Eibarko Udala
kirolak eta familia

Kirola Familian: asteburuak familia-giroan igarotzeko espazio ireki bat

2025/12/02
Kirola familian logotipoa.

Larunbat eta igandeetan, 2 eta 5 urte bitarteko haurrek aukera izango dute doako espazio seguru batez disfrutatzeko udal-kiroldegian. Familien inplikazioak garrantzi handia du zerbitzua irekitzeko eta haren funtzionamendu egokia bermatzeko.

Eibarko Udalak Kirola Familian ekimena antolatu du, alegia,  2 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzendutako espazio bat. Asteburuak familia-giroan igarotzeko aukera polita eta segurua eskaintzen du zerbitzuak. Udal-kiroldegiko bazkide izan gabe ere parte har daiteke, eta sarrera doakoa da.

Zerbitzua Ipuruako gimnasioan emango da, larunbat eta igandeetan, 17:30etik 19.30era, otsailera bitartean.  Egun hauetan egongo da irekita: azaroaren 29an; abenduaren 7, 13-14, 20-21 eta 27-28an; urtarrilaren 3-4, 10-11, 17-18, 25 eta 31n; eta, otsaileko asteburu guztietan. Zerbitzua eskaini ahal izateko familia boluntarioak behar dira; horrela izan ezean, espazioa itxita egongo da.

Espazioaren ardura hartzea oso erraza da: atezaintzan karpeta urdina eskatu, estatistika-orrian bertaratutako ume kopurua jaso (izenik gabe), araudia betetzen dela ziurtatu, jatea edo baloi handiekin aritzea saihestu eta  txikiak squash kantxetatik kanpo daudela ziurtatu. Horrez gain, zentzuz jokatu behar da sortzen den edozein egoeraren aurrean. Karpeta urdinean lana errazteko xehetasunak eta gomendioak daude.

Jon Iraola Eibarko alkateak horrelako zerbitzuen garrantzia azpimarratu du.  “Kirola Familian” adibide argia da ikusteko nola sustatzen dugun familiek modu aktiboan parte hartzea herriko bizimoduan, horretarako txikienentzako espazio seguru eta dibertigarri bat eskainiz eta baita asteburuak familiartean igarotzeko gune bat ere.  Horrelako ekimenen bidez, indartu egiten da komunitatearekin eta umeen ongizatearekin dugun konpromisoa”.

Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak zerbitzua martxan jartzeko lankidetzak duen garrantzia nabarmendu du: Kirola Familian zerbitzuaren arrakasta familien inplikazioaren araberakoa da. Haien laguntzarekin inguru seguru, dibertigarri eta antolatu bat bermatu diezaiekegu bertaratzen direnei. Asteburu bakoitza elkarrekin disfrutatzeko, ikasteko eta jolasteko aukera izan dadila nahi dugu”.

Ekimen honekin, Eibarrek aisialdirako familia-giroko alternatiben aldeko apustua egiten du, neguko hilabeteetan jarduera fisikoa, sozializazioa eta gozamen partekatua sustatuz.