Eibar Sports Tech Day ekimenak Sports Tech industria bultzatuko du, berrikuntzarako eta garapen ekonomikorako aukera gisa
Eibarko Udalak Eibar Sports Tech Day jardunaldia antolatu du urriaren 30erako. Ekimenean, erakundeetako ordezkariak, enpresak, kirol-eragileak eta startupak bilduko dira Teknikerren, industriaren, administrazioaren, kirolaren eta teknologiaren arteko lankidetza-aukera berriak aztertzeko.
Eibarko Udalak, BIC Gipuzkoarekin lankidetzan, “Eibar Sports Tech Day: “Industria, kirola, berrikuntza: aukerak konektatzen” jardunaldia antolatu du, urriaren 30erako, Sportek Hub ekimenaren barruan. Gipuzkoako kirol-industriako eragile guztiak konektatzen dituen espazioa da, sektorean ekintzailetza teknologikoa eta berrikuntza sustatzeko asmoz.
“Industria, kirola, berrikuntza: aukerak konektatzen” lelopean, Teknikerreko instalazioetan egingo da topaketa, zeinean administrazio publikoetako, enpresa industrial eta teknologikoetako, kirol-erakundeetako, startupetako eta sektoreko profesionaletako ordezkariak bilduko diren. Helburua da Sports Tech industriaren potentziala erakustea —teknologia eta berrikuntza kirol-eremuan aplikatzea— garapen ekonomikoaren, enpresen erakarpenaren eta negozio-aukera berrien sorreraren eragile gisa.
Eibarrek bere tradizio eta gaitasun industriala jarduera ekonomikoko esparru berriekin lotzeko egin duen apustu estrategikoaren barruan kokatzen da ekimena, kirolari aplikatutako teknologiak, ekintzailetzak eta berrikuntzak eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuz.
Kirol eta jarduera fisikoaren arloko profesionalei, kirol-klub eta -erakundeei, industria- eta zerbitzu-enpresei, beren jarduera kirol-merkatura dibertsifikatu nahi duten konpainiei eta Sports Tech esparruko startupei zuzenduta dago.
9:30ean hasiko da jardunaldia, Jon Iraola Eibarko alkatearen ongietorriarekin. Ondoren, Eibarko Udaleko, Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta BIC Gipuzkoako ordezkariek parte hartuko dute Sports Tech-en esparruan Gipuzkoan garatzen ari den estrategia partekatzeko saioan.
Sektorearen egungo joera nagusiak eta etorkizunera begirakoak ere aztertuko dituzte. Daniel Dümigwk, The Venue Barcelona eta The MotherTrees Innovation Ecosystem enpresen sortzaileetako batek, “Teknologia berriak, erronka berriak, aukera berriak” hitzaldia emango du. Jarraian, mahai-inguru bat egingo da, esperientziak partekatzeko eta lankidetza-eredu berriak aztertzeko industriaren, teknologiaren eta kirolaren esparruetan, Tekniker, SD Eibar, Naw eta Atlhon-eko ordezkarien parte-hartzearekin.
Jardunaldian jorratuko den beste ardatz nagusietako bat zera izango, hiriek zer rol/paper/eginkizun betetzen duten kirol-esperimentaziorako eta -berrikuntzarako gune gisa. Sergio Sernak, Techfriendlyren bazkide sortzaileak, “Laborategi hiriak: berrikuntza eta ekintzailetzako ekosistemak sortzen” hitzaldia emango du. Ondoren, Eibar, Gijon eta Viladecanseko udaletako ordezkariek Sports Tech eremuan berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzen duten hiri-inguruneen garapenari lotutako ekimenak eta esperientziak partekatuko dituzte.
Saioan, halaber, Wellk eta Trainout-en enpresa-esperientziak aurkeztuko dira, “Laborategitik jokalekura” izenburupean, soluzio berritzaileak kirol arloko benetako aplikazioetara nola eraman daitezkeen erakusteko.
Jardunaldia amaitzeko, bisita teknologiko bat egingo da Teknikerrera, eta bertaratzen direnek kirolarekin, osasunarekin eta ongizatearekin lotutako adibideak eta irtenbide berritzaileak ezagutzeko aukera izango dute. Jardunaldia networking gune batekin amaituko da, ideiak trukatu eta harreman profesional berriak ezartzea ahalbidetuko duena.
Ekimen honen bidez, Eibarko Udalak industria-sarearen, ekosistema ekintzailearen, kirol-sektorearen eta erakundeen arteko lotura indartu nahi du, batera egindako proiektuak eta enpresa-dibertsifikaziorako aukera berriak identifikatzen lagunduz.
Informazio gehiago eta izen-emateak Udaleko eta Sportek Hubeko webgunetan https://www.sportekhub.eus/eu/deialdiak/eibar-sportech-day-industria-deporte-innovacion-conectando-oportunidades/