Eibarko Udala
kirolak

Ipurua II-k etorkizunerako prestatuta dauden instalazio akuatiko berriak emango dizkio Eibarri

2026/10/30
Argazkia: Juli Ane (pexels).

Proiektua lizitazioan dago jada, eta obrak egiteko 15 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da. Udalak bilerak egin ditu kirol-taldeekin, haien beharrak ezagutu eta kirolgunearen diseinuan haien ekarpenak txertatzeko.

Udalak aurrera jarraitzen du Ipurua II proiektuarekin. Jarduketa honi esker, uretako instalazio berriak izango ditu hiriak, eta kirola egiteko aukera gehiago. Proiektua lizitazioan dago jada, eta urrats garrantzitsua da kluben egungo beharrei eta udal-instalazioak erabiltzen dituztenen beharrei erantzutea helburu duen azpiegitura gauzatzeko. Obrak egiteko 15 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da, BEZa barne.

Eraiki nahi den guneak bi igerileku izango ditu, bata igeriketarako eta lehiaketarako, eta bestea erabilera anitzeko jardueretarako. Ikusleentzako harmailak ere izango ditu, 150 eta 200 pertsona arteko edukiera izango dutenak, eta erabilera anitzeko aretoak ere bai, beste jarduera batzuk egin ahal izateko. Helburua da entrenatzeko, lehiatzeko eta kirola egiteko aukera gehiago eskaintzen dituen toki bat izatea, erabiltzaile desberdinei erantzuteko eta kirol-jardueraren bilakaerari laguntzeko.

Jon Iraola alkateak Eibarko zerbitzu publikoak eta kirol-azpiegiturak hobetzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du. "Ipurua II etorkizunerako apustua da gure hiriarentzat. Eibartarrek kirola egiteko instalazio egokiak izatea nahi dugu, eta gure klubek beren jarduera ahalik eta baldintza onenetan egiteko aukera emango dieten espazioak izatea. Pausoak ematen ari gara Eibarrentzat eta hurrengo belaunaldientzat garrantzitsua izango den proiektu bat aurrera ateratzeko”. 

Proiektuaren gakoetako bat izan da bertako kirolaren premiak gertutik ezagutzen dituztenei entzutea. Udalak bilerak egin ditu hainbat kirol-elkarterekin, haien proposamenak jasotzeko, izaten dituzten zailtasunak ezagutzeko eta instalazio berriak definitzerakoan haien eskaerak kontuan hartzeko. Harreman horri esker, Ipurua II egitasmoaren planteamenduari ekarpenak egin zaizkio, proiektuak benetako premiei erantzun diezaien eta baliagarria izan dadin bai kirol antolaturako bai herritar guztientzat.

Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak balioan jarri du klubekin egindako lana eta instalazioak diseinatzerakoan haien esperientzia kontuan hartzearen garrantzia. "Guretzat garrantzitsua zen klubekin hitz egitea, haiei entzutea eta entrenatzeko eta lehiatzeko zer behar zuten jakitea. Eurak dira instalazioak erabiltzen dituztenak eta hobekien azal dezaketenak zer hartu behar dugun kontuan. Beraien ekarpenak proiektuan txertatzeko lan egin dugu. Nahi duguna da Ipurua II Eibarko kirol-jarduerari erantzuna emango dion eta datozen urteetako beharretarako prest egongo den instalazioa izatea".

Barruko espazioez gain, kanpoko ibilbide publiko bat ere aurreikusten du proiektuak, eraikinaren estalkiraino iritsiko dena; bertan egoteko gune bat eta ariketa egiteko zirkuitu bat aurreikusten dira. Proposamenak aukera emango du instalazioen ingurua ere aprobetxatu eta jarduera fisikorako espazio berriak eskaintzeko. Helburua da egitasmoa ez mugatzea igerilekuen eskaintza zabaltzera, baizik eta Eibarko eremu horretako kirol-erabilera aukerak hobetzen laguntzea.

Lizitazioa proiektuaren idazketari eta etorkizuneko obren zuzendaritza fakultatiboari dagokie, jarduketaren garapenean aurrera egiteko beharrezko urratsa. Lan honetatik abiatuta, instalazio berriak egiteko oinarria izango den proiektua zehaztuko da, betiere hiriari bere beharrekin bat datorren gune akuatiko bat emateko helburuari eutsiz.

Ipurua II egitasmoarekin, udalak kirol-eskaintza indartu nahi du, eta bai kluben bai zaletasunagatik edo ongizateagatik kirola egiten dutenen eskaera bati erantzun. Azpiegitura berri hau martxan jartzeak aukera emango du uretako instalazioen erabilera zabaltzeko eta kirolerako erabilgarri dauden baliabideak hobetzeko. "Proiektu hau herritarrentzat eta gure klubentzat hobekuntza bat izatea nahi dugu. Ipurua II egitasmoak Eibarrentzat eta erabiliko dutenentzat pentsatutako instalazioa izan behar du", adierazi du Ameztoyk.