Herriko jaiak
Jaien artean, beste herri askotako sanjuanak eta sanandresak ere jai handiak dira Eibarren. Baina beste hiru dira benetan kutunak gure herrian: San Blas eguna, Arrateko jaiak eta Gaztaiñerre.
San Blas egunean (otsailak 3), zuriz janzten da Eibar, opilen eta opilok estaltzen dituzten zapien kolore zuriz. Etxe guztietan egiten dira oraindik ere sanblasak, anisez egindako opilak, eta ondoren elizara eramaten dira, bedeinkatu eta gaixotasunak uxa ditzan. Antzina Santa Ines ermitan bedeinkatzen ziren; egun, San Andres parrokian.
Arrate eguna (irailak 8) oraindik ere egun handia da eibartarrondako. Herri guztia (eta baita inguruko herrietako jendea ere) batzen da Arrateko elizaen inguruan (525 m) “gure zaindari onenaren” eguna ospatzera.
Azkenik, Domusantu osteko bigarren astelehenean, Gaztaiñerre eguna ospatzen dugu. Jatorriz hildakoen aldeko ondra-jana zena, gaur egun lagun taldeak elkartu eta betiko afaria (marraskiloak eta gaztaina erreak) egiteko egun aproposa bihurtu da.
Urteko jai eta ohituren kronologia luzean, ondokoak ditugu aipagai:

- Urtebarri eguna: Urtearen lehen egunean Urkora igotzeko ohitura sustraitua dago herrian.
- San Blas eguna: otsailaren 3a. Opilak egiteko ohiturak indar handia du oraindik.
- Santa Ageda: Santa Agedaren irudia Aginagako San Roman ermittan dago. Otsailaren 4an, Eibarko koadrilak kalez kale ibiltzen dira kantari.
- Aratosteak: Eguen zuri (umeak koko janzteko eguna) da egunik arrakastatsuena. Martitzenean, helduen eguna izaten da.
- San Juan: Eibarko jaietan San Juan sua eta suzko erroberak dira jaiaren muina. Lizarrako dultzaineroei herriak ematen dien ongi etorria da jaien gauzarik hunkigarriena.
- Arrateko jaiak: Irailaren 8an, eibartar guztiak joaten dira Arratera. Ohiturak dioenez, eibartarrok ez gatoz Paristik, Arrateko elizan eskegitako itasontzii txikietatik baizik.
- San Migel: Irailaren 29an, Aginagako San Migel jaiak izaten dira, denboraren joanak indarrik kendu ez dion jaia.
- San Andres eguna: Arazoaren 30a. Azken urteotan, urteroko azokari esker, indar handia hartu du jai egun honek.
- Gaztainerre: Arimen egunetik aurrera, bigarren astelehena da gaztainerre eguna. Barraskiloak eta gaztaina erreak jateko ohiturak bizirik dirau.