Eibarko Udala
obrak

Jardiñetako lehen igogailua lizitaziora atera du Eibarko Udalak, milioi bat euroko inbertsioarekin

2026/10/22
Artxiboko argazkia.

Jarduketak 33. eta 35. pegoren irisgarritasuna hobetuko du, eta auzoko bizilagunen mugikortasuna errazteko bi igogailu aurreikusten dituen proiektuaren lehen urratsa izango da. Zortzi hilabeteko epea aurreikusi dute lanak amaitzeko.

Eibarko Udalak Jardiñetako lehen igogailuaren obrak lizitaziora ateratzeko kontratazio-espedientea onartu du. Obra horien helburua kaleko 33. eta 35. atarietako irisgarritasuna hobetzea da, bai eta eremu horretako bizilagunek egindako eskari bati —gunearen orografiak eragindako mugikortasun-arazoekin lotua— erantzutea.

Kontratuaren lizitazio-aurrekontua 1.001.964,70 eurokoa da, BEZa barne, eta horietatik 828.070 euro BEZik gabeko aurrekontuari dagozkio. Kontratazioa prozedura irekiaren bidez izapidetuko da, eta pleguetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten enpresa interesdunek parte hartu ahal izango dute. Obrak egiteko aurreikusitako epea zortzi hilabete ingurukoa da.

Lehen esku-hartze hau proiektu zabalago baten abiapuntua da, zeinaren arabera, bi igogailu jarriko diren Jardiñetako etxebizitza-blokeen eta kalearen arteko joan-etorriak errazteko. Helburua bizilagunen autonomia hobetzea da, batez ere, eskailerak eta desnibelak gainditzeko zailtasunak dituzten pertsonena.

Gaur egun, 29. eta 31. atariek aparkaleku txiki batetik dute ibilgailuentzako sarbidea. Hala ere, 33. eta 35. atarietara iristeko, 7,70 metroko kota-aldea gainditzen duten eskailerak erabili behar dira. Azken eraikin horiek, gainera, ez dute ibilgailuentzako zuzeneko sarbiderik, eta, beraz, bertan bizi direnak eskaileren eta oinezkoentzako bideak erabili behar dituzte beren etxeetara joateko.

Lehen igogailuak 33. eta 35. atarien irisgarritasun-baldintzak hobetzea ahalbidetuko du: igogailu bat jarriko dute, zortzi lagunentzako lekua izango duena, 630 kilo, eta 7,50 metroko desnibela gaindituko duena. Jarduketaren barruan sartzen dira, era berean, etxebizitzetarako sarbidea errazteko beharrezkoak diren oinezkoen ibilbideak.

Ingelan SL enpresak idatzi du proiektua, eta bai oinezkoentzako bideak bai igogailuak lurrean integratuta geratzea aurreikusten du, begi-inpaktua murriztu eta ingurunera egokitze aldera. Bestalde, obrek iraun bitartean makinak eta langileak sartzeko behin-behineko bide bat egokituko da.

Jon Iraola Eibarko alkateak proiektuak aurrera egin eta lizitazio-fasera iritsi ahal izateko egindako lana nabarmendu du. «Badakigu Jardiñetako bizilagun asko aspalditik daudela igogailu honen zain, eta kontziente gara haien egunerokotasunerako duen garrantziaz. Lan handia egin dugu egoera desblokeatzeko eta proiektua prestatu bitartean sortu diren zailtasunei aurre egiteko. Gaur urrats garrantzitsu bat emango dugu: lizitazioa martxan dago jada, eta gertuago gaude auzotarren eskari hau errealitate bilakatzetik».

Iraolak azpimarratu du Udalak Eibarko auzo guztietan irisgarritasuna hobetzeko hartutako konpromisoari erantzuten diola jarduketak. «Ez gara igogailu bat jartzeaz soilik ari, pertsonak beren etxeetan autonomia eta erosotasun handiagoarekin sartu eta atera ahal izatea errazteaz baizik. Jardiñetak esku-hartze hau behar du, eta lanean jarraituko dugu, lehen fase hori osatuta, bigarren igogailuarekin ere aurrera egin ahal izateko».

Bestalde, Obretako zinegotzi Andoni Ameztoyk puntu honetara iristeko beharrezkoa den lan tekniko eta administratiboan egin du azpimarra. «Lizitazio honen atzean lan handia dago irtenbide teknikoa definitzeko, proiektuaren afekzioak berrikusteko eta obrak kontratatu ahal izateko beharrezkoa den dokumentazio guztia prestatzen. Urrats hau behar diren bermeekin eman nahi genuen, esku-hartzea behar bezala garatu ahal izateko».

Ameztoyk azaldu duenez, lehen igogailuak 33. eta 35. pegorei emango die zerbitzua, eta gune horretako mugikortasuna gehien baldintzatzen duen desnibeletako bat gainditzeko aukera emango du. «Badakigu itxaronaldia luzea egin dela, baina gaur-gaurkoz esan dezakegu proiektuak aurrera jarraitzen duela. Lizitazioa funtsezko aurrerapen bat da, bizilagunak eguneroko bizitzan hobekuntza hori nabaritzen hasten diren unera hurbiltzen gaituena. Gure helburua da lehen esku-hartze hau Jardiñetarentzat ere konponbide osoaren hasiera izatea».

Behin lehen igogailua eginda, 29. eta 31. atariei zerbitzua emango dien bigarren faseari heltzea da udalaren nahia. Hala, bizitegi multzorako aurreikusitako soluzioa osatu, eta eraikinen eta Jardiñeta kalearen arteko komunikazio bertikala erraztuko da.

Soluzioak bi igogailu aurreikusten ditu, bata bestearekin eta kalearekin komunikatuta. Beheko igogailuak 10,25 metroko desnibela gaindituko du, eta goikoak, berriz, lehen fase honetan aurreikusitako 7,50 metroko desnibela. Biek zortzi lagunentzako lekua izango dute.

Jarduera irisgarritasuna hobetzeko udal planaren barruan kokatzen da, eta auzoan egindako beste esku-hartze batzuei gehitzen zaie, izan ere, duela gutxi aparkalekuaren eremua handitu eta hobetzeko lanak egin dira.

Espedientea onartuta eta adjudikazio-prozedura irekita, Udalak aurrera egiten du, ahalbidetuz, batetik,  Jardiñetako etxebizitzetarako sarbidea hobetzea, eta bestetik, bigarren fase batean lau atarietarako aurreikusitako esku-hartzea osatzeko oinarriak ezartzea.

Udalaren helburua da inbertsio honek bertako bizilagunen eguneroko bizitza hobetzen laguntzea eta, era berean, aukera ematea desnibelen ondoriozko zailtasunek pertsonen mugikortasunean eta autonomian gero eta eragin txikiagoa izango duten auzo bat lortzeko.