Eibarko Udala
fatxadak

Udalak laster ekingo dio fatxadak garbitzeari, 85 komunitatek hala eskatuta

2025/10/08
Urkizuko eraikin batean egindako pintadak.
Urkizuko eraikin batean egindako pintadak.

Pintadak garbitzeko doako programak aurreikuspenak gainditu ditu parte-hartzeari begira. Lehen esku-hartzeak datozen egunetan hasiko dira, bide publikora ematen duten eraikinetan.

Eibarko Udala datozen egunetan hasiko da eraikin partikularretako pintadak kentzen, behin Udalak abiatutako doako programan eskaerak egiteko epea amaitu ondoren. Guztira, 85 komunitatek, lokalek eta partikularrek eman dute izena ekimen honetan, helburu duena herriko irudia hobetzea eta guztiona den ingurua zaintzea.

Jon Iraola Eibarko alkateak poza adierazi du neurriak izandako harrera dela-eta, eta azpimarratu duenez, “garbiketa eta fatxadak txukun mantentzea ez da itxura kontua bakarrik, heziketa eta gure herriarekiko harrotasuna ere bada. Eibar garbi mantentzea administrazioak eta herritarrek partekatzen duten konpromisoa da. Ekimenera hainbeste erkidego batu izanak  eibartarrok gure ingurua zaindu nahi dugula erakusten du”.

Pedro Escribano Zerbitzuetako zinegotziak programa honen balioa nabarmendu du, baita Udalaren konpromisoa herriaren itxura hobetzen jarraitzeko. “Gure helburua da herritarrei erraztasunak ematen jarraitzea, herri zainduagoa, atseginagoa eta pintadarik gabekoa izan dezagun. Datozen egunetan hasiko gara izena emandako fatxadetako lehen esku-hartzeak egiten”.

Zerbitzua, guztiz doakoa, bide publikora ematen duten fatxadetan baino ez da emango, eta Udalak kontratatutako langile espezializatuek egingo dute. Arrazoi teknikoak direla medio pintadak kentzeko aukerarik ez dagoenean, pinturaz estaliko dira.

Udalak gogorarazi nahi du zein garrantzitsua den herritarren parte-hartzea herriko espazioa egoera onean mantentzeko, eta, era berean, eskertu egiten du programa honetan herritarrek izan duten erantzun ona.