Grabatugintzaren teknikak oso harreman estuak ditu eskulturarekin, erreminta berdintsuak erabiltzen ditu-eta. Grabatugintzak denboran zehar iraun du, eta espezialitateetan banatu. Teknika garrantzitsuenen artean, gubil bidezko grabatua eta grabatu kalkografikoa aipa ditzakegu.
Gubil bidezko grabatua ehiza-eskopetetan erabili da eskuarki, arma-pieza hori baliotsu bihurtzen duten edergarri, arabesko, eta figurak irudikatzeko. Espezialitate honetan jarduten duen grabatzaileak 18 edo 20 zentimetro dituen gubilari eusten dio ezkerreko eskuaz, eta mailu txiki baten kolpe arin eta jarraiekin, aldez aurretik arkatzez nahiz markatzaile zorrotzez marraztutako irudiak taxutzen ditu piezaren gainean.
Grabatu kalkografikoa urregintzatik dator. Grabatu-estilo honen finkapena, Debabarrenean, 1979an, Armeria Eskolan, Gabriel Ramos Uranga eta Mari Puri Herrero irakasleek emandako ikastaro bati zor zaio bereziki. Ikastaro horren bitartez, inguruko artisauei grabatu kalkografikoaren hastapenak erakutsi zitzaizkien.
(LARRAÑAGA, Ramiro eta ALUSTIZA, Nerea egileek idatzitako "El grabado en Eibar. Nuestros grabadores" [Grabatugintza Eibarren. Gure grabatzaileak], liburutik ateratako informazioa, Eibarko Udalak (Ego Ibarra Batzordea) 1996an argitaratua).