Eibarko Udala
HLH

Eibarrek lanean jarraitzen du UNICEFen “Haurren Laguna den Hiria” aitorpena lortzeko

2025/10/20
Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.

Udalak haurren eskubideen aldeko konpromisoa indartzen jarraitzen du, udal-bizitzan haurrek parte-hartze aktiboa izan dezaten. Haurren Kontseiluak ikasturte berria hasi du, elkarbizitza, aniztasuna eta kulturartekotasuna oinarri.

Ikasturte berriari hasiera emateko, Eibarko Udalak gogotsu heldu die UNICEFek emandako Haurren Lagun den Hiria aitorpena lortzeko beharrezkoak diren ekintzei. Bereizgarri hau ematen zaie haurren eta nerabeen garapen komunitarioan haien eskubideak, babesa eta parte-hartze aktiboa bermatzera bideratutako politika publikoak modu iraunkorrean sustatzen dituzten herriei.

Zigilua eskuratzeak elkarrekin egindako lan-prozesu bat dakar, bi ikasturtetan zehar burutzen dena. Ikasturte horietan, udalak hainbat ekimen bultzatuko ditu udal-arlo desberdinetatik. Onarpen formaletik harago, helburu nagusia da haurren begirada etengabe txertatzea tokiko politiketan, eta, horrela, hiri inklusiboagoa, adeitsuagoa eta gazteenen premiez kontzienteagoa sustatzea.

2024-2025 ikasturtean, udalak urrats erabakigarriak eman zituen norabide horretan. Diagnostiko sozial bat egin zen, ahalbidetu zuena Eibarko haurren errealitatea ezagutzea;  sailarteko mahai bat osatu zen udal-arlo desberdinetako ahaleginak koordinatzeko; Haurren Plan bat idatzi zen, jarduteko lan-ildoak jasotzen dituena, eta Haurren Kontseilua sortu zen, alegia, parte-hartze organo bat herriko Lehen Hezkuntzako zentroetako ordezkariak biltzen dituena. 

Kontseilu horrek lau saio egin zituen urtean zehar, non haurrek beren ongizaterako garrantzitsutzat hartzen dituzten gaiei buruz jardun zuten. Azken pleno txikian zuzenean partekatu zituzten beren hausnarketak eta proposamenak Jon Iraola alkatearekin eta Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziarekin.

Saioak amaitu ondoren, ebaluazio-galdeketa bat egin zen, bai ikasleek bai ikastetxeek esperientziaren alderdirik onenak jaso ahal izateko. Haurrek positiboki nabarmendu zuten beste ikastetxe eta jatorrietako haurrak ezagutzea, eta bereziki Eibarren dagoen kultura-aniztasunaren aberastasuna. “Gustatu egin zaigu beste hizkuntza batzuetan hitz egin eta ohitura desberdinak duten haurrak ezagutzea; izan ere, azken finean, guk ditugun kezka berberak dituzte”, laburbildu zuen parta-hartzaileetako batek.

Bestalde, ikastetxeek balioan jarri zuten Haurren Kontseiluak espazio erreal bat eskaini izana, umeek udalerriko bizitzan aktiboki parte har dezaten, eta haien ordezkari politikoek entzun izana, horrela erabakiak hartzeko prozesuaren zati sentitu baitira. 

Iazko ikasturtearen arrakasta ikusita, Eibarko Udalak berriz ere ekingo dio etapa berri bati, lehen bezain gogotsu. Ikasturte berriko lehen ekitaldia Haurren Kontseiluaren osoko bilkura izango da, urriaren 25ean, zeinean alkateak umeek maiatzeko azken topaketan egindako galderei  erantzungo dien.

Aldi berean, sailarteko mahaiak bere bilera-egutegiarekin jarraituko du, modu koordinatuan lan eginez, Haurren Planean jasotako ekintzak inplementatzeko. Horrez gain, familien parte-hartzea zabaltzea aurreikusten da. Izan ere, aurten ere egindako jardueren gaineko galdeketa bat jasoko dute.

Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziak prozesu honen balioa azpimarratu du: “Neska-mutikoak modu aktibo eta parte-hartzailean ordezkatzeko haurren kontseilu bat izatea balio handiko tresna bat da arreta jartzeko udalak haurrentzat antolatzen dituen ekintza guztietan.  Haurrak politika publikoen erdigunean izatea ezinbestekoa da haien eskubideak ez ahazteko, besteak beste gizartean aktiboki parte hartzeko eskubidea”.

Gainera, Archelik adierazi du programak balio oso garrantzitsuak sustatzen dituela Eibarko etorkizunerako: “Haurren eskubideak, berdintasuna eta  jasangarritasuna babestea eta ingurune seguruak sortzea defendatzen duen proiektu batean parte hartzeak onurak baino ezin ditu ekarri.  Hiri abegikor, adeitsu eta ekitatiboago batean inbertitzen ari gara, umeak beren garapenaren protagonistatzat hartzen dituena".

Jon Iraola alkateak, bestalde, udalak UNICEFen aitortza jasotzeko duen konpromisoa berretsi du: “Hiri-eredu bat eraikitzen ari gara haurrak entzun eta baloratuko dituena.  Gure helburua da neska-mutikoak ingurune egoki batean bizitzea, beren kezkak adierazi ahal izateko, parte hartzeko eta herriko eguneroko bizitzaren partaide sentitzeko. Haurren Laguna den Hiriaren aitortza eskuratzea ez da soilik helburu instituzionala; gure etorkizuna nola eraiki ulertzeko modu bat ere bada, haurrak erdigunean jarriz”.

2025-2026 ikasturtean, Haurren Kontseiluak erabaki du arreta jartzea bizikidetzaren eta kulturartekotasunaren arloan, funtsezko bi balio baitira udalerrian gizarte-kohesioa eta elkarrekiko errespetua indartzen jarraitzeko.