BATTIA Recycling Technologies eta Inspectrail, 2026ko Toribio Echevarria Sarien irabazleak
BATTIA Recycling Technologies eta Inspectrail enpresek irabazi dituzte Toribio Echevarria Sarien 36. edizioko sari nagusiak. Sari-banaketan Euskadiko ekintzaileen, enpresen, zientziaren, hezkuntzaren eta erakundeen alorreko ordezkariak bildu dira Eibarren.
Toribio Echevarria Sariak-Ekintzailetza Berritzailearen Euskadi Sarien 36. edizioko irabazleak bi enpresa hauek izan dira: BATTIA Recycling Technologies —ibilgailu elektrikoen baterietatik lehengai kritikoak modu seguru, eraginkor eta jasangarrian berreskuratzeko duen teknologiagatik— , eta Inspectrail, —trenbide-azpiegituren digitalizaziorako eta ikuskapen adimendunagatik—.
BATTIA Recycling Technologies, Startup eta Enpresa Proiektuen kategorian saritu da, eta Inspectrail, Enpresa Berritzailearen kategorian, euren proposamenen izaera berritzaileagatik eta merkatuari balioa emateko duten gaitasunagatik. 12.000 euro jaso du bakoitzak, eta, horrez gain, laguntza-, finantzaketa-, aholkularitza-, mentoring- eta prestakuntza-programetarako sarbidea.
BATTIA Recycling Technologies-ek Eibarko Enpresa Saria – Made in Eibar aitortza ere jaso du: 12.000 € eta 10.000 euroko bonu teknologiko bat produktuak, prototipoak eta patenteak garatzeko.
Aitortza ekonomikoaz gain, proiektu irabazleen arduradunek sari honen ilusioa eta motibazioa nabarmendu dituzte, baita proposamenak garatzen jarraitzeko eta negozioak hazteko ematen duen bultzada ere.
Bestalde, aurten mendeurrena ospatzen duen Trust Eibarres «Iñaki Goenaga» Errekonozimenduarekin saritu da, izan duen ibilbide arrakastatsuagatik eta Made in Eibar enpresa baten balioak ordezkatzeagatik, alegia, konpromisoa, kalitatea, berrikuntza eta erresilientzia.
Jon Iraola alkateak adierazi du oso garrantzitsua dela industria eta ekintzailetza tradizio luzea duen hiri batean sari hauen edizio berri bat egitea: «Eibar beti izan da berritzen, ekiten eta garai berrietara egokitzen jakin duen herria. Gaitasun hori gure historiaren parte da eta gure etorkizuna ere izaten jarraitzea nahi dugu. Gaur saritzen ditugun proiektuek erakusten dute talentua, ezagutza eta ekimena ditugula erronka ekonomiko eta teknologiko handiei aurre egiteko. Eta bereziki garrantzitsua da izaera ekintzaile horrek Eibarren hazteko eta aukera berriak garatzeko espazio bat izaten jarraitzea».
36 urteko historian Euskadiko ekosistema ekintzailean erreferentzia gisa finkatu diren sari hauei esker, enpresa irabazleak Toribio Echevarria Sarien ibilbide luzearen parte izatera pasatuko dira. Urte hauetan guztietan zehar, 850 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira, 45 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa mobilizatzen lagundu dutenak.
Vanesa Hortas Ekonomia-Garapeneko zinegotziak azpimarratu du garrantzitsua dela talentuari eta enpresa-ekimen berriei ematen zaien laguntza honi eustea: «Toribio Echevarria Sariak errekonozimendua baino askoz gehiago dira. Proiektu berritzaileei ikusgarritasuna emateko, haien garapena errazteko eta baliabideak, ezagutza eta hazteko aukerak dituzten pertsona ekintzaileak harremanetan jartzeko modua ere badira. Eibarren laguntzen jarraitu nahi dugu lanean hasi, ikertu eta euren ideiak jarduera ekonomikoa eta enplegua sortuko duten enpresa bihurtzen ausartzen direnei».
Sari-banaketaren ekitaldian parte hartu dute Jon Iraola Eibarko alkateak, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak eta Ane Miren de Ariño Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Nazioartekotzeko zuzendariak.
Beren hitzaldietan, erakundeetako ordezkariek nabarmendu dute ekintzailetzak eta berrikuntzak garrantzi handia dutela enpresa-eraldaketaren, hazkunde ekonomikoaren eta gizarte-ongizatearen eragile gisa. Era berean, azpimarratu dute administrazio publikoek ekintzaileei laguntzeko eta enpresa-ekimen berritzaile berriak garatzen eta finkatzen lagunduko duten baldintzak sortzeko duten zeregina.
Topaketan parte hartu dute, halaber, Miguel Ángel Carrerak, AVSren sortzaile eta zuzendariak, eta Román Orusek, Multiverse Computingen sortzaileetako bat eta zuzendariak, eta «2040: Odisea bat Gipuzkoan. Zientzia, Adimena eta Gizatasuna Eraiki nahi dugun etorkizuna», moderatzaile-lanetan Koldo Peciña Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia arituko da.
Gipuzkoako etorkizuna izan dute hizpide, eta zientziak, adimenak eta talentuak berrikuntza bultzatzeko, etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta garapenerako aukera berriak dituen lurralde bat eraikitzeko duten eginkizunean jarri dute arreta.
44 hautagaitza eta 13 proiektu finalista
Toribio Echevarria Sarien aurtengo edizioak 44 hautagaitza jaso ditu, sektore estrategikoetan (Bio/Osasuna, IA Teknologia, Industria eta Jasangarritasuna, Teknologia Berriak, Sports Tech eta Trantsizio Ekologikoa) lan egiten duten enpresa eta proiektuetatik.
Proposamenek apustua egiten dute berrikuntza zientifiko-teknologikoaren eta dagozkien esparruetan soluzio berritzaileak garatzearen alde.
13 proiektu finalista aukeratu ditu ekintzailetzan eta enpresa-garapenean esperientzia handia duten pertsonez osatutako epaimahai batek. Proposamenak ebaluatzean, bereziki baloratu dira proiektuek duten enpresa-ikuspegia eta berrikuntza bultzatzeko gaitasuna.
Sariketaren historian zehar, 850 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira, 45 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa mobilizatzen lagundu dutenak.
Ekintzailetza berritzailea bultzatzea
Duela 36 urte sortu ziren Toribio Echevarria sariak, ekintzaileen lana aitortzeko, ekintzailetza berritzailea bultzatzeko eta enpresa-proiektu berriak sortzeko.
Urtero egiten da deialdia, hiru kategoriatan: «Startups eta Enpresa Proiektuak», «Enpresa Berritzailea» eta «Eibarko Enpresa – Made in Eibar».
Kategoria bakoitzak 12.000 euroko diru-zuzkidura dauka eta laguntza, finantzaketa, aholkularitza, mentoring eta prestakuntza programetara sartzeko aukera eskaintzen du.
Gainera, Eibarko Udalak ematen duen Eibarko Enpresa – Made in Eibar Sariak 10.000 eurora arteko bonu teknologikoa barne hartzen du, produktuak, prototipoak eta patenteak garatzeko.
Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako ekimena dira, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Ekintzailetza eta Nazioartekotze Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko eta Proiektu Estrategikoen Sailak ere parte hartzen dute.
Era berean, SPRIk, Gipuzkoako Ganberak, Elkargik, APDk, Debegesak, Confebaskek eta Adegi, Cebek eta SEA enpresa-elkarteek ere parte hartzen dute.