Eibarko Udala
ingurumena

Eibarko Udalak Basalgoren proiektua gaitzesten jarraitzen du, sustatzaileak planteatutako aldaketen ondoren

2026/09/10
Eibar airetik.

Planteamendu berriak hiru aerosorgailu aurreikusten ditu Eibarren, bat Soraluzen eta bat Bergaran, eta parkearen guztizko potentzia 24,95 MW-ean kokatzen du. Aldaketa nagusia Bizkaiko Foru Aldundiak Udalaitz eta sai zurien babeslekuekiko segurtasun-distantziekin lotutako alegazio bati dagokio, onartu egin dena Eusko Jaurlaritzaren tramitazioan.

Basalgoko parke eolikoaren sustatzaileak proiektuaren aldaketa bat aurkeztu du, jendaurreko erakustaldiaren eta alegazioak aurkezteko epearen ostean. Aldaketa Bizkaiko Foru Aldundiak Udalaitz eta sai zurien babeslekuen segurtasun- distantziei buruz egindako alegazio baten ondorioz egin da,  Eusko Jaurlaritzaren tramitazioaren barruan onartu egin dena.

Eusko Jaurlaritzak, espedientea izapidetzeko eta ebazteko eskumena duen administrazioa den aldetik, aldaketa hori gehitu dio prozedurari, eta horrek parkearen konfigurazio berria ekarri du. Hasierako dokumentazioan sei aerosorgailu eta 28 MW-eko potentzia aurreikusten ziren.

Planteamendu berriarekin, Eibar bi aerosorgailu izatetik hiru izatera igaroko da, Soraluzek bat mantenduko du eta Bergaran, hiru egon beharrean, bakarra. Hala, sei aerosorgailutik bostera pasatu da proiektua, eta horrek aurreikusitako potentzia totala 24,95 MW-ekoa izatea dakar.

Jon Iraola Eibarko alkateak irmoki adierazi du proiektuaren aurka dagoela: «Basalgoko parke eolikoaren aurka nago eta nire posizioa ez da aldatu. Oraindik ere uste dut proiektu hau ez dela egokia gure udalerrirako eta sustatzaileak planteatutako aldaketek ez dute instalazio honen aurka dudan jarrera aldatzen». Iraolak dioenez, «gainera, bereziki kezkagarria da Eibar bi aerosorgailutik hirura pasatzea».

«Lehen momentutik defendatu dut proiektu hau ez dela egokia Eibarrentzat eta nire jarrera hori bere horretan mantentzen da. Aerosorgailuen kopurua edo kokapena egokitzeak ez du aldatzen Basalgoko parke eolikoarekiko dudan iritzia».

Eva Juez Ingurumen zinegotziak ere azpimarratu du udalaren jarrera ere ez dela aldatzen proposamen berriarekin. «Proiektua aldatu egin da, baina kontrako jarrera hartzera eraman gintuzten arrazoiak hor daude oraindik. Dokumentazio guztia berriro aztertuko dugu, eta Eibarko interesak defendatzen jarraituko dugu tramitazioan zehar», esan du.

Eibarko Udalak alegazioak aurkeztu zizkion proiektuari, behar zen garaian eta moduan, eta lurralde-, paisaia-, ingurumen- eta ondare-afekzioekin lotutako hainbat gai planteatu zituen.

Aldaketa nabarmenena aerosorgailuen lurralde-banaketan gertatu da. Eibarrek hasieran aurreikusitako baino aerosorgailu bat gehiago hartuko du bere gain; Bergaran, berriz, hirutik batera pasatuko dira. Soraluzek, hasieran aurreikusitako moduan, aerosorgailu bakarra izango du.

Luis Vicente Castellanos Hirigintza Saileko zinegotziak azaldu duenez, udala dokumentazio berria aztertzen ari da, aldaketen irismena zehaztasunez ezagutzeko. «Aldaketak, funtsean, Bizkaiko Foru Aldundiak Udalaitzekiko eta sai zurien babeslekuekiko distantzien inguruan planteatutako auzi bati erantzuten dio. Hala ere, Eibartik planteatzen ditugun kontu askok erantzun nahikorik jaso gabe jarraitzen dute», adierazi du.

