Eibarko Udala
hondakinak

Egokitu egin da hondakinen tasa, justuagoa izan eta herritarren errealitatearekin bat etor dadin

2026/10/27
Argazkia: www.debabarrena.eus
Argazkia: www.debabarrena.eus

Udalak ordenantza aldatu du, eredu berria ezarri bitartean erreklamazio guztiak eta egoera partikularrak aztertu ondoren. Tasa justua eskuratzeko baldintza da urtean edukiontzi marroia gutxienez 25 aldiz irekitzea.

Eibarko Udalak positibotzat jo du hiri-hondakinen tasa arautzen duen ordenantza aldatzeko proposamena, Debabarreneko Mankomunitatearekin elkarlanean egin dena, sistema berria ezartzean hautemandako premiei erantzuteko eta tasa herriko familien eta establezimenduen errealitatera egokitzeko.

Aldaketak ereduaren filosofiari eusten dio, printzipio sinple batean oinarrituta: gehien birziklatzen duenarentzat mesedegarria izan behar da. Hala ere, hilabeteotan pilatutako esperientziari esker, berrikuspena behar zuten egoerak atzeman dituzte. Horregatik, Udalak eta Mankomunitateak erabaki dute aldaketak egitea, sistema malguagoa, zentzuzkoagoa eta orekatuagoa izan dadin.

Aldaketa nagusietako bat izango da edukiontzi marroiaren hileroko kontrola alde batera utzi eta urteko zenbaketa egitea. Horrela, hilero irekitze-kopuru jakin bat egon beharrean, urtean gutxienez 25 aldiz erabili beharko da tasa justua deritzona eskuratu ahal izateko.

Aldaketak aukera emango du familia bakoitzaren egoerara hobeto egokitzeko. Oporraldiak, luzaroko ez-egoteak, hondakinak sortzeko orduan dauden ohitura-aldaketak edo familia-egoera partikularrak malgutasun handiagoz hartu ahal izango dira kontuan, ez baitaude hileroko baldintza bati lotuta. Esperientziak ere funtsezko kontu bat jarri du mahai gainean: etxe guztietan ez da hondakin organiko kopuru bera sortzen. Ez da gauza bera etxe batean pertsona bat bizitzea edo hiru, lau edo gehiago. 

Hori dela eta, bai Mankomunitateak bai Udalak uste dute ereduak eboluzionatzen jarraitu behar duela. Etorkizuneko helburua da etxe bakoitzaren osaera kontuan hartuko duen eta egoiliar kopuruaren arabera kopuru-muga desberdinak ezarriko dituen sistema baterantz aurrera egitea. 

Alde horretatik, oraingo proposamenak jasotzen dituen urteko 25 irekierak etengabe hobetzeko prozesu baten barruko lehen urrats gisa ulertu behar dira.

Ezartze-fasean jasotako erreklamazio eta kasu partikular guztiak aztertu ondoren iritsi da aldaketa. Lan horri esker, pertsona batzuek izan dituzten zailtasunak bertatik bertara ezagutu ahal izan dira, eta hobetu zitezkeen ordenantzaren alderdiak detektatu dira.

Salbuespen kasuak ere zabaldu eta argitu egin dira, xedea izanik, besteak beste, mugikortasun murriztuarekin, osasun arrazoiekin, hainbat etxebizitzaren titulartasunarekin edo behar bezala egiaztatutako ez-egoteekin lotutako egoera espezifikoei erantzutea.

Beste aldaketa baten bidez zera lortu nahi da, tasa bereizia ez izatea zailtasun ekonomiko bat etxe edo jarduera jakin batzuetarako. Ezarritako kopuru-mugara iristen ez diren eta tasa bereizia ordaindu behar duten pertsonek edo establezimenduek ordainketa zatikatzea eskatu ahal izango dute, zerga-araudiak aurreikusitako baldintzetan.

Zenbaketa berria 2026an eta 2027an aplikatuko da, izapideak eta onarpena amaitu ondoren, eta erabiliko den kopurua urtean gutxienez 25 aldiz irekitzea izango da. Horrekin batera, aztertzen jarraituko dugu etxeetako errealitate desberdinetara egokitzeko egin daitezkeen hobekuntzak.

Udalak azpimarratu du tasaren helburua ez dela ez dirua biltzea, ezta zigortzea ere, baizik eta hondakinak behar bezala bereiztea sustatzea, eta birziklatzeko ahalegin handiagoa egiten duenak etekina atera ahal izango dion sistema baterantz abiatzea.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du aldaketa, hain zuzen ere, herritarrei entzuteko eta erabaki publikoak hobetzeko nahiari erantzuten diola, esperientziak hala erakusten duenean. “Herritarrei entzun diegu eta esperientziatik ikasi dugu. Sistemak legezko betebehar bat du, baina birziklapena sustatu ere egin behar du, ahalik eta modurik bidezkoenean. Ezin dugu ahaztu datu bakoitzaren atzean familia-errealitate bat dagoela”.

Iraolak defendatu du garrantzitsua dela «sistema etxeen beharretara egokitzen jarraitzea», eta azpimarratu du urtean 25 irekierako zenbaketara aldatzea «lehen urratsa dela tasa malguagoa egiteko eta Eibarko errealitatera hobeto egokitzeko». «Birziklatzearekin eta ingurumenarekin dugun konpromisoari eutsi nahi diogu, baina, baita herritarrek sistema ulertzea eta arrazoizkotzat hartzea ere. Horregatik jarraituko dugu lanean zabor-bilketak eboluzionatu dezan eta etxebizitza bakoitzaren ezaugarri eta inguruabarretara gero eta hobeto egokitu dadin», gaineratu du.

Bestalde, Ion Zubiaurre Debabarreneko Mankomunitateko presidenteak bi erakundeen arteko elkarlana nabarmendu du: «Mankomunitatean lanean jardun dugu Eibarko Udalarekin batera, gure baliabide teknikoak haien esku jarriz;  jarrera irekia izan dugu udal proposamenak aztertu eta bideragarri egiteko. Herritarren beharrei erantzutea eta zerbitzua hobetzen jarraitzea izan da bion helburua».