Eibarko Udalak San Kristobal asfaltatzeari ekingo dio irailaren 14, 15 eta 16an
Jarduketa Urki eta Polonia Etxeberria kaleak ere aurreikusten dituen bide-zorua hobetzeko proiektu baten parte da, eta 199.380,50 euroko inbertsioa du.
Eibarko Udalak San Kristobal kalea asfaltatuko du irailaren 14an, 15ean eta 16an, herriko hainbat kaletako zoruaren egoera hobetzeko aurreikusitako jarduketen barruan.
Lanak direla-eta, San Kristobal kalea ibilgailuentzat itxita egongo da hiru egunez eta ezingo da bertan aparkatu. Alternatiba gisa, hilaren 14an Txaltxazelai egokituko da, aparkatzea errazteko eta, ahal den neurrian, jardueraren ondoriozko afekzioak minimizatzeko.
Lanek iraileko azken asteburuan jarraituko dute: Urki eta Polonia Etxeberria kaleak asfaltatuko dira, proiektuan jasotako lanak osatuz.
Proiektuak 199.380,50 euroko aurrekontua du, BEZa barne, eta oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazio handia duten eremuetan bide-zoruaren egoera hobetzea du helburu. Esku-hartzeak segurtasuna, erosotasuna eta hiri-espazioaren kalitatea handitzea ahalbidetuko du, baita kale horietako joan-etorrien eta zirkulazioaren baldintzak hobetzea ere.
Eibarko alkate Jon Iraolak adierazi duenez, “inguru horretan egin ditugun bisitetan eta auzokideekin hitz egin ondoren, ikusi dugu kale horien egoera hobetu beharra dagoela. Espazio horiek erabiltzen dituztenek eta bertan bizi direnek helarazten dizkiguten premiak entzutea funtsezkoa da gure jardun-lehentasunak ezartzeko. Kasu honetan, zoruaren egoera egiaztatu ahal izan dugu bertatik bertara, eta jarduera hori gure plangintzan sartu dugu”.
Bestalde, Obretako zinegotzi Andoni Ameztoyk hauxe nabarmendu du: “Lanak planifikatu ditugu, eta eragozpenak murrizteko aukera emango duten datetan kontzentratzen saiatu gara, nahiz eta jakin badakigun edozein asfaltatze-lanek trabak sortzen dituela. Herritarrei egun hauetako egoera ulertzeko eskatzen diegu, eta seinaleztapenari eta ezarritako oharrei arreta jartzea gomendatzen”.
Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, “Urki eta San Kristobaleko irisgarritasuna hobetuko duten obrak dira, auzo bietako zoruak berehalako konponketa behar zuten-eta. Gainera, koexistentzia gune bat sortuko dugu San Kristobaleko goiko aldetik Sostoatarren kaleko bidegurutzeraino, auzotik behera doazen pertsonen joan-etorria hartuko duena eta lehentasuna emango diena ibilgailuen aurrean. Lanean jarraituko dugu bai hemen bai Eibarko gainerako guneetan kaleen egoera hobetzeko”.
Udalak aldez aurretik eskertu nahi du herritarren laguntza lanak egiten diren bitartean, eta gogorarazi nahi du garrantzitsua dela langileen, oinezkoen eta gidarien segurtasuna bermatzeko ezarritako trafiko- eta aparkatze-murrizketak errespetatzea.