Eibarko Udala
ECI

PSE-EE eta Eibarko EAJ-PNV akordio batera iritsi dira Corte Ingleseko eraikina erosteko

2026/10/16
Corte Ingleseko eraikina.
Corte Ingleseko eraikina.

Erosketa-prezioa 9.000.000 eurokoa da (BEZik gabe), eta mailegu baten bidez finantzatuko da. “Hiriarentzat estrategikoa den operazio baten aurrean gaude. Herritarrak Corte Ingleseko eraikinarekin zer egingo zain daude, ezin baitzen hutsik geratu. Pausoak ematen hasteko unea da”, dio Jon Iraola alkateak. “Gure lehentasuna da eraikineko ia 700 aparkaleku-plazak herritarren zerbitzura jartzea lehenbailehen, eta lan egitea eraikinari Eibarrerako balioa izango duen jarduera bat emateko” azaldu du Alberto de la Hoz EAJ-PNVren bozeramaileak.

Udal gobernu taldeak akordioa lortu du Corte Ingleseko eraikina erosteko. Horrela, Eibarko Udalak bigarren bizitza bat emango lioke hiriaren erdigunean kokatutako eraikin enblematiko honi, zeina jarduerarik gabe dagoen 2021eko uztailaren 30ean ateak itxi zituenetik, ia 12 urtean zabalik egon ondoren. 

“Ia une horretatik aurrera,  negoziazio-prozesu bat hasi genuen Corte Inglesarekin, honaino ekarri gaituena. Hasieratik argi izan genuen gure helburua eraikina eskuratu eta beste erabilera bat ematea zela. Eibarko herritarrak ere horren zain daude. Denbora honetan guztian, eskuratzeko baldintzak ixteaz gain, bertara eraman ditzakegun proiektuak ere sakon landu ditugu; egitasmo horiek gaur egungo beharrizanei erantzungo diete eta, kokatuta dagoen ingurua berriro dinamizatzeko ere balioko dute” adierazi du PSE-EEko bozeramaile Vanesa Hortasek.

Erosketa-prezioa 9 milioi eurokoa da (BEZik gabe), eta mailegu baten bidez finantzatuko da.

“Iragarpen honekin, hilabete askotako lan- eta analisi-prozesu bati ematen zaio amaiera. Tamaina honetako proiektu bat egiteko, erosketaren bideragarritasuna egiaztatzeko beharrezkoak diren berme teknikoak bete dira, besteak beste, eraikinaren patologiei buruzko hirigintza-txosten bat, jardueraren bideragarritasun ekonomikoari buruzko plan bat eta udaleko teknikariek egiaztatutako esku-hartzearen finantza-bideragarritasunari buruzko txosten bat. Zuhurtziaren printzipioan oinarrituta egingo dugu lan beti, eta horrela egin dugu bide honetako urrats bakoitzean” adierazi du de la Hozek.

Orain, gobernu-taldeak martxan jarriko ditu beharrezkoak diren tramiteak,  udalak dagozkion erabakiak har ditzan. Lehenik eta behin, erosketa egiteko behar den mailegua kudeatu. Eta bigarrenik, behin finantzaketa lortuta, eraikina erosi. Erosketa noiz egingo den oraindik zehaztu barik dago, baina alkatea eta Corte Inglesa bat datoz Gabonak baino lehen izan beharko litzatekeela esatean.

Eraikina erosteko behar den finantza-eragiketak udaleko teknikarien aldeko txostenak ditu.

Eragiketaren baldintzak behar bezala azaldu zaizkie udaleko gainerako alderdi politikoei. 

“Era berean, prozesuari gardentasun handiagoa emateko, eraikinaren tasazio bat gehituko zaio espedienteari udalaz kanpoko enpresa batek egina”, adierazi du Hortasek.

Horren harira, Iraolak hauxe gaineratu du: “Denbora honetan guztian, Corte Inglesarekin izandako negoziazioetan, saiatu gara baldintzak udalarentzat ahalik eta onenak izan zitezen, egin behar dugun esfortzu ekonomikoa kontuan hartuta. Alde horretatik, Corte Inglesari eskerrak eman nahi dizkiot eragiketa  errazteko eta erosketa-baldintzak ixteko erakutsitako interesagatik.”

Bestalde, EAJ-PNVren bozeramaileak zera adierazi du: “Lan egingo dugu eraikin honek Eibarri gaur egun behar dituen instalazioak eskain diezazkion.  Beste erakunde batzuekin batera lan egingo dugu eraikin honetara Eibarrentzat eta Debabarrenarentzat balioa sortuko duten aukerak erakartzeko, udal instalazioetan egin beharreko beste inbertsio asko ahaztu gabe”. 

Higiezin hau eskuratzea inflexio-puntu bat izango da udalerriarentzat. 

Jon Iraolak zera esanez amaitu du: “Espazio honi bigarren bizitza bat ematea erronka ez ezik premia bat ere bada, herritarrek aspalditik eskatzen zutena. Orain, gure egitekoa izango da eraikina aukera bihurtzea, enplegua erakartzeko, tokiko talentuari eusteko eta funtsezko zerbitzuak hobetzeko. Hala, Eibarrek ez luke soilik eraikin bat berreskuratuko, hurrengo urteetarako eraiki nahi dugun hiri-eredua ere bultzatuko luke".