eta erabiltzen ez diren telefono mugikorrak jasotzeko gune bat egongo da azokan.

Programazioa 2026ko Kartel Lehiaketa Artistikora aurkeztutako lanen erakusketarekin osatuko da, aurten “Eraldatzen duten haziak: emakumeak eta bizitzari eusten dioten eskubideak” lelopean, eta sariak azokaren amaieran banatuko dira.

EGITARAUA

10:30-11:30 | EKOgosaria: gosari ekologikoa, zuzeneko musikarekin.

11:30 | REAS Euskadiren “Bizitza erdigunean, ekonomia solidarioari buruzko begirada feminista” erakusketara bisita gidatua.

11:30-13:30 | Haurrentzako txapa- eta pintura-tailerrak.

12:00 | “Patata beroa”, kontsumo arduratsuari buruzko dinamika.

12:00 14:00 | EKOerrezetak, Miriam Chefintegrativarekin.

14:00 | Azokako produktuez osatutako saskien zozketa eta 2026ko Kartel Lehiaketaren sari-banaketa.