Udalak obrak egingo ditu Legarre 8 zenbakiko terraza inpermeabilizatzeko eta garajeetako filtrazioak konpontzeko

Obraren aurrekontua 479.752 eurokoa da. Frontoi eta sarbide gisa erabiltzen den estalkiko filtrazioek kalteak eragin dituzte azpian dauden aparkalekuen sabai eta hormetan.
Eibarko Udalak iraungitze-data jarri die Legarre 8 garaje-eraikineko hezetasun- eta filtrazio-arazoei. Soluzioa erradikala eta behin betikoa izango da: aparkalekuaren sabai gisa funtzionatzen duen terraza eraitsi eta berria eraikitzea. Udalak 479.752,71 euro inbertituko ditu iragazgaizte integraleko proiektu honetan. Izan ere, itogin kroniko batzuk egon dira terrazan, 63 garaje-plazetako sabaiak eta trenkadak kaltetu dituztenak.
Azterlan teknikoek berretsi dutenez, frontoiaren sabaia eta Egogaineko sarrera nagusia den terraza da arazo guztien erruduna. Haren diseinuak —ia ez dago maldarik, eta dauden batzuk negatiboak dira— euri-ura behar bezala hustea eragozten du; ondorioz, ura pilatu egiten da, eta dilatazio-junturatik garajearen barrualdera iragazten da.
Azaleraren zati handi batek % 0,2tik beherako maldak ditu, eta hori ez da nahikoa ura husteko. Egoera honek kalte nabarmenak eragin ditu garajeko sabaien eta hormen estalduran, eta baita fatxadaren desplazamendua ere Legarre kalerantz.
Jon Iraola alkateak argi laga nahi izan du obra ezinbestekoa dela. “Horrelako eraikuntza-patologia baten aurrean, ez dago erdibiderako tarterik. Sendotasunez jokatu behar dugu, espazio honen segurtasuna eta osasungarritasuna berreskuratzeko. Ia 480.000 euroko inbertsioa ezinbesteko partida bat da.”
Pedro Escribano Obretako zinegotziak hurrengoa esan du: “Terrazaren inpermeabilizazio-lanek ez diote inolaz ere eragingo garajeko okupatzaileen edo Egogaineko egoiliarren igarotzeari. Obran zehar, segurtasuna bermatuta egongo da”.
Hartu den soluzioa integrala da. Ez da geruza isolatzaile berri bat jartzera mugatuko; zoladura osoa eta beheko mailaren goratuak eraitsiko dira, beste zoladura bat egiteko, malda egokiekin (% 1,5etik gorakoak). Zolata horren gainean, xafla asfaltiko bikoitza jarriko da eta hormigoi inprimatuzko zoladura berria. Terrazaren bi mailak lotzen dituzten arrapala eta eskailerak ere berreraikiko dira, dilatazio-junturaren mantentze-lanak errazteko, hortik iragazten baita ur gehien.