Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Dirulaguntzak enpresen ekintzailetza, finkapena eta ondorengotza bultzatzeko, laugarren urtez jarraian

2019/05/15

Berrikuntza nagusia da Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzaren sailak dirulaguntza-programa berri bat jarri duela martxan laneratzeko enpresak sortzeko. Dagoeneko zabalik dago dirulaguntza horiek eskuratzeko eskaera-epea 2019ko urriaren 18ra arte.

Eibarko Udalak aurten berriz ere bultzatuko du enpresen sorrera, finkapena eta ondorengotza, diru-laguntzen programa biren bidez.

Batetik, aurten Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzaren sailak aurkezten duen berritasuna da dirulaguntza berri batzuk sortu dituela laneratzeko enpresak sortzea bultzatzeko; guztira 20.000 euro dira eta haien xedea da laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna erraztea.

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, “dirulaguntzen programa berri honekin, beste urrats bat eman nahi dugu zailtasun gehien dituzten pertsonak lan munduan sartzea bultzatzeko. Eibarko Udalean konpromisoa eta inplikazioa erakusten ari gara, gure baliabide eta eskumenen neurrian, eibartarrei lan munduan sartzeko bide berriak irekiko dituzten politikak garatzeko"

Laneratzeko enpresak sortzea bultzatzeko dirulaguntzak lagundu egingo die azaroaren 11ko 182/2018 Dekretuan zehaztutako enpresa-ekimenei.  Irabazi asmorik gabeko enpresa horiek ia 10.000 eurorainoko dirulaguntza jasoko dute. 

Bestetik, eta duela lau urte hasitako ibilbide arrakastatsuari jarraituz, mantendu egiten dira ekintzailetza, finkapena eta enpresen ondorengotza laguntzeko jarduera-ildoak; guztira 95.000 euro, eta gehiago behar izanez gero, % 20 handitu daiteke kopurua.

Programa honek, aurreko edizioetan bezala, hiru dirulaguntza-lerro ditu: Ekin, Iraun eta Osteko. Lehenik, Ekin programa dago, pertsona fisikoek, juridikoek edo ondasun-komunitateek enpresak sortzera bideratua. Bigarrenik, Iraun programa, instalazioak handitu dituzten industria-enpresei bideratua, edo Eibarren lekuz aldatu diren enpresei edo beste herri batetik Eibarrera datozen enpresei zuzendua; eta, azkenik, Osteko ildoa, dauden enpresetan ondorengotza edo belaunaldi-aldaketa diruz laguntzera bideratua.

Aurten, dirulaguntza hauen onuradunek kopuru handiagoa jasoko dute, bereziki industria-enpresen kasuan; izan ere, 10.000 euroraino jasoko dute

Dirulaguntza hauek guztiak Lanbidek ematen dituenen osagarri dira; eskaerak egiteko epea zabalik dago eta 2019ko urriaren 18an itxiko da.

Aurten hasiko den beste berritasun bat da eskaerak elektronikoki egin beharko direla udal webgunearen bidez www.eibar.eus. Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.)

Programetan sartzeko baldintzak eskuragarri daude udal webgunean argitaratutako oinarrietan www.eibar.eus.