Udalak 19.000 eurotik gora aurreztuko ditu faktura energetikoan, kontratatutako energia kontsumo errealera doitu ondoren

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2023/05/04

Neurri honek udal-instalazio guztiak hartzen ditu: bulego-, kultura-, hezkuntza- eta kirol-eraikinak, eta gastu publikoa modu eraginkor eta arduratsuan erabiltzea du xede. Gainera, Udalak eraginkortasun energetikoko neurriak aplikatzen jarraitzen du, hala nola LED argiak instalatzea; horretarako, aurten 100.000 euroko aurrekontua du.

Eibarko Udalak 19.000 euro aurreztuko ditu aurten elektrizitate-kontsumoaren urteko fakturan, udal-instalazio eta zerbitzuetan kontratatutako potentzia energetikoa kontsumo errealera doitzearen ondorioz. Puntu horretan, adierazi behar da Udalak urtero berrikusten dituela instalazio bakoitzaren potentziak.

Eibarko Udalak enpresa espezializatu baten aplikazio bat dauka, non simulazioak egin daitezkeen aldaratzeko instalazio bakoitzean kontratatutako potentzia eta benetako kontsumo elektrikoa. Horrela, potentzia hori kontsumo erreala baino handiagoa dela egiaztatzen denean, murriztu egiten da, eta horrek fakturaren beherapenean eragiten du.

Faktura elektrikoan udal-instalazio guztiak sartzen dira. Nabarmentzekoa da Ipuruako eta Orbeako kiroldegietan erregistratutako kontsumoa, eta baita Portalean, Udaletxean, Iturburuko ikastetxean, Arrateko Ama Birjina ikastetxean, Coliseo antzokian, Sansaburun edo Urkizu ikastetxean erregistratutakoa.  Fakturan sartzen dira baita ere gainerako eskolak, jubilatu-etxeak, Errebal, Unbe, udal-bulegoak, argiteria publikoa, eskailera mekanikoak, igogailu publikoak eta udal- titulartasuneko beste instalazio eta espazio batzuk.

Energia kontsumoari dagokionez, eta Udalak dituen datuen arabera, azken urtean udal-instalazio eta -zerbitzuetako kontsumoa % 6 murriztea lortu da. 2021eko maiatzetik 2022ko apirilera bitartean, kontsumoa 10.630.069 kWh-koa izan zen; 2022ko maiatzetik 2023ko apirilera, berriz, 9.958.321 kWh-koa izan da

Herritarrek udal-webguneko Gardentasun Atarian kontsultatu ditzakete kontsumorako eta energia aurrezteko neurri guztiak; bertan argitaratzen dira Eibarko Udalaren energiari buruzko txostenak.

Neurri hauei dagokienez, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: “Udal-instalazio guztiak hornitzeko behar dugun energia-kopuru handia dela eta, eraginkorrak izan behar dugu gastu publikoan.  Kontratatutako energia benetako kontsumora doitzeko neurri honek udal-aurrekontuaren erabilera arduratsu bat egitea ahalbidetzen digu”.

Era horretako erabakiek eta aplikatzen ari diren energia-eraginkortasuneko neurriei esker "aurrera egiten ari gara ingurumenaren aldetik gero eta jasangarriagoak izateko eta energiaren arloan kostuak murrizteko konpromisoan”, ziurtatu du alkateak.

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriak

Energia-fakturaren kostua murrizteaz gain, Udala energia-eraginkortasuneko hainbat neurri hartzen ari da aspaldidanik, besteak beste, lehengo argien ordez LED motako lanparak jartzea. Izan ere, plan horrekin jarraituz, aurten 100.000 euroko inbertsioa aurreikusi da argiteria publikoan LED berriak jartzeko.

Argiteria publikoa ordezteko planaz gain, beste proiektu batzuk lantzen ari dira, hala nola Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren atal desberdinetan ingurumen-irizpideak bultzatzea, Eibar osoan materia organikoa biltzeko edukiontziak jartzea, biomasa-galdarak leku jakin batzuetan biomasa-galdarak edo eguzki-energiako panelak jartzea.

Halaber, eskailera eta arrapala mekanikoetan energia aurrezteko sistemak aplikatu dira 'stop & go' sistemaren bidez, eta elektrizitatearen eta gasaren hornidurako kontratuak aldatzeko prozesu bati ekin zaio, energia- eta ekonomia-aurrezkiak lortzeko.

Jarduketa guztiak, bestalde, Eibarko Udalak martxan jarri duen Klimarako eta Energia Jasangarrirako Eibarko Ekintza Plana (KEJEP) lantzeko prozesuan kokatzen dira; haren bidez, besteak beste, % 40 murriztu nahi dira CO2 isuriak 2030. urterako.

2020. urtean, Udalak bat egin zuen "Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itunarekin", zeinaren bidez konpromisoa hartu zuen udalerriaren deskarbonizazioa bizkortzeko, klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko gaitasuna indartzeko, eta eibartarrek energia segurua, jasangarria eta eskuragarria eskuratzea lortzeko.