M Jator Hi! programak jarduera fisikoko saio berriak garatuko ditu Eibarren, askotariko jatorrietako emakumeentzat
Ekimena azaroaren 3an hasiko da eta zortzi emakumez osatutako bi talde izango ditu. Jarduera fisikoa eginez eta gizarteratuz ongizatea handitzea da helburua, bai eta elkartzeko eta egoteko espazioak sustatzea ere. Programa Ordizian, Bergaran, Irunen eta Donostian ere eramaten da aurrera, parte-hartzaileen behar soziokulturaletara egokitutako jardueren bitartez.
Bihar, azaroak 3, hasiko da M Jator Hi! programa, jarduera fisikoko programazio berria, askotariko jatorri kulturala duten Eibarko emakumeentzat. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak sustatu du ekimena, Eibarko Udalarekin eta tokiko zenbait erakunderekin lankidetzan. Helburua da kirolean parte hartzeko zailtasun handienak dituzten emakumeei kirola egiteko aukera erraztea, eta haien ongizatea eta komunitate-harremanak ere hobetzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak, Goizane Álvarezek, eta Eibarko alkateak, Jon Iraolak, programazio berriaren ezaugarriak jakinarazi dituzte. Hasiera batean 16 plaza izango ditu, bi taldetan banatuta.
Goizane Álvarezek azaldu duenez, «M Jator hi! programaren helburua da jarduera fisikoa egiteko aukera erraztea jarduera horretan parte hartzeko hainbat oztopo dituzten emakumeei. Programak kontuan hartzen ditu emakume horien premiak eta inguruabarrak, eta askotariko jatorriak dituzten emakumeen elkargune eta bizikidetza espazioekin uztartzen du kirol-jarduera».
Bestalde, Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi duenez, «kirolak oso gauza berezia du: aukera ematen digu elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta, agian, bestela, bat etorriko ez ginatekeen pertsonengana hurbiltzeko. M Jator Hi! bezalako ekimenekin emakume guztiek eroso sentitzeko, parte hartzeko eta harremanak izateko espazioak aurkitzea nahi dugu, jatorria edo egoera edozein dela ere. Eibarren hiri ireki baten aldeko apustua egiten dugu, non ezberdintasunak aberasteko aukera bat izango diren eta pertsona guztiak bertako kide sentitu ahal izango diren».
Gainera, Iraolak eskerrak eman nahi izan dizkio Goizane Alvarez Kultura eta Kirol diputatuari, programa hau garatzeko Eibarrekin kontatu duelako eta udalerriari aukera eman diolako kirola jatorri ezberdineko emakumeen arteko topaketa, harremanak eta elkarbizitza sustatzeko tresna gisa erabiltzen duen ekimenean parte hartzeko.
Programaren izenak, M Jator Hi!, bere filosofia islatzen du. «M»-ak mugimenduari egiten dio erreferentzia; «Jator Hi!», berriz, jatorriz (jatorria) eta jator hi uztartzen dituen euskarazko hitz-jokoa da, hikazko esamolde bat, «zu, atsegina» edo «zu, jende ona» ideiekin jolasten duena. Horrela, izenak mugimendua, jatorri aniztasuna eta pertsonen arteko hurbiltasuna batzen ditu, ekimenaren izpiritua definitzen duten hiru elementu.
Jarduerak azaroaren 3tik abenduaren 22ra egingo dira, eta, ondoren, berriz hasiko dira urtarrilaren 12tik 26ra. Saioak astearteetan izango dira, eta zortzi kideko bi talde izango dira. Lehenengoak 10:15etik 11:00etara egingo du jarduera, eta bigarrenak, berriz, 11:00etatik 11:45era.
Programa garatzeko, Andretxearekin, Hitzaurrea Programarekin eta Eibarko Helduen Eskolarekin elkarlanean aritu dira Eibar Kirolak eta Immigrazioko eta Gizarte Zerbitzuetako udal arloa.
Koordinazio horri esker, parte-hartzaileen premiak identifikatu eta jardueretara etortzea erraztu daiteke, baita konfiantzazko harremanak ezarri ere, jarraitutasunaren mesedetan.
M Jator Hi!-k arreta berezia jartzen die kalteberatasun edo gizarte bazterkeriako egoeran dauden emakumeei, askotariko nazionalitateak, kulturak eta errealitate sozioekonomikoak dituzten emakumezko parte-hartzaileak –bertakoak tartean direla– kontuan hartzen dituen kulturarteko ikuspegi batetik
Jarduera fisikoa egiteko oztopoak kentzea
Abiapuntu gisa, programak hainbat oztopo identifikatu ditu, askotariko jatorrietako emakumeei kiroletan parte hartzea zailtzen dietenak: besteak beste, zailtasun ekonomikoak, familia erantzukizunak, desberdintasun kulturalak, aurreiritziak eta diskriminazio egoerak.
Zailtasun horiei aurre egiteko, M Jator hi!-k jarduera fisiko egokituak, laguntza komunitarioa, eta udal zerbitzuen eta gizarte erakundeen arteko koordinazioa uztartzen ditu. Teknikariak eta begiraleak sentsibilizatzeko eta trebatzeko ekintzak ere jasotzen ditu, kirol ingurune irisgarri, seguru eta inklusiboak bultzatzeko.
Ohitura osasungarriak sustatzeaz gain, jardueren helburua da askotariko jatorrietako emakumeen arteko elkarguneak sortzea, elkar ezagutzen laguntzea, eta gizarte-harremanak eta laguntza komunitarioko sareak indartzea.
Jarduerak Gipuzkoako beste lau udalerritan
Ordizian, Bergaran, Irunen eta Donostian ere garatzen da M Jator hi!. Tokian-tokian, udalerri bakoitzeko udalekin eta toki-erakundeekin lankidetzan antolatutako jarduerak egiten dituzte.
Ordizian, 2026-2027 ikasturtean, 26 emakume ari dira parte hartzen, Majoriko instalazioetan ur ingurunearekin ohitzeko eta igeriketan hasteko bi taldetan. Parte hartzaileek, halaber, ibilaldi komunitarioak antolatzen dituzte, jarduera fisikoa modu autonomoan egiteko eta gizarte-harremanak sustatzeko.
Bergaran, udal kiroldegian askotariko jarduera fisikoak eta kirol jarduerak egiten dira programaren barruan, irailean Munduko Dantzen hainbat saio egin eta gero.
Bestalde, Irunen, gaur egun, nazionalitate desberdinetako 20 emakumek parte hartzen dute, bi taldetan banatuta, Kera ijitu elkartearekin eta Parean Elkartearekin lankidetzan. Donostian, berriz, Altza auzoan egiten dira jarduerak, Haurralde elkarteko emakumeekin.
Udalerri guztietan, jarduerak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, udalen, kirol zerbitzuen eta gizarte erakundeen arteko lankidetzaren bidez antolatzen dira, parte-hartzaileen premiak eta ezaugarriak kontuan hartuta.