Aro garaikidea

1766ko Matxinadak -artoaren eta gariaren garestitzeak sortutakoa-, eta 1794. urtean Frantziako tropen sarrerak herria lur jota utzi zuten. Kontzejua, eskolak eta elizaren zati bat erre egin zituzten eta 116 etxe txikituta geratu ziren auzoetan eta arrabalean. Karlisten gerrateek ere ez zioten onik egin herriari, Eibar liberala zelako. Herrian egin zen lehenengo greba deia 1897ko abuztuaren 6an izan zen, Mexikoko Quintana y Hermanos etxeari eskopetak eta esmitzak egiten zizkion tailerrean. Grebaldi hura erabakigarria izan zen sozialismoa herrian sustraitzeko orduan.

Antzinako gremioen ondorengoak izanik, eibartarrek kooperatibaren sentimendua barnean zeramaten. XIX. mendearen amaiera aldean ahalegin batzuk egin arren, 1920. urtean izandako grebarik luze eta gogorrenaren ondoren sortu zen Alfa, beharginen kooperatiba legez sortu ere. Grebaren ondorioa izan zen Alfa kooperatiba. XX. mendeko lehen garai hori oso zaila izan zen, batez ere, nazioarteko merkatuen gorabeherengatik eta armen merkataritzaren kontrolarengatik, eta armagintza zen garai hartako industria nagusia. Hala ere, lorpen sozialak garrantzitsuak dira: ordukoak dira Tuberkulosia tratazeko etxea, Arrateko kolonia, Gaixoendako etxea, Beharginen Zentroak, Liburutegiak eta Armeria Eskola bera. Hain zuzen, Armeria Eskolan ikasi zuten gerora Eibarko industria eraldatuko zuten ikasleak, zeinek ahalbidetu zuten herriko industriak, armagintzaren dedikazio esklusibotik aparte, beste produktu manufakturatuei bide ematea.

1931ko goizaldean Eibarrek II. Errepublika aldarrikatu zuen; lehena izan zen estatu osoan.Errepublikak botere-banaketaren eraldaketa sakona ekarri zuen, ordura arte horrelakorik sekula izan ez zuten langileek boterera iristeko aukera eduki baitzuten. Bartzelonan Errepublika aldarrikatu zela jakin zutenean, eibartar guztiak plazan batu, Alfonso XIII.a izena handik kendu, eta Plaza de la República jarri zioten. Errepublika aldarrikatu zuen lehenengo herria izateagatik, hiri eredugarri titulua jaso zuen Eibarrek.
Ilusio hura 1937ko apirilaren 26an hautsi zen, bonbardaketa izugarriaren ondoren Mola generalaren tropek Eibar hartu zutenean, atzean ehundaka hildako utzita. Gerrateak Eibar suntsitu eta erre egin zuen; herriaren itxura goitik behera aldatu zen. 1940ko urriaren 8an, "Regiones Devastadas" izenekoaren Zuzendaritza Nagusiak herriaren urbanizazio-proiektua onartu zuen, eta beste gauza askoren artean, Ego erreka estaltzea erabaki zuten, lurzorua gehiago aprobetxatzeko asmoz.

Zailtasunak zailtasun, Eibar laster egokitu zen bizitzea tokatu zitzaion garai berri hartara, eta industria dibertsifikatu zuen (bizikletak, autoendako piezak, etxeko tresneria...). Etorkin ugari etorri ziren herrira lan bila, industriaren gorakadaren deiari erantzunez. Biztanleria asko hazi zen. Hala ere, 1982-1983 urteetan berriro beherakada handia etorri zen, petroleoaren krisialdiak gogor eragin zuen-eta. Aldaketa politikoak, enpresa batzuek zuten babesa galtzeak, teknologia berrien faltak eta eguneratze ezak krisialdi handia ekarri zuten. Orain ostera, sektore askok -urte latz haiek ahaztuta- gora egin dute: makina-erremintak, automozioak, eraldaketa-industriek, teknologia berriek... Lehena eta oraina batzen dituen herri honetan oraindik bizirik diraute eskopetak eskuz egiten dituzten tailer txikiek, eta grabatugintzan diharduten behargin saiatuek.
Eibar aurrera doa biztanle gutxiago eduki arren, eta zerbitzuen eta industriaren hiri izan gura du; horixe da hartu duen bidea.