Erdi Aroa eta Aro Modernoa
Hiri-gutuna emateak gauzak aldatu egin zituen, eta handik aurrera, herria eratzen joan zen, eta etxeak eta kaleak jasotzen (Barrenkale, Elgetakale, Somera edo Txurio). Urbanizazio-prozesu horrekin, eredu juridiko autonomo berri bat sortzen joan zen, zeinean biztanleek askatasunez gauzatu ahal izango zituzten beren jarduerak, eta beren kontzejua botere feudaletik kanpo antolatu ahal izango zuten.
Hurrengo lau mendeetan, jauntxoen arteko liskarrek eta frantziarren erasoaldiek kalte handia egin arren, armagintza goratzen eta garatzen joan zen, eta Eibarko historian zeresan eta zerikusi handia izango duen lanbidea garatu zen. Armagintzaren sustraiak edo gremio nagusiak hauexek ziren: kanoiginak, kaxaginak, txispaginak eta aparejuginak. Banaketa horrek mesede egiten zion produkzioari eta beharginen prestakuntzari, bakoitzak bere ofizio jakina izaten baitzuen. Gaztelako erregeek ez zuten arazorik izaten Deba arroaren azpiegitura horri esker armak eskuratzeko. Tailer txikiak ugaritzen joan ziren, eskopetak, arkabuzak, mosketeak eta fusilak egiten zituztenak. Fabrikatzen zena saldu beharra zegoenez, merkataritzak indar handia hartu zuen; merkatua zabaltzen joan zen, ez bakarrik Espainian, baita Amerika aurkitu berrian ere.