Enpresa-proiektu berriak martxan jarri eta dauden enpresak finkatzen laguntzeko dirulaguntza abiarazi du berriz ere Eibarko Udalak
Laguntza horiek bi lerroko deialdi bakar batean biltzen ditu Udalak, edozein sektoretako ekintzailetza bultzatzeko eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreko enpresak sendotzeko. Deialdiak 200.000 euroko partida du, eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 7tik urriaren 8ra egongo da zabalik.
Eibarko Udalak, iazko moduan, deialdi bakar batean bilduko ditu pertsona ekintzaileei eta dagoeneko martxan dauden enpresei zuzendutako laguntzak, Eibarko enpresa-sarea dibertsifikatu, dinamizatu eta indartzeko helburuarekin. Hala, deialdiak bi dirulaguntza lerro izango ditu: lehena, enpresa-proiektu berriei laguntzeko, eta bigarrena, merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-sektoreei zuzendua, lehendik dauden negozioak finkatzen laguntzeko. Gainera, hainbat aldaketa egin dira, laguntzaren eraginkortasuna eta inpaktua handitze aldera.
Dirulaguntzak 200.000 euroko partida du, eta erabilgarri dagoen kredituak baldintza guztiak betetzen dituzten eskaera guztien gastua estali ezean, proportzionalki banatuko da, onartutako eskaera bakoitzaren zenbatekoaren arabera.
Eskaerak aurkezteko epea irailaren 7an hasi eta urriaren 8an amaituko da, eta elektronikoki izapidetu beharko dira udalaren webgunearen bidez (www.eibar.eus), lerro bakoitzaren oinarrietan eskatzen den dokumentazioa aurkeztuz.
Enpresa-proiektu berrientzako babesa
1. laguntza-lerroaren (1. eranskina) helburua da ekintzaileei laguntzea beren enpresak sortzeko orduan, gastuen zati bat finantziatuz. Barne-ekintzailetza prozesu baten ondorioz edo jarduera eskualdatze baten ondorioz sortutako ekimenak ere babestuko dira.
Laguntza eskatu ahal izateko, pertsona eta erakunde interesdunek, besteak beste, honako baldintza hauek bete beharko dituzte: lantokia Eibarren izatea; alta emanda egotea EJZn, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean; Debegesak balioztatutako bideragarritasun-plana edo jarduera-memoria proiektua izatea; jarduera/enpresa gutxienez urtebetez altan mantentzea; gutxienez lanpostu bat sortzea; eta 2026ko irailaren 30a baino lehen dagokion titulu gaitzailea aurkeztea udalean.
Onartutako eskaera bakoitzeko jasoko den gehieneko zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da, baina zenbateko hori gehienez ere 10.000 eurora arte igo ahal izango da, baldintza hauetako batzuk betetzen badira: jarduera Eibarko sektore estrategikoen inguruan garatzea —Industria aurreratua, Sportech eta Trantsizio ekologikoa—; Errebaleko edo Udaleko inkubagailuetako postu finkoren batean kokatzea; enplegua sortzea (sustatzaileak kontuan hartu gabe); edo sustatzaileen edo bazkideen erdiak emakumeak izatea. Berrikuntza gisa, aurten, 1.500 euroko igoera ezarri da Matxaria, Erisono edo Azitain industrialdeetan eratuko diren enpresentzat.
Diruz laguntzeko moduko gastutzat hauek hartuko dira: lokalaren alokairua lehen urtean, lokalaren erosketa, jarduera eskualdatzearen ondoriozko gastuak eta negozioa martxan jartzeko bestelako gastu eta inbertsioak, %10 eta %50 arteko mugekin.
Dirulaguntzaren % 70 laguntza ematen den unean ordainduko da, eta gainerako % 30a justifikazioaren ondoren. Justifikazio hori hilabeteko epean egin beharko da, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman eta urtebetera.
Enpresak sendotzeko babesa, lekualdaketagatik edo modernizazioagatik
2. lerroaren xedea (2. eranskina) da Eibarko merkataritza-, ostalaritza eta zerbitzu-sektoreko enpresen lekualdatzea edo modernizazioa babestea.
Dirulaguntza hau jaso nahi duten enpresek, besteak beste, honako baldintza hauek bete beharko dituzte: enpresa-jarduerak Eibarren izan behar du lantokia, eta instalazioak Eibarrera lekualdatu edo modernizatu behar izan ditu 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.Halaber, EJZn alta emanda egon beharko du 2025eko urriaren 1a baino lehenagotik.
Udalak diruz lagundu daitezkeen gastuen % 50 emango du, gehienez 4.000 euro; aurtengo dirulaguntza iazkoa baino handiagoa izango da. Horrez gain, eta aurtengo berrikuntza gisa, zenbatekoa 500 eurora arte handitu ahal izango da zonaldeko elkarte gremial edo profesional bateko kide diren establezimenduen kasuan.
Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko fakturak dituzten jarduerak sartzen dira. Zehazki, honako hauek: lekuz aldatzeko edo modernizatzeko behar den aholkularitza; jarduera ekonomikorako lokalak erosteko inbertsioa; lokalak eraberritzeko eta egokitzeko lanak, betiere profesionalek egindakoak badira; oinarrietan zehaztutako inbertsioak; eta kalitate-arauak ezartzeko edo araua egiaztatzeko aholkularitza. Aurten, gainera, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu da 2026. urteko hileko alokairua, dirulaguntza hau eskatu den datan EJZn alta eman zenetik 3 urte baino gutxiago dituzten enpresena.
Eskaera onartuz gero, justifikatu ondoren ordainduko da, eta hori 2027ko urtarrilaren 29a baino lehen egin beharko da.