Eibarko Udalak eta Debegesak maletin mailegu-zerbitzua eskaintzen dute, herritarrek beren etxeetako energia-diagnostikoak egin ditzaten
‘Energia Argitu’ kit-ak sei tresna erraz biltzen ditu, energia-galerak hautemateko, kontsumoak doitzeko eta argindarraren fakturaren kostua murrizteko. Tresnak eta zerbitzuari buruzko informazioa urriaren 24an egongo dira eskuragarri Eibarko Kontsumo Arduratsuaren eta Ekologikoaren IV. Azokan.
Eibarko Udalak, Debegesa Eskualdeko Garapen Agentziarekin lankidetzan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Energia Argituz kanpainaren barruan, etxebizitzetako energia-diagnostikoak egiteko doako maletin mailegu-zerbitzu berria jarri du herritarren eskura.
Ekimen honen helburua da edozein herritarrek, aurretiazko ezagutza teknikorik izan gabe, bere etxebizitzaren energia-eraginkortasuna ebaluatu eta energia-gastua zein ingurumen-inpaktua murrizteko aukerak identifikatu ahal izatea.
Etxean erabiltzeko tresna errazak
Maletinak erabilera errazeko sei tresna ditu: aire-ihesak hautemateko detektagailu bat, termometro-higrometro bat, erradiadoreak purgatzeko tresna bat, entxufeetako kontsumo elektrikoa neurtzeko gailu bat, hozkailurako termometro bat eta ur-emaria neurtzeko kronometro bat.
Horrez gain, etxebizitzaren funtsezko alderdiei buruzko galdetegi gidatu bat ere badakar. Besteak beste, argiztapena, berokuntza, ur beroa, isolamendua, ekipoak eta instalazioak aztertzen ditu. Galdetegiak puntu kritikoak identifikatzen laguntzen du, eta fakturetan aurrezteko gomendio praktiko eta errazak eskaintzen ditu.
Nola eskatu maletina maileguan?
Maletina aldi baterako maileguan har daiteke, 10 egunez, PEGORAn (Herritarren Arretarako Bulegoan). Eskatzeko, interesdunek aldez aurretik erreserba egin beharko dute bide hauetako baten bidez:
- Telefonoa: 943 82 01 10
- Posta elektronikoa: agenda2030@debegesa.eus
Maileguaren baldintzak:
- Materiala arduraz erabiltzeko konpromisoa hartzea.
- Nortasun-agiriaren fotokopia aurkeztea.
- Maletina jasotzean baldintzak onartzeko agiria sinatzea, eta itzultzean, entregatu izanaren adierazpena sinatzea.
Informazioa eta arreta, Kontsumo Arduratsuaren Azokan
Zerbitzu honen funtzionamendua ezagutarazteko, Debegesak informazio-postua izango du urriaren 24an, 10:30etik 14:30era, Errebal plazan, Egoaiziak antolatutako Eibarko Kontsumo Arduratsuaren eta Ekologikoaren IV. Azokaren barruan.
Gune horretan, herritarren zalantzak argituko dira, eta Energia Bulego Birtualari (https://energia.debegesa.eus/eu) buruzko informazioa ere emango da. Bulego horrek doako aholkularitza eskaintzen du energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien instalazioaren inguruan.
Tokiko Energia Komunitatearen (TEK Eibar) inguruko berritasunak
Azokaren barruan, herritarrek Eibarko Tokiko Energia Komunitatearen (TEK Eibar) postua ere bisitatu ahal izango dute. 2024. urtearen amaieran abian jarritako ekimen honen helburua da % 100 energia berriztagarriko eta 0 kilometroko energia-autokontsumo kolektiboa sustatzea, udal-eraikinetako estalkietan instalatutako eguzki-plaka fotovoltaikoen bidez.
Gaur egun, TEK Eibarrek 200 familia eta saltoki ditu atxikita, eta hedapen-fase berri bati ekin dio. Instalazioaren plaza guztiak betetzeko, azken 90 plaza libreak ditu eskuragarri.
Energia-eredu jasangarriago honekin bat egin nahi duten pertsonek azokan bertan jaso dezakete informazioa, doako 900 85 96 99 telefono-zenbakira deitu edo info@tekeibar.eus helbidera idatzi.