Eibarko Udala
gizartekintza

Harreragune zerbitzua jarri du martxan udalak, etorri berriei lehen harrera eta orientazioa eskaintzeko

2026/11/02
Jon Iraola alkatea eta Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotzia.
Jon Iraola alkatea eta Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotzia.

Zerbitzua udaletxean emango da, eta informazioa eta laguntza eskainiko ditu udal-baliabideei buruz eta baliabide sozial eta komunitarioei buruz.

Eibarko Udalak Harreragunea  jarriko du martxan, herrira iristen diren pertsonei, informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzeko eta haien integrazioa eta behar dituzten baliabideetarako sarbidea errazteko helburuz.

Udaletxean bertan egongo da kokatuta, eta aukera emango du funtsezko gaiei buruzko informazioa zentralizatzeko, hala nola errolda eta dokumentazioa, osasun-sistemarako sarbidea, euskara eta gaztelaniaren ikaskuntza, eskolatzea, enplegua eta prestakuntza, bai eta eskura dauden gizarte-baliabideak ere. Beharrezkoa denean, Harreragunek herritarrak zerbitzu espezializatuetara bideratuko ditu, udal sailekin eta bestelako eragile sozial eta komunitarioekin koordinatuta.

Jon Iraola alkateak horrelako zerbitzu bat izatearen garrantzia azpimarratu du: «Nahi duguna da Eibarrera iristen direnek toki bat izatea lehen unetik, informazioa jasotzeko, zalantzak argitzeko eta eskura dituzten baliabideak ezagutzeko. Harrera da lehen urratsa errespetuan, aukera-berdintasunean eta parte-hartzean oinarritutako bizikidetza eraikitzeko. Eibar bizitzeko aukeratzen duten pertsona guztiak gure hiriaren parte sentitzea nahi dugu».

Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, berriz, ekimenaren izaera praktikoa eta koordinatua azpimarratu du: «Askotan, pertsona bat herri batera iristen denean, ez daki zer izapide egin behar dituen, zer zerbitzutara jo dezakeen edo zer baliabide dituen eskura. Harreragunearekin bide hori erraztu nahi dugu, egoera bakoitzera egokitutako orientazioa eskaini eta saihestu nahi dugu  erabiltzaileak zerbitzu batetik bestera joan behar izatea, jakin barik euren beharrei erantzuna non aurkitu».

Eibarren egindako lanaren emaitza

Harreragunea martxan jartzea “Eibarren Bizi” estrategiaren barruan kokatzen da, eta haren helburua da harrera integrala, koordinatua eta komunitarioa bultzatzea, herritar guztiak eta iritsi berri diren pertsonen parte-hartze aktiboa sustatuz udalerriko bizitzan.

Ekimenak Eibarko 2024-2028 IV. Bizikidetza eta Aniztasun Planean jasotako jarduera-ildoei erantzuten die, baita Euskal Harrera Ereduaren hedapenari eta herritartasunaren, immigrazioaren eta bizikidetzaren alorretan euskal eremuan ezarritako konpromisoei ere. 

Zerbitzu berria, halaber, aurretik egindako lan-prozesu baten emaitza da. Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek sustatutako Harrera Ehundu ekimenean parte hartu du udalak, eta 2024tik 2026ra bitartean Eibarko lehen Harrera Protokoloa garatu du, udal sail, erakunde eta herriko eta eskualdeko elkarteekin lankidetzan.

Harreragunea estrategia zabalago batean txertatzen da, eta taldeko harrera-saioak, harrera instituzionala eta baliabideen gida digital bat ere jasotzen ditu. Horrela, udalak aurrerapausoak ematen dihardu, eskura dauden zerbitzuak ezagutzera emanez eta inplikatutako eragileen arteko koordinazioa indartuz, harrera-eredu hobe bat lortzearren. 

Informazio praktikoa eta hitzordua eskatzea

Harreraguneak aurrez aurreko arreta eskainiko du astearteetan, 9:30etik 14:00etara, Eibarko udaletxean, Immigrazio eta Kultur Aniztasuneko teknikariaren eskutik.

Arretarako, hitzordua eskatu behar da:

  • Telefonoa: 943 708 440 (Gizartekintza)
  • WhatsApp 747 490 471.