Eibarko Udala
obrak

Hasita daude Bustinduitarren kaleko berrurbanizazio-lanak

2025/10/09
Bustinduitarren kalea.
Bustinduitarren kalea.

Proiektuak 352.076 euroko aurrekontua dauka, eta 20 eta 8 eraikinetarako irisgarritasuna bermatzea bilatzen du. Esku-hartzeak egingo dira espaloietan, arrapaletan, zerbitzu-sareetan eta aparkalekuetan.

Eibarko Udalak martxan jarri ditu Bustinduitarren kaleko 20 eta 8 atarien artean egingo diren berrurbanizazio-lanak. Proiektuak 352.076,17 euroko aurrekontua du, eta haren helburu nagusia da eraikinetarako oinezkoen sarbidea hobetzea; izan ere, gaur egun aldapa handia dago, irisgarritasuna oztopatzen duena.

Espaloia handitu, eta bi zatitan banatuta geratuko da: erdia, arrapala jarraitu moduan, eta, bestea, fatxadaren ondoan, eskailera-mailekin eta plano horizontalekin. Horrela, sarbide seguruagoa eta erosoagoa bermatuko da mugikortasun urriko pertsonentzat, gurpil-aulkien erabiltzaileentzat edo haur-orgatxoak dituzten familientzat.

Jon Iraola alkateak lan hauen garrantzia azpimarratu du: “Proiektu honekin erantzuna ematen diogu Bustinduitarren kaleko auzokideen behar historiko bati, orain arte ez baitzuten sarbide irisgarririk.  Kaleko pendiz gogorrak oso zail egiten zuen oinezkoen zirkulazioa, bereziki, pertsona nagusientzat edo mugikortasun urrikoentzat. Lanek inguru horretan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzeaz gain, aurrerapauso bat dira hiri inklusiboago, seguruagoa eta herritar guztientzako egokituagoa eraikitzeko konpromisoan”.

Iraolak gaineratu duenez, "jarduera hau Eibarren egingo dugunaren eredu bat da. Hesi bat dagoen lekuan, irtenbide bat jarriko dugu. Udalerriko txoko guztietan inbertitzen eta lan egiten jarraituko dugu, Eibar atseginagoa eta ibilgarriagoa eraikitzea baita gure lehentasunetako bat."

Pedro Escribano Obretako zinegotziak berrurbanizazioaren alderdi teknikoak azpimarratu ditu: "Espazioaren banaketa modu eraginkorragoan diseinatu da: espaloi batean arrapala jarraitua egingo da, eta beste espaloian mailakatua; saneamendu- eta hornidura-sare berriak jarriko dira; linea elektrikoak lurpetik joango dira, eta 25 aparkaleku sortuko dira, haietako bat mugikortasun urria duten pertsonentzat. Hori guztia, indarrean dauden irisgarritasun- eta segurtasun-araudiak betez".

Espaloiak eta sarbideak birmoldatzeaz gain, galtzadaren zoladura osoa egin, babes-barandak jarri, hiri-altzariak berritu eta lurpeko azpiegiturak hobetzea (ura, saneamendua, telekomunikazioak eta elektrizitatea) aurreikusten du jarduketak.

Obrek eragin positiboa izango dute bide-segurtasunean, zirkulazioa antolatu, eta seinalizazio horizontal eta bertikala indartuko baita kale osoan.

Esku-hartze honen bidez, Udalak irisgarritasun-arazoak konpondu, eta  espazioa herritarren egungo eta etorkizuneko beharretara egokitu nahi du.