Eibarko KIUB Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa Errebal Plazako lokal batera lekualdatuko da gaur, zerbitzuaren ikusgarritasuna indartzeko asmoz
2025ean, 1.381 kontsulta jaso eta 220 erreklamazio bideratu zituen. Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak asteazken honetan estreinatuko du kokapen berria, bere lana herritarrei gerturatzea helburu.
Eibarko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa (KIUB) Errebal Plazako lokal batera lekualdatuko da asteazken honetan, urriaren 21ean. Aldaketa horrekin, Udalak ikusgarriago egin nahi du udal zerbitzu hau, hirian duen presentzia indartu, eta herritarrek informazioa jasotzeko eta kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak defendatzeko eskura dituzten baliabideak ezagutu ditzaten erraztu.
Jon Iraola Eibarko alkateak udal-zerbitzuak herritarrengana hurbiltzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du: “Zerbitzu publikoak gero eta eskuragarriagoak izatea nahi dugu, eta herritarrek eskura dituzten baliabideak ezagutzea. KIUBek kontsumitzaileen eskubideen aldeko aholkularitza- eta defentsa-lan garrantzitsua egiten du, eta lekualdatze honek eibartarrek oso ondo baloratzen duten zerbitzuari ikusgarritasun handiagoa ematea ahalbidetuko digu”.
Bestalde, Vanesa Hortas Ekonomia Garapeneko zinegotziak azpimarratu duenez, “KIUBek oso arreta praktikoa eskaintzen du zalantzak argitzeko eta kontsumitzaileei beren eskubideak baliatzen laguntzeko. Errebal Plazara eramanda, zerbitzua indartu eta herritarrengana are gehiago hurbildu nahi dugu, Eibarren erreferentziazkoa den espazio bat aprobetxatuz, pertsona gehiagok jakin dezaten zer lan egiten duten bertan eta behar dutenean haiengana jo dezaten”.
KIUBek informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzen ditu kontratuekin, fakturekin, hornidurekin eta bestelako kontsumo-zerbitzuekin lotutako arazoen aurrean. Gainera, Kontsumobiderekin, Kontsumoko Euskal Institutuarekin, koordinatuta lan egiten du.
KIUBek egiten duen lana zerbitzu honen garrantziaren isla da. 2025ean, bulegoak 1.381 kontsultari erantzun zien eta 220 erreklamazio izapidetu zituen; aurreko urtean, berriz, 163 izan ziren. Horrek esan nahi du formalizatutako kexa kopuruak nabarmen egin duela gora.
Telekomunikazioen sektoreak sortu zituen erreklamazio gehien (guztien % 30), eta, ondoren, energiak (% 25). Atzemandako arazo nagusien artean daude Interneteko eta telebistako zerbitzuetako gorabeherak, horniduren fakturetako akatsak, gardentasun gutxiko kontratazioak eta eskatu gabeko zerbitzuen kobrantza.
Bulegoak informazio-jarduerak ere egin zituen, herritarrei beren eskubideak ezagutzen eta erabakiak segurtasun handiagoz hartzen laguntzeko. Horien artean, nabarmendu beharra dago abenduan elektrizitatearen eta gasaren merkatu librearen eta merkatu arautuaren arteko desberdintasunei buruz egindako hitzaldia.
Era berean, aurretiko hitzorduaren sistema finkatuta, arretaren antolaketa hobetu egin da. Telefono bidezko kontsultak 275 izatetik 2024an 594 izatera pasatu ziren 2025ean, ia bikoitza, deiak eta erabiltzaileen beharrak modu eraginkorragoan kudeatu direlako.
Lekualdaketa dela eta, KIUBek udaletxearen beheko solairuan zuen lehengo kokapena utzi eta Errebal Plazaren lokaletik emago du zerbitzua. Arreta emateko ohiko ordutegia astelehenetik ostiralera da, 09:00etatik 14:00etara, aurretik hitzordua hartuta.
Eibarren erroldatuta daudenek informazioa eskatu edo hitzordua kudeatu dezakete 943 20 38 43 telefonoan, posta elektronikoan edo udaletxeko atezaintzan bertan.
Lekualdaketa honekin, Udalak KIUBaren presentzia indartu nahi du, eta herritarrek udal-baliabide hori ezagutu eta erabiltzea, dituzten zalantzak argitzeko eta kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak defendatzeko.