Castellanosen ustez, bereziki deigarria da ezarpen-aldaketek erantzunik ez ematea Udalak planteatutako galderei. «Kalte jakin batengatik aerosorgailuen kokapena aldatzeak ez du esan nahi gure alegazioetan adierazten ditugun gainerako arazoak konpondu direnik. Proiektua puntuz puntu berrikusiko dugu, eta berriro planteatuko ditugu behar besteko arreta izan ez duten gaiak», adierazi du.

Eva Juezek azaldu duenez, “Udalak dokumentazio berria eta prozeduran zehar emandako erantzunak xehetasunez aztertzen jarraitzen du, dagozkion jarduerak zehazteko”.

Udalak bereziki kezkagarritzat jotzen duen gaietako bat da proiektu berriak ez duela kontuan hartzen oraindik Gerra Zibileko guda-frontea.

Basalgo eremua Gerra Zibilean Eibarren eta inguruetan izandako borroketan garrantzia izan zuen gune baten parte da. Eremu honetan badira defentsarako lerroekin eta gerrako frontearekin lotutako elementu eta aztarnak, hiriaren ondare historikoaren eta memoriaren parte direnak.

Udalarentzat, era horretako jarduketek ingurumen- eta paisaia-afekzioak ez ezik, ondare historikoan izan dezakeen eragina ere aztertu behar dituzte.

Ildo horretan, Castellanosek eskatu du gai hau modu egokian jasotzeko proiektuaren ebaluazioan: «Bereziki kezkatzen gaitu Gerra Zibileko guda-fronteak gure ustez merezi duen begirunea jaso gabe jarraitzeak. Historia- eta ondare-balioa duen espazio batez ari gara, eta identifikatu, aztertu eta babestu egin behar da, lursailari eragin diezaioketen jarduketak gauzatu aurretik».

Hirigintza zinegotziak gaineratu duenez, «ondarearen babesa ezin da bigarren mailan geratu. Basalgo ez da soilik energia-azpiegitura bat instalatzea planteatzen den eremu bat; historia bat duen eta zaindu behar dugun lurralde bat ere bada».

Udalaren ustez, beraz, dokumentazio berriak ez dio behar besteko erantzunik ematen gai honi, eta Gerra Zibilari lotutako aztarna eta lekuetan izan daitezkeen eraginen azterketa zehatza egitea eskatu du.

Proiektua aldatu ostean, 30 eguneko epea ireki da alegazioak aurkezteko. Eibarko Udalak dokumentazio guztia aztertuko du epe horretan, eta alegazio gehiago aurkeztea planteatuko du.

Epe berriari esker, udalak berriro azaldu ahal izango ditu bere ustez erantzun nahikorik gabe geratu diren gaiak, eta zehatzago aztertu ahal izango ditu sustatzaileak egindako aldaketak.

Jon Iraolak adierazi duenez, Udalak epe berri hau erabiliko du bere jarrera defendatzen jarraitzeko. «30 egun ditugu dokumentazio berria aztertu eta alegazio berriak aurkezteko. Zorroztasunez eta orain arteko determinazio berarekin jokatuko dugu. Gure betebeharra Eibar defendatzea da, eta gure lurraldeari eragiten dion edozein erabakik izan ditzakeen ondorio guztiak kontuan hartzen dituela ziurtatzea», adierazi du.

Eva Juezek dioenez, “Eibarko Udalak, beraz, Basalgoren proiektuaren aurka jarraitzen du, eta datozen 30 egunetan dokumentazio berria aztertu eta alegazio berriak aurkeztea planteatuko da”. “Eibartarrentzat onena dena defendatu behar dugu, orain arte egin dugun bezala, eta prozesu honek irauten duen bitartean horrela egiten jarraituko dugu” gaineratu du Juezek.

Udalarentzat, lurraldeari, paisaiari, ingurumenari eta Gerra Zibileko fronteari lotutako ondarearen babesak erantzun egokirik jaso gabe jarraitzen duten bitartean, proiektuak, Eibarko Udalaren ustez, udalerriarentzat onargarria ez den eragina sortzen jarraitzen du.