Eibarko Udala
obrak

Arragueta kalea berriz irekiko da trafikorako asteartetik asteazkenerako goizaldean, berrurbanizazio-lan nagusiak amaitu ondoren

2026/11/02
Arragueta kalea.

Asteazkenetik aurrera, autobusek ohiko ibilbidea egingo dute Arraguetatik, eta Urkizuko geltokia martxan egongo da berriro.

Eibarko Udalak azken asteetan itxita egon den Arragueta kalea trafikorako irekiko du berriro asteartetik asteazkenerako goizaldean, bertako berrurbanizazio-lanak amaitu ostean.

Udaltzaingoak asteazkeneko 00:00etatik 02:00etara bitartean jardungo du lanean kalea ireki ahal izateko. Hala, ibilgailuek Arraguetatik zirkulatzeko aukera izango dute asteazkeneko lehen ordutik.

Errepidea irekitzeak gune horretan dabiltzan autobus-lineen ohiko ibilbidea berreskuratzeko aukera ere emango du. Hortaz, asteazkenetik aurrera autobusak Arragueta kaletik igaroko dira berriro ere, eta Urkizuko geltokiak normaltasunez berreskuratuko du zerbitzua. Oraindik lan batzuk eta erremate txiki batzuk egiteke badaude ere, gehienak amaituta daude eta kaleak zirkulaziorako irekitzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ditu.

1,25 milioi euro inguruko aurrekontua izan duen esku-hartzeak Arragueta erabat eraldatzea ahalbidetu du: espaloiak handitu, zoladura berritu, argiztapena hobetu eta espazio publikoa birkonfiguratu, oinezko eta ibilgailuentzat irisgarriagoa, erosoagoa eta seguruagoa izango den kalea lortzea helburu.

Jon Iraola alkatea pozik agertu da egindako lanarekin «Oso pozik gaude emaitzarekin. Arragueta erabat aldatu da, eta gaur egun askoz irisgarriagoa, erosoagoa eta atseginagoa den kale bat dugu bertan bizi direnentzat eta egunero erabiltzen duten guztientzat. Badakigu obrek eragozpenak sortu dituztela hilabeteotan, baina, emaitza ikusita,  merezi izan duela uste dugu. Eibarko kale garrantzitsu bat eraldatu dugu, eta nabarmen hobetu dugu haren hiri-ingurunea».

Bestalde, Obretako zinegotzi Andoni Ameztoyk jarduketa hau aurrera eramateko egindako lana nabarmendu du: «Munta handiko obra izan da, baina pozik gaude kaleak jada zirkulazioa berreskura dezakeela esan dezakegulako. Espazioa ia erabat berritu dugu, espaloiak zabalduz eta zoladura zein argiztapena hobetuz. Oraindik erremate txiki batzuk gelditzen dira, baina dagoeneko irekitzeko moduan dugu Arragueta».

Obra hau Udalak Eibarko espazio publikoak hobetzen jarraitzeko eta hiri irisgarriago eta bizigarriago baterantz aurrera egiteko egindako apustuaren parte da, auzotarrei eguneroko bizitza erraztea helburu.

Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, "Ekialdeko aldeak aspalditik eskatu du Arragueta berriz urbanizatzea. Gaurtik aurrera, oinezkoentzako espazioa nabarmen hobetuko da, joan-etorri arinagoa ahalbidetuz, eta gurpil-aulkiak eta haur-orgatxoak dituztenek beharrezko espazioa izango dute. Uste dut Arragueta berri hau, zonaldearentzako eta bertako bizilagunentzako hobekuntza nabarmenaz gain, mugarri bat dela Eibarko erdialdearen eta ekialdearen arteko loturan, hainbeste urtez eskatu ondoren. Bide onetik goaz "

Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei obrak egin bitartean izandako eragozpenak eta zirkulazio eta garraio publikoaren aldaketek eragindako nahasteak ulertzeagatik.