Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Umeak Eskolara' eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ izeneko laguntza-programaren beste edizio bat martxan

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2022/09/01

Programaren aurrekontua ia 300.000 eurokoa da, eta ikasle bakoitzak 60,10 eurorainoko laguntza jaso ahalko du Eibarko dendetan egindako erosketengatik. Aurten, gainera, 120,20 eurorainoko laguntza izango dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren, Gizarte Larrialdietarako Laguntzaren, edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren titular diren edo Elikagaien Bankuko programan dauden familietako umeek.

Eibarko Udalak ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programen edizio berri bat onartu eta martxan jarri du. Laguntza horien bidez, ikasleen familiei 60,10 euro emango zaizkie ikasle bakoitzeko herriko establezimenduetan egindako erosketengatik.

Programa honek, 22 urtetik hona egiten ari dena, herritarrengana hurbiltzea du xede, familiek ikasturte-hasieran egin behar duten gastuari apalki lagunduz, eta, aldi berean, Eibarko merkataritzak salmentak handitzea ahalbidetuz. Dirulaguntza horiek bermatzeko, Udalak 297.950 euroko zenbatekoa esleitu du aurtengo aurrekontuetan (203.920 euro ‘Umeak Eskolara’ programarako eta 94.030 euro ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programarako).

Ikasle bakoitzeko ezarritako zenbatekoa 60,10 eurokoa bada ere, iaz zenbait salbuespen ezarri ziren. Hala, familia jakin batzuen premia bereziei erantzunez, ikasle bakoitzeko 120,20 euroko laguntza ezarri zen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzen titularrak diren (2022ko urtarrilaren 31n) edo Elikagaien Bankuaren programaren barruan dauden familietako haurren kasuan. Eta aurtengo berritasun gisa, 120,20 eurorainoko laguntza jaso ahalko dute Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak jasotzen dituzten familietako umeek.

Azken talde horretan dauden familiak salbu, oro har, eskabide bakoitzeko gehienez ere 60,10 euro eskuratuko dira, honako erosketa-gastu hauek ordaintzeko: arropa, oinetakoak, kirol-materiala, eskola-materiala (testu-liburuak izan ezik), betaurrekoak eta lentillak. Gainera, Eibarko dendetan salmentak sustatzeko asmoz, erosketak Eibarko dendetan egin beharko dira, aurtengo irailaren 1etik urriaren 31ra arte.

‘Umeak Eskolara’ programa honako baldintza hauek betetzen dituzten umeen guraso, tutore edo harrerako pertsona/familientzat da: 2007ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako haurrak izan behar dira; eta Eibarren etenik gabe erroldatutakoak, 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko maiatzaren 31ra bitartean.

‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programaren kasuan, dirulaguntzak jasoko dituzte irakaskuntza arautu edo okupazionaleko ikasketak (gutxienez 600 orduko iraupena), master edo doktorego homologatuak (ikasturtearen antzeko iraupena) eta pertsona helduen hezkuntzako (EPA) zentro publiko batean ikasketak egiten ari diren ikasleek, baldintza hauek betetzen badituzte: 1997ko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak izan behar dira; eta Eibarren etenik gabe erroldatutakoak, 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko maiatzaren 31ra bitartean.

Laguntza hauek jasotzeko eskabideak aurkezteko epea irailaren 1ean hasi eta 2022ko urriaren 31n amaituko da, eta bakarrik irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean egindako erosketen fakturak onartuko dira. Laguntza eskatzeko dokumentazioa (EMZI) Eibar Merkataritza Zentro Irekiaren bulegoan entregatu beharko da, Isasi kaleko 26, behean.

Irailaren 1etik 16ra, EMZIren bulegoko ordutegia hauxe izango da: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00etara; eta irailaren 19tik urriaren 31ra, astelehenetik ostegunera, 9:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 17:30era; eta ostiraletan, 8:00etatik 15:00etara.

Eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte: eskabide-orria beteta; matrikularen egiaztagiria (‘Dirulaguntzak ikasleentzat’ laguntzen kasuan); saltokiak egindako fakturak dirulaguntzaren titularraren izenean, non argi eta zehatz jasoko diren erositako produktuak; eta libretaren edo banku-kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen dokumentua. Ikaslea adin txikikoa bada, eta kontuaren titulartzat azaltzen dena tutorea edo harrerako pertsona/familia bada, hori egiaztatzen duen dokumentazioa.

60,10 euro baino gehiagoko laguntza eskatzen bada, 120,20 euroraino jaso dezaketen kasuren bateko kide izateagatik, Eibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak emandako idazki bat ere aurkeztu beharko da, ezarritako baldintzetako bat betetzen dela egiaztatuz (DSBEren onuradunak eta titularrak, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak edo Elikagaien Bankuaren programa) .