Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian herritarrei biodibertsitateari buruzko informazioa bideo bidez helarazteko

2020ko Ingurumen jardunaldien kartel informatiboa.

2020ko Ingurumen jardunaldien kartela.

2020/06/05

Kanpaina hau gaur, ekainak 5, ospatuko den Ingurumenaren Mundu Egunaren harira diseinatu da. Horretarako, atal bat sortu da Udalaren webgunean, eta ekainean eta uztailean, ingurumenari buruzko ikus-entzunezko material ugari argitaratuko da bertan. Lorea Arakistain kazetariak elkarrizketak egingo dizkie biodibertsitatean adituak diren Euskal Herriko 6 pertsonari, eta Udalaren webgunean jarriko dira. Gainera, bideo laburrak ikusi ahalko dira Instagramen, naturaren ezaugarri edota elementu batzuk ezagutzera emateko.

Gaur, hilak 5, ospatzen da Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, aurten ardatz gisa biodibertsitatea hartu duena. Helburua da gaur egun gertatzen ari den biodibertsitatearen galeraren berri ematea, izan ere, giza jardueraren ondorioz, planeta aldatzen ari da eta sekula ikusi ez bezalako biodibertsitate-galera bat eragiten, gizakiaren osasunean ere eragiten ari dena.

Arazo horren jakitun, Eibarko Udaleko Ingurumen sailak sentsibilizazio-kanpaina bat jarri behar du abian hil honetan bertan, biodibertsitatea ardatz nagusitzat hartuta. Horretarako, sei elkarrizketa egin zaizkie gaian adituak diren pertsonei. Ikus-entzutezko edukia Udalaren webguneko “Ingurumen Jardunaldiak” izeneko atalean egongo da ikusgai, baita Udalaren Youtube kanal ofizialean ere.

Lehenengo bideoa ekainaren 15ean argitaratuko da. Euskaraz izango da, eta “Eibar inguruko txoriak” izenarekin, Asier Sarasuak, Biologian lizentziatua eta Zoologian espezializatuak,  Eibarren eta Arrate inguruan aurki daitezkeen txorien eta hegaztien gainean hitz egingo du.

Hurrengo elkarrizketa ekainaren 22an egongo da eskuragarri. Hau ere euskaraz egingo da eta Miren Bego Urrutiak, Biologian doktore eta UPV-EHUko irakasle titularrak, animalien egokitzapenari buruz hitz egingo du, lurrean agertu zirenetik gaurdaino; elkarrizketaren izenburua “Animalien egokitzapenak 600 milioi urtez” izango da.

Hirugarren elkarrizketaren izenburua “Gipuzkoako ibilbide homologatuen sarea” izango da. Bertan, Urdin Elortzak, Gipuzkoako Mendizale Federazioko Ingurumen eta mendi-ibilaldietako teknikariak, informazioa emango du Gipuzkoak eta Debabarreneko mendi-ibilbideen Sareari buruz. Solasaldia euskaraz izango da, eta ekainaren 29tik aurrera egongo da ikusgai.

Uzataileko lehen elkarrizketa hilaren 6an argitaratuko da “Baserritarrak gure ingurumenaren zaintzaile” izenburuarekin. Agurtzane Etxaniz Debemeneko gerenteak euskaraz jardungo du baserritarrek duten garrantziaz biodibertsitatearen, paisaiaren eta landa-ingurunearen zaintzan.

Uztailaren 13an, gaztelaniaz, Asier Hilario, Euskal Herriko Unibertsitateko Geologian doktore eta Euskal Kostaldearen Unescoko Geoparkeko zuzendari zientifikoari egindako elkarrizketa argitaratuko da. “Geodiversidad. La naturaleza detrás de la naturaleza” izanburupean, Eibarko, Debabarreneko eta Euskal Kostaldearen Unescoko geoparkearen ondareaz hitz egingo du.

Azken elkarrizketa erderaz izango da eta uztailaren 20tik aurrera egongo da eskuragarri, “Ante el reflejo de la crisis socioeconómica” izenarekin. Elkarrizketatua Unai Pascual izango da, Ikerbasqueko, BC3 Basque Centre for Climate Change-Klima Aldaketa Ikergai erakundeko eta Unibertsitateko ikertzaile elkartua. Solasaldi horretan, gaur egungo sistema sozioekonomikotik naturaren muga biofisikoekin bat datorren sistema batera igarotzearen garrantziaz hitz egingo da.

Elkarrizketa guztiak Lorea Arakistain kazetariak egingo ditu, formatu dinamiko eta atsegin batean, publiko orokorrari zuzendua.

Bideo bakoitzaren atalean, lotura bat erantsiko da gaiari buruzko informazio eta datu gehiago jakin nahi duenak horretarako aukera izan dezan.

Bestalde, eta, eduki zabal horiez gain, Eibarko Udaleko Instagram kontuan, astero eta uztailaren 30era arte, 8 bideo labur ikusi ahal izango dira, 30 segundo ingurukoak, non modu labur eta argian informazioa emango zaien herritarrei, Eibar inguruan aurki daitezkeen bioadierazleei buruz.

Bioadierazle bat naturaren elementu bat da, begetala, onddoa edo animalia, zeinaren bidez gure inguruneko ingurumen-kalitatea neurtu dezakegun. Horren adibide dira likenen presentzia arbolen enborraren ipar partean, haiekin airearen kalitatea neurtu baitaiteke.

Gaur egun biodibertsitatearen galera-prozesua azkartzen ari da mundu osoan, gobernuek ingurumena zaintzeko konpromisoak hartu arren.