Eibarko Udala

Udalak merkataritza biziberritzeko plan berri bat onartu du 2024ra arteko indarraldia izango duena

2021/04/29
Toribio Etxebarria kalea.
Gaur aurkeztu den Plan berria (PERCO) pandemiaren ondorioetara eta sektorearen premietara egokitu behar izan da. Planak, zeinean Eibarko merkataritzako hainbat sektorek parte hartu duten, aukera emango dio Udalari sektorearen eskariei erantzuteko eta haren biziberritzerako neurriak hartzeko.

Eibarrek Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezi bat (PERCO) du, 2024ra arteko indarraldiarekin, aukera emango duena datozen urteetan sektorea biziberritzeko neurriak hartzeko, betiere pandemiak Eibarko komertzioetan izan dituen ondorioetara egokituz. Udalbatzak aste honetan onartu du plana.

Eibarko 2019-2024 PERCO plana gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak, Ana Telleria Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotziak, Leire Ojanguren Eibarko Merkataritza Bulegoko teknikariak, eta Maria López eta Teresa Gorospe IKEI enpresako ordezkariek.

Plan berria IKEIk diseinatu du eta lanketa-prozesuan herriko sektore esanguratsuenetako merkatariek parte hartu dute, baita udalerriko gune desberdinetakoek ere; haren bidez, merkataritzan dauden kezka eta eskariak jaso nahi izan dira, hortik abiatuta Udalak sektorea suspertzeko beharrezkoak diren neurriak eta politikak martxan jartzeko.

Eibarko Merkataritza Biziberritzeko Plana, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua, 2019. urtearen amaiera aldera hasi zen, aurrekoaren berrikuspen gisa, eta 2020an amaitzea aurreikusten zen. Alarma-egoeratik eratorritako etenaldiak 2020ko abendura arte luzatu zuen Jaurlaritzari aurkezteko epea.

Alarma-egoerak erabat aldatu zuen hasierako diseinuan aurreikusita zegoen ikuspegia, eta zaildu egin zuen lana, aurrekaririk eta antzeko ezagutzarik gabeko eszenategi batean. Horren harira, komenigarritzat jo zen plan berria goitik behera berrikustea.

Udalbatzak onartutako PERCOan agerian geratu da txikizkako merkataritza izan dela pandemiak gehien kaltetutako jarduera ekonomikoetako bat, eta etorkizuna, batetik, kanpoko eragileen esku dagoela, eta, bestetik, kontrolatu ezin diren zirkunstantzia batzuen mende. “Baina baita ere —azaldu dute—, sektorearen eta haren komertzioen esku”. “Txikizkako enpresentzat eta etorkizuneko herrientzat, geroa desberdina izango da, eta ez du zerikusirik izango orain arte ezagutu dugunarekin, errealitate, eskari eta gizarte eta ohitura berriei egin beharko baitie aurre”.

Askotariko ordezkaritza izan du planak, bai sektoreei dagokienez bai negozioa kokatzen den tokiari dagokionez, eta, horrekin guztiarekin,  idatzi duen taldeak hainbat galderari erantzun nahi izan die.  Hala nola, zein dira aldaketaren eta biziberritzearen faktore eragileak enpresetan?, nolakoa izango da eszenategi berria bai familientzat bai komertzioentzat?, nolakoa izango da eredu sektorial berria, nolakoak premia berriak edo lehentasuna izango duten jarduerak?

Eibarko Udalak galdera horien erantzunak ezagutu nahi izan ditu, helburu izanik “merkataritzari laguntzea neurri egokienekin unerik egokienean, sektorea suspertzea eta biziberritzea bermatzeko, eta Eibarrek betidanik izan den elkarbizitza-espazioa izaten jarrai dezan, eta bisitatzen gaituzten pertsonek bertan aurkitzen duten erakargarritasuna edukitzen jarrai dezan. 

Gaur aurkeztu den plan berriak Covid-19ak sortutako eszenategi berria deskribatzen du, aldaketari aurre egiteko estrategia, eta eszenategi horretara egokitzeko beharrezkoak diren proposamenak.