Eibarko Udala
dirulaguntzak

‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ izeneko programaren beste edizio bat jarriko du martxan Udalak, familiei eta herriko merkatariei laguntzeko

2026/09/14
Kartela.

Laguntza hauekin arropa, eskolarako materiala, oinetakoak eta bestelako produktuak erosi ahal izango dira Eibarko dendetan. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 70 eurora igo da onuradun bakoitzeko, eta eskaerak egiteko epea irailaren 14tik urriaren 16ra izango da.

Eibarko Udalak ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ laguntza ekonomikoen beste edizio bat jarriko du martxan irailean. Ekimen honek 25 urtetik gora daramatza Eibarko familiei laguntzen ikasturtearen hasieran eta, aldi berean, herriko merkataritzan kontsumoa sustatzen.

Aurten, laguntzaren gehieneko zenbatekoa aurreko edizioaren 60,10 eurotik 70 eurora igoko da ikasle onuradun bakoitzeko. Laguntzak Eibarko saltokietan erosketak egiteko erabili ahal izango dira.

Programek 305.579,30 euroko udal zuzkidura ekonomikoa dute; kopuru horretatik 215.639,40 euro ‘Umeak Eskolara’ programari dagozkio, eta 89.939,40 euro ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programari.

Laguntza hauen helburua da familiek ikasturtea hastean egin behar duten gastu handia arintzen laguntzea, apalki bada ere. Aldi berean, ekimenak aukera ematen du tokiko merkataritza babesteko eta gastu horren parte bat Eibarko establezimenduetan egin dadin laguntzeko.

 “Aurten ere, Eibarko Udalak familiekin eta tokiko merkataritzarekin duen konpromisoari eusten dio bi laguntza-programa hauen bidez; izan ere, 25 urte baino gehiago daramatzate ikasturte hasieran familiei laguntzeko udal-politiken parte izaten”, esan du Jon Iraola alkateak.

 “Badakigu familia askok esfortzu ekonomiko handia egin behar dutela irailean, bereziki ikasturte hasieran izaten diren gastu guztiengatik. Hori dela eta, aurten indartu nahi izan dugu laguntza hori eta gehieneko zenbatekoa 70 eurora igo. Ekarpen garrantzitsua da familia askorentzat”, adierazi du.

Bestalde, Vanesa Hortas Garapen Ekonomikorako zinegotziak laguntza horien onura bikoitza nabarmendu du: “Programa hauekin familien esfortzu ekonomikoa arintzea lortzen dugu eta, aldi berean, gure hurbileko establezimenduetan kontsumoa sustatzea. Eibarko familiei zein merkataritzari laguntzeko modu zehatz eta eraginkorra da”.

Arropa, oinetakoak, eskolako materiala (testu liburuak izan ezik), betaurrekoak, lentillak edo kirol ekipamendua erosteko erabili beharko dira laguntzak, betiere erosketak Eibarko dendetan egitekotan.

 ‘Umeak Eskolara’ programa honako baldintza hauek betetzen dituzten haurren gurasoei, tutoreei edo familia-harrerako pertsonei (harrera-zentroak izan ezik) zuzenduta dago: 2011ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak izatea; eta 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra bitartean etenik gabe Eibarren erroldatuta egotea.

 “Dirulaguntzak ikasleei” programaren kasuan, hartzaileak honako hauek dira: irakaskuntza arautuetako edo okupazionaletako ikasketak egiten ari diren ikasleak (gutxienez 600 orduko iraupena), master edo doktoretza homologatuak egiten ari direnak (ikasturtearen antzeko iraupena), eta helduentzako zentroetan (HHI) eta zentro publikoetan ikasketak egiten ari direnak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte: 2001eko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean jaioa izatea eta 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ra bitartean etenik gabe Eibarren erroldatuta egotea.

Bi programetako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea 2026ko irailaren 14an hasi eta urriaren 16an amaituko da, nahiz eta 2026ko irailaren 1etik urriaren 16ra bitartean egindako erosketen fakturak onartu. Laguntza eskatzeko dokumentazioa Udalak Errebal Plazaren lokaletako batean prestatutako bulegoan entregatu beharko da. Aurreko edizioan baino epe laburragoa da, eta, beraz, Udalak azken egunetara arte ez itxaroteko deia egiten die interesdunei.

Bi laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko ordutegia hauxe izango da:  astelehen, asteazken eta ostiraletan 9:30etik 13:30era; eta astearte eta ostegunetan 9:30etik 13:00era eta 15:00etatik 18:30era. Bulegoa irekita egongo da eskaerak aurkezteko epe osoan, irailaren 14tik urriaren 16ra.

Ekimenak Eibarko merkataritzan duen eragina ere nabarmendu du alkateak: “Familiei laguntzen diegu eta, aldi berean, gastu hori gure hirian egin dadin laguntzen ari gara. Ahal den guztietan, erosketak Eibarko saltokietan egitea nahi dugu, gure dendetan kontsumitzea gure merkataritza-sarea, gure auzoak eta gure hiriko jarduera bizirik mantentzeko modua ere badelako”.

Eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute: eskabide-orria beteta; matrikularen egiaztagiria (‘Dirulaguntzak ikasleei” laguntzen kasuan); saltokiak egindako fakturak dirulaguntzaren titularraren izenean, non argi eta zehatz jasoko diren erositako produktuak; eta libretaren edo banku-kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen dokumentua Ikaslea adin txikikoa bada, eta kontuaren titulartzat azaltzen dena tutorea edo harrerako pertsona/familia bada, hori egiaztatzen duen dokumentazioa.

 “Onura oso argia duten dirulaguntzak dira: alde batetik, familiei laguntzen diete gastu askori aurre egin behar dioten urteko une batean, eta, bestetik, gure merkatariei eta hurbileko establezimenduei on egiten diete. Uste dugu bi gai horiek batera doazela eta Udalean eibartarren eguneroko bizitzan eragin zuzena izango duten neurriak bultzatzen jarraitu behar dugula”, esanez amaitu du.

Aurtengo edizioarekin, Eibarko Udalak familiei babesa ematea eta tokiko merkataritza bultzatzea uztartzen dituzten laguntzen aldeko apustuari eusten dio, eta, aurten, gainera, onuradun bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 70 eurora arte igo da.