Eibarrek, beste behin ere, bat egingo du Euskadiko Klima eta Energiaren Asteklimarekin

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez, hainbat jarduera antolatuko ditu Asteklima urriaren 17tik 26ra egingo dela aprobetxatuz. Klima-aldaketaren aurkako borrokaren programazioan herritarrentzako jarduera eta ekintza ugari egongo dira, hala nola tailerrak, ipuin-kontalariak, bisita gidatuak eta publiko guztientzako bestelako mikro-topaketak, tokiko eta lurraldeko hainbat erakundetan.
ASTEKLIMA Klimaren eta Energiaren astea 2025eko urriaren 17tik 26ra bitartean egingo da, seigarren aldiz, ‘Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da’ lelopean. 2019ko martxoan jaiotako ekimena da, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia-Trantsizio eta Jasangarritasun Sailak antolatzen du EEE (Energiaren Euskal Erakundea) eta Ihobe (Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoa) erakunde publikoen bitartez. Ekimenaren helburua da euskal gizartea kontzientziatzea eta mobilizatzea beharrezkoa den trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean.
Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez, hainbat jarduera egingo ditu urriaren 17tik 26ra bitartean, eibartarrak gaur egun dugun erronka handienetako baten inguruan sentsibilizatzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko konpromiso pertsonalak hartzearen garrantziaz ohartarazteko.
Eva Juez Ingurumeneko zinegotziaren hitzetan, “Asteklima urteklima izan beharko litzateke. Ezin dugu guardia jaitsi. Kontzientziazioa, pedagogia eta informazioa ezinbestekoak dira denok kontziente izan gaitezen horrelako ekintzek eta kanpainek duten garrantziaz”.
Horrela, bada, urriaren 17tik 26ra bitartean Udal Liburutegian Asteklimaren Interesgune bat jarriko da herritarrentzat, zeinean aldaketa klimatikoaren inguruko zenbait liburu erakutsiko diren (fikziozkoak zein ez-fikziozkoak), baita irakurketa-gida bat helduei zein umeei zuzendua. Liburuetan eduki hauek landuko dira: hiri eta komunitate jasangarriak, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak eta klimaren aldeko ekintzak.
Gida hau udal-webgunean ere egongo da eskuragarri, lotura honetan: https://www.eibar.eus/eu/kultura/jsm-liburutegia/argitalpenak/irakur-gidak/2025-asteklima_irakurketa-gida_webgunerako.pdf
Urriaren 24an, ostirala, 17:00etatik 19:30era bitartean, Errebal plazan, “Klima-aldaketaren inguruko zientzia-tailerrak familian” ekimena egingo da. Esperimentu praktikoen bidez, hainbat fenomeno zientifiko eta ingurumenekoen berri emango da, irtenbide jasangarriei buruzko hausnarketa bultzatze aldera, birziklatzea edo material biodegradagarriak, esaterako. Tailerretako bakoitzak 25 minutuko iraupena izango du, eta aukerako 5 txandatan eskainiko dira, 10:00etatik 19:00etara. Euskaraz izango dira, eta 5 urtetik gorako umeei zuzenduta egongo dira.
Urriaren 26an, igandean, 09:30ean, Lurgaia Fundazioa y Eibarko Baso Biziak elkarteekin elkarlanean, espezie exotiko inbaditzaileen (EEI) kontrol-jardunaldi bat egingo da. Ondoren, lehengoratzen ari diren lurrak bisitatuko dira, Baso Ekosistemek klima-aldaketaren aurrean ematen dituzten erantzunei buruz hitz egiteko. Kasu honetan, EEIk basoetan duen rola eta horrek klima aldaketan duen eragina aztertuko dira, eta, aldi berean, ale batzuk kontrolatuko dira, zutik eta lurrean zur hila sortuz; baso helduetako karbono-gordailuak.
Orain dela bi urte sortutako Pagaegikorta proiektua ere bisitatuko da, eta aldaketa globalean basoek duten eraginaz hitz egingo da. Herritar guztientzako jarduera da, 4 ordu ingurukoa. Elkartzeko gunea Urkora igotzeko aparkalekua izango da, Ixuan, 09:30ean. Plazak mugatuak dira. Izen-emateak urriaren 23ra arte egin ahal izango dira (egun hori barne) info@lurgaia.org helbidera e-mail bat bidaliz, parte-hartzaileen izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat adieraziz. Parte hartu ahal izateko beharrezkoa da emailez konfirmazioa jasotzea. Jarduera euskaraz eta erderaz egingo da.
Azkenik, Asteklimaren testuinguruan, Eibarko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek eskoletan bertan emango diren tailer zientifiko batzuetan hartuko dute parte.
Jarduera hauek egin ahal izateko, Udalak dirulaguntza eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia-Trantsizio eta Jasangarritasun Sailari.
Informazio gehiago ingurumena@eibar.eus helbidean eta 943 70 84 08 telefonoan.