Udaltzaingoaren esku-hartze azkarrak bizia salbatu dio gizon bati Urkin

Udaltzaingoaren esku-hartze azkarra funtsezkoa izan da bihotz-biriketako geldialdia izan zuen gizon bat ez hiltzeko, Urki auzoan.
Asteazken honetako (urriak 15) 22:44an, Eibarko larrialdi-zerbitzuek dei bat jaso zuten herriko bizilagun batek izandako bihotz-biriketako geldialdi baten berri emateko. Hamar minutu igaro aurretik, Udaltzaingoaren patruila bat ezbeharra izan zuen gizonaren etxean zegoen. Agenteek desfibriladore erdiautomatiko bat (DESA) jarri, eta bihotz-arnasetako bizkortzea (RCP) egiten hasi ziren.
DESA aparailua hirutan aktibatu zen, harik eta sistemak ohartarazi zuen arte gaixoak pultsua berreskuratu zuela. Behin egonkortuta, Donostiako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, mediku-arreta jasotzen jarraitzeko.
Osasun-iturrien arabera, goizaldeko lauretan konfirmatu zen gizona bizirik eta egonkor iritsi zela ospitalera.
Jon Iraola Eibarko alkateak publikoki eskertu nahi izan die esku-hartzean aritu ziren udaltzainei: “ Zorionak, eta, aldi berean, eskerrak eman nahi dizkiet gure udaltzainei izan zuten esku-hartze bizkor eta profesionalagatik. Haien prestaketa eta erreakzionatzeko gaitasuna funtsezkoak izan dira bizitza bat salbatzeko. Honelako esku-hartzeek zerbitzu publikoaren balioa erakusten dute, eta, baita gertuko polizia eraginkorra izatearen garrantzia ere”.
Iraolak “lehen sorospenetan eta desfibriladoreen erabileran formazioa jasotzen jarraitu beharra” azpimarratu du, gogoraraziz “honelako egoera larrietan minutu bakoitza dela garrantsitzua.